Nafarroako foruzainek ez dituzte inoiz gehiago erabiliko gomazko pilotak. Hala baieztatu du Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak. Gomazko piloten inguruko nazioarte mailako konferentzia bat egin dute Europako Parlamentuan, eta han mintzatu da Beaumont, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkaria alboan zuela. Haiekin batera, mintegian ere parte hartu dute Iñigo Cabacasen senideek, abokatuek eta babes taldeak. 2012an hil zen Cabacas, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batengatik.
Nafarroako Gobernua izango da, hortaz, gomazko piloten erabilera erabat debekatuko duen Euskal Herriko lehen erakunde publikoa. Beaumontek zehaztu duenez, udan ordezkatuko dituzte, foam-ez eginiko beste jaurtigai batzuengatik. Material berri horrek horma zilindrikoa du, eta puntak golfeko pilota baten antza du. Hainbat desberdintasun ditu gomazko piloten aldean. Batetik, zuzenean bota dezakete poliziek errebote baten beharrik gabe, eta, jaurtigai horren defendatzaileek diotenez, zehatzagoa da, kolpea ematerakoan deformatu egiten dira, eta, hasiera batean, ez dira sartzen gorputzean; mina eragiten dute, baina ez lesio ebakidunik. Ertzaintzak ere probak egin ditu material horrekin, baina Eusko Jaurlaritzak oraindik ez ditu debekatu gomazko pilotak, baina kasu zehatzetan soilik erabil daitezke.
Gomazko pilotak erabiltzeari uztea adostu dute Nafarroako Gobernua egun babesten duten lau alderdiek —Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak—; hala jaso zuten gobernu akordio programatikoan. Material berria erabiltzen hasteko foru agindua onartu beharko du orain Beaumontek. Udan, komisaria bakoitzeko Esku-hartze Brigadetako eta Prebentzio eta Herritarren Harrerarako unitateek izango dute material berria, eta hori erabiltzeko prestakuntza jasoko dute foruzainek.
Udan ordezkatuko dituzte gomazko pilotak Nafarroan
Foruzainek ez dituzte inoiz ere gehiago erabiliko. Europako Parlamentuan eginiko mintegi batean izan da Beaumont kontseilaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu