Udan, euskaran murgilduta

AEK-k antolatuta, udako barnetegia egiten ari dira Arantzan. Gozatuz euskara ikasten ari dira, eta gogotsu daude ikasleak: «Euskara gure hizkuntza da; jakin behar dugu, eta jakin nahi dugu».

Euskara ikasleak udako barnetegian, Arantzan. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskara ikasleak udako barnetegian, Arantzan. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Arantza
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Ume kuadrilla batek egin die galdera ostatu baten terrazan dauden hiru gizon-emakumeri: «Arantzakoak al zarete?». Laster erantzun diete: «Ez, gu euskara ikasten ari gara hemen». Alboko mahaian dituzte ikaskideak, hamasei dira guztira, baita bi irakasle ere. Arantzan (Nafarroa) daude, AEK-k antolatzen dituen udako barnetegietako batean.

11:00 dira. Izan dituzte jada goizeko lehen eskolak, eta mahai baten bueltan atseden pixka bat hartzen ari dira. Urduri daude, kazetariarekin nork hitz egingo. Agurtzane Mayayo, Isabel Lekunberri eta Paolo Albanese animatu dira. Hitz gutxi behar ditu Albanesek euskara ikastea zergatik erabaki duen azaltzeko: «Euskal Herrian bizi garelako». Eta Euskal Herrian euskaraz bizi nahi du Lekunberrik: «Ez bakarrik sentitu, musika entzun… euskaraz bizi nahi dut. Orain arte, nire ustez, ez dut erabaki hori hartu; orain, bai». Mayayok lanerako ere behar du: «Nire lanagatik ere behar dut, irakaslea bainaiz. Eta Euskal Herrian bizi gara, gure hizkuntza da; jakin behar dugu, eta jakin nahi dugu».

Eta, euskara ikasteko prozesuan, zergatik aukeratu dute barnetegi batera joatea? Euskaran murgiltzeko aukera nabarmendu du Mayayok: «Hona etortzea erabaki dut pentsatzen dudalako oso aukera ona dela egun osoan euskaraz bizitzeko, konfiantza hartzeko eta jarioa lortzeko». Oraindik bost egun baino ez daramatzate —hamabostaldi bat egingo dute bertan—, baina, pixkanaka, ari dira hobekuntzak ikusten. «Hasieran, erdarakada pilo bat sartzen nituen; orain, agian, gutxiago», esan du Lekunberrik. 

«Polita da ikustea jendea euskalduntzen ari dela, ez? Arantza horren lekuko da. Hori nabaritzen da, eta jendea oso jatorra da»

ISABEL LEKUNBERRIEuskara ikaslea

Ez dira damutu hartutako erabakiaz. Justu kontrakoa. Horregatik, euskara ikasle orori gomendatzekoa iruditzen zaie barnetegiko esperientzia. Arantzakoa bereziki, Lekunberriren hitzetan: «Ez da barnetegiko esperientzia bakarrik,  Arantzan egotea da. Herri honekin maiteminduta nago. Oso polita da, eta jendeak beti begiratzen digu irribarre batekin. Polita da ikustea jendea euskalduntzen ari dela, ez? Nire ustez, polita da, eta Arantza horren lekuko da. Hori nabaritzen da, eta jendea oso jatorra da gurekin».

Hamabost egunean euskaraz bizi ostean, buruan dute etxera bueltatzen direnean zer egin ere. Hizkuntza ohiturak aldatzen saiatuko dira. Mayayo: «Txipa aldatu behar dut. Nire inguruan badaude euskaraz dakiten pertsona asko, baina nire ohitura beti izan da haiekin erdaraz egitea; hori aldatu behar dut». Herriko umeekin euskaraz aritzeko asmoa du Albanesek: «Forutik Sartagudara itzuli nintzenean —Foruko barnetegian egona da—, hasi nintzen ume batzuekin euskaraz hitz egiten, baina utzi egin nuen ohituragatik. Aurten, berriro umeekin euskaraz hitz egiten saiatuko naiz».

Itzali da grabagailua. «Oso ongi egin dugu, ezta?», galdetu du ikasleetako batek. Ez dago zalantzarik. Ikasketa prozesuak ez du etenik baina: eskoletara bueltatzeko garaia da. Arantzako ikastetxea bihurtu dute euskaltegi egun batzuetarako. 

«Euskararekiko atxikimendu handia dute, gogo handia dute, oso animatuta daude, eta jende oso alaia da, oso jatorra».

ANDER HERRANZBarnetegiko irakaslea

Klima larrialdia da gaurko gaia. Bikoteka jarrita daude ikasleak, elkarri lagunduz, elkarrengandik ikasiz. «Barnealdea badakizu zer den, ezta?», galdetu dio ikasle batek ondoko ikaskideari. «Baina hemen daiteke edo daitezke jarri behar da?». Zalantza egin du beste ikasle batek. Eskolak eguneroko bizitzarekin lotzen saiatzen dira, praktiko egiten. Horregatik, eguerdi aldean herritar baten bisita jaso dute, aterpeko arduradunetako batena. Arantzan eta inguruetan egin asmo dituzten proiektu eolikoez aritu dira.

13:30. Bazkaltzeko garaia da. Oinez egin dute eskolatik aterpetxera arteko bidea. Prest dago otordua: babarrunak, haragia eta fruta. Mintzapraktikak bazkalorduan jarraitzen du: eguna zer moduz joan den, zer egingo duten arratsaldean, nola ari diren euskara ikasten... «Nik natzaio hitza erabiliko dut noizbait», dio ikasleetako batek. Barreak. Konplizitatea.

Ikasleez harro

Bazkaldu ondoren, libre dute tarte bat: siestara joan dira batzuk, garbigailua jartzera besteren bat... Ander Herranz eta Ander Ezeiza kafe baten bueltan daude aterpetxe atarian eserita. Biak dira Arantzako barnetegiko hamabostaldi honetako irakasleak. Hitz onak baino ez dituzte ikasleentzat. Herranz: «Euskararekiko atxikimendu handia dute, gogo handia dute, oso animatuta daude, eta jende oso alaia da, oso jatorra». Bat dator Ezeiza: «Saiatzen gara gauza dibertigarriak egiten, baina edozer proposatzen diegula, ondo hartzen dute, gogotsu daude, jo eta su parte hartzen dute... Zoragarria da horrelako jendearekin lan egitea». 

Izan ere, gozatu bai, baina lan ere egiten dute. Hala dio Ezeizak: «Motibatuak daudenez, une oro baliatzen dute ikasteko». Eta lanak ematen ditu fruituak. Herranz: «[Barnetegia bukatzen denerako] Aldea dago jarioan, zer azkar hitz egiten duten edo hitzak zer azkar ateratzen zaizkien, eta alde handia ikusten dut euren naturaltasunean». Horregatik, gainerako ikasleei ere joateko gonbita egin diete: «Nik edozein ikasleri esango nioke hemen ikusiko duela benetan euskara ez dela traba bat, ez dela betekizun bat administrazio publikoak ezartzen duena jendeari traba bat jartzeko eta jendea izorratzeko, baizik eta bizitzeko beste modu bat dela, ez dena espainiarra edo frantziarra, gurea dena, euskalduna, eta hemen aukera izango dutela ezagutzeko, bizitzeko eta gozatzeko».

Pixkanaka ari dira ikasleak hurreratzen. Iritsi da eskolara itzultzeko garaia. Bakoitzak bere herrian edo eskualdean egiteko plan bat proposatu du. Baina dena ez da eskoletara joatea izango. Euskara ikasten dute ikasgelako lau paretetatik kanpora ere. Astero egun-pasa bat egiten dute, eta, eskolak amaitutakoan, ekintza bat dute egunero. Trikipoteoa tokatzen da. Zazpi jauzi, Txantxibiri, polkak... Kantuan eta dantzan amaitu dute eguna. Finean, euskaraz eta euskararekin gozatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.