UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Azpeitia
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Orotara, 101 herri eta 305.000 biztanle. Atzotik, datuetan, horixe da UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Batzar nagusia egin zuten Azpeitian (Gipuzkoa), eta beste lau herriri ireki zieten mankomunitateko atea: Arrankudiagari, Etxebarriari (Bizkaia), Arruazuri eta Donezteberi (Nafarroa). Horrela, beraz, ehun herriko langa gainditu berri du. «Mugarri» hori goraipatu zuen Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak: «Ez da nolanahiko marka. Euskal Elkargoaren ondoren, Euskal Herriko mankomunitaterik handiena da udalerri kopuruan». Baina ez daude konforme, eta eragiten jarraitzeko asmoa dute: «Euskararen aldeko adostasunak berritzeko garaia da, baina baita ezagutzan egiten ari garen pausoak erabilerara eramateko egiturazko erabakiak hartzeko garaia ere».

Batzarraren ostean, «mugarri» hori ospatzeko ere elkartu dira Azpeitiko Soreasu antzokian. Oholtzan, kantua eta dantza: Estitxu Pinatxo, Ines Osinaga, Jon Maia eta Imanol Epeldek parte hartu dute, eta Azpeitiko dozenaka haurrek Euskal Herrian euskaraz abestiaren bertsio bat abestu dute Epelderekin. Oholtzapean, berriz, udaletako ordezkariak ez ezik, baita Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko, Euskal Elkargoko, EAJko, EH Bilduko, Ahal Dugu-ko eta euskalgintzako eragileetako kideak ere, besteak beste.

Ez da ospakizun hutsa izan. Udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko eta herri horiek euskarari eusteko egindako bidea omentzeko baliatu dute. Lazkanoren esanetan, bide urratzailea izan da UEMA: «Hasieran inor gutxik erabiltzen zituen kontzeptuak edota arauak hizpidera ekarri zituen». Orain, aldiz, Lazkanoren irudiko, inor gutxik jartzen du zalantzan euskaldun dentsitate handiko herriek «zinezko garrantzia» dutela euskararen biziberritzerako. Gainera, aipatu du euskararen ezagutzan «nabarmen» egin dela aurrera, eta euskarak irabazi dituela zenbait leku, adibidez, udaletan aurrerapen handiak» egin baititu: «Urratsak egin ditugu UEMAren jardun ildo historikoetako batean».

UEMAk berak ez ezik, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak ere goraipatu dute mankomunitatearen jarduna. Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak esan du aurten lehenengoz sinatu dutela hitzarmen bat Nafarroako Gobernuak eta UEMAk, eta uste du baliagarria izango dela dituzten erronkei aurre egiteko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak ere UEMArekin izan duten «elkarlana» goretsi du. Bide horretan jarraitu asmo dute: «Saretu, trinkotu eta gaitasuna bermatu, erabileran aurrera egiteko».

Erabilera kezka iturri

Oro ez da urre, ordea. Argi mintzatu da Lazkano: «Ez ditugu bete gure aurreikuspen guztiak, batez ere azken urteotan: erabilera oro har motelaldian sartua dago Euskal Herrian». Azaldu du aldaketa sozial eta demografiko «handiek» bete-betean eragin diotela euskararen normalizazioari. Eta horrek isla izan du herri euskaldunetan ere: «Lehen, udalerri euskaldunetan euskaraz aritzea zen arau soziala. Inertziaz egiten zuen aurrera euskarak; orain, ordea, handitzen ari da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea, eta hori ezinbestean irauli beharra daukagu, arrakala zabaldu ez dadin».Alegia, erdaren presentziak kezkatzen ditu: «Ahuldu egin zaizkigu arnasguneak, erdararen sarbidea eta erauntsia gero eta nabarmenagoa da, aldaketa sozialek mugatu egin dute euskararen aurrerabidea, bilakaerademografikoa ez dugu aldekoa...».

Baina UEMA ez da diagnostiko huts batean geratu: aurrera begira dituzten egitekoak ere zehaztu ditu. Lazkanoren hitzetan, udaletan badago zereginik, baina «lehentasunak eta urgentziak» beste leku batean daude orain. Azaldu du UEMArentzat «agintaldi garrantzitsua» izango dela datorrena: «Plan estrategiko berria onartuko dugu, eta etorkizuneko lan ildoak zehaztuko ditugu». Helburua, hauxe: «Herritarrek eman diguzuen ardurari erantzunez, zor dizuegu Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea. Horretan ahaleginduko gara aurrerantzean ere».

Ildo horretan lanean segitzeko konpromisoa hartzearekin bat, eskaerak ere egin dituzte. Arnasguneak garatzea eta babestea: «Erabaki sendoak eskatzen ditu horrek ere, eta horiek adosten eta azkartzen ahaleginduko gara». Eta gazteenei erreparatzea: «Belaunaldi berriei aisialdia ere euskaraz eskaintzeko neurri sendoak behar ditugu, eta horiek irits daitezen eragingo dugu». Halaber, baldintzak betetzen dituzten udalerriak UEMAn sartzera ere deitu dituzte: «Batu ditzagun gure indarrak, lotu ditzagun sinergiak, elkarrekin gehiago eragin dezakegu eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.