Koronabirusa

Udan haurrentzako aisialdia eskatu dute

Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Opor garaia gerturatu ahala, udalekuen inguruko kezka areagotzen ari da gurasoen eta hezkuntza eragileen artean, eta horren adierazgarri, udan haurrentzako aisialdi ekintzak eskaintzeko gomendioekin dokumentu bat osatu du Oinherri elkarteak. Hango kide Eñaut Aiartzaguemak nabarmendu duenez, «maila lokalean» egin beharko dira, herrietan eta auzoetan, azken asteetan sortutako zaintza komunitarioko sareek eta bestelako eragileek lagunduta. «Udalekuei uko egin beharrean, ikusi dugu badaudela aukerak, beti segurtasun eta osasun irizpide guztiak zainduta, udan haur eta gazteentzako aisialdi eskaintza bat bermatzeko, ohiko udalekuak izan ez arren».

Haurrek euren aisialdiaz gozatzeko eskubidea daukatela iruditzen zaio, eta aurten multzo txikietan egin beharko dela, taldeak nahastu gabe eta gurasoekin «lan handia» eginda. «Udalekuak ez egitearen arrazoi nagusia beldurra da, eta ardura nork hartzen duen zerbait gertatuz gero». Aiartzaguemak azaldu du euren gomendioa dela erantzukizuna kolektibizatzea.

Konfinamenduaren ondoren, bestelako behar batzuk asetzeko ere baliagarrik iruditzen zaizkio udako jarduerak. Esaterako, hainbat familiatan haurrek ez dute aukerarik izan euskaraz aritzeko. «Arnasgunerik izan ez dutenentzat aukera ona dira udalekuak». Gainera, ume bakoitzak konfinamendua «modu oso desberdinean» bizi izan duela gogoratu du, eta, hala, batzuk kalera ateratzeko beldur direla, eta beste batzuk, berriz, ez. Haren ustez, hezitzaileek «egiteko garrantzitsua» dute umeak nola dauden aztertzeko, euren erritmoetara egokitzen laguntzeko, eta urduri dauden haurrekin ezinegon hori lantzeko, «taldean gustura sentitzera itzuli ahal izateko».

Umeek aisialdirako aukera izatea eskatu du Astialdi Sareak ere, ohar baten bidez: «Aisialdia haurren eta nerabeen eskubidea da, eta jolasa haien euskarri nagusia, norberarekin, lagunekin eta munduarekin komunikatzekotresna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.