Euskara

Uemak ehun kide baino gehiago izango ditu martxoaren 25etik aurrera

Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituko dira mankomunitatera. Langa sinbolikoa gainditu izana ospatzeko, ekitaldia egingo dute Azpeitian.

Arrankudiagako, Arruazuko, Doneztebeko eta Etxebarriako alkateak Uemako arduradunekin elkartu dira gaur Arruazun. UEMA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 14a
12:57
Entzun

Arrankudiaga (Bizkaia), Arruazu (Nafarroa), Doneztebe (Nafarroa) eta Etxebarria (Bizkaia) Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide bihurtuko dira martxoaren 25ean. Udal horiekin, ehun kide baino gehiago izango ditu Uemak, eta langa sinbolikoa gaindituko du. Zehazki, 101 udalek osatuko dute mankomunitatea, eta guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatuko dute. Hori ospatzeko, ekitaldia egingo dute Azpeitian (Gipuzkoa) martxoaren 25ean, «udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari eta herri honi egiten dioten ekarpena nabarmentzeko».

101 udal horiek «euskaratik eta euskaraz herri honi egiten dioten ekarpena» aitortzea eta eskertzea izango da Azpeitiko ekitaldiaren helburuetako bat, Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren arabera. Horregatik, udaletako alkate eta ordezkariez gain, herri horietako euskalgintzako kideak ere izango dira Soreasu antzokian egingo duten ekitaldian. Gaur, Arrankudiagako, Arruazuko, Doneztebeko eta Etxebarriako alkateak Uemako arduradunekin elkartu dira Arruazun, eta lau alkateek adierazi dute «gogotsu» daudela Uemarekin lanean hasteko. Azaldu dute udalei «eredugarri» izatea dagokiela, eta, horretarako, hainbat neurri areagotuko dituztela, udalerriak euskalduntzeko zerbitzuak Uemarekin landuta.

Udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmendu du Lazkanok: «Euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten dela adierazten dute adituek eta soziolinguistek. Ekoitzi ez ezik, biziberritu ere egiten da euskara udalerri euskaldunetan, belaunaldiz belaunaldi, modu naturalean». Erantsi du horrek «egundoko eragina» daukala euskararen erabileran, udalerri euskaldunetan herritarrek beste herri batzuetara zabaltzen dutelako euskara. Horregatik, Lazkanok adierazi du «ezinbestekoa» dela herri horiek zaintzea, babestea eta garatzea.

Lazkanok azaldu du udalerri euskaldunak aldatu egin direla azken urteotan, eta erronka berriak dituztela euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala leuntzeko. Uema bera ere aldatu egin dela esan du lehendakariak: «Gaur egun, Ueman daude euskararen arnasguneak, baina badakigu Uemako kide diren udal guztiak ere ez direla euskararen arnasguneak. Udalerri euskaldun horiek ere, ordea, giltzarriak dira euskararen etorkizunerako. Udalerri horiek datozen urteetan izaten duten bilakaera garrantzitsua izango da euskararen biziberritzean; eta guztietan, arnasguneetan zein udalerri euskaldunetan, izango da beharrezkoa politika ausartak egitea eta euskara nagusituko den eremua indartzea».

Horretarako, konpromisoa hartu dute Uemako udalek, Lazkanok azaldu duenez: «Gure egitekoa izango da arnasguneei eustea eta gainerako udalerri euskaldunak ere arnasgune izan daitezen lan egitea».

Euskaltzaleei deia

Martxoaren 25ean, 11:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian egingo duten ekitaldira joateko deia helarazi die Uemak euskaltzaleei. Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute, eta Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariak, Jon Maia bertsolaria eta Imanol Epelde musikaria izango dira oholtza gainean, besteak beste. Euskal Herriko erakunde nagusietako ordezkariak ere izango dira Soreasun.

Ekitaldia hasi baino lehenago, batzar berezia egingo du Uemak antzoki berean. Arrankudiagako, Arruazuko, Doneztebeko eta Etxebarriako udalek Uemako kide izateko egindako eskariak onartuko dituzte batzar horretan, eta orduan gaindituko dute ehun udalerriren langa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.