Udan alokairuak eteteko iruzurra salatu du Aldak

Miarritzeko higiezin agentzia batek alokairua uzteko abisu aitzindatatua izenpearazi die alokatzaileei, udan libratu eta turistei alokatu ahal izateko

Alda mugimenduko kideak, gaur goizean, Miarritzen egin duten prentsaurrekoa. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko martxoaren 29a
13:04
Entzun

«Ineditua, guztiz onartezina eta larria»: horrela definitu du Alda auzoetako mugimenduak Homies Holidays agentziaren iruzurra. Alokatzaileei urte osoko kontratua eginik ere, etxebizitza udan libratzeko trikimailua erabili du agentziak, hartara turistei garestiago alokatu ahal izateko. Uxer batek egiaztatu du iruzurra, eta Frantziako Estatuko administrazioari eta Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberari jakinarazi die Aldak, neurriak har ditzaten. Gisa bereko iruzurra pairatu duen oro elkartearekin harremanetan jartzera ere deitu dute.

2021eko urriaren 2an, Miarritzeko (Lapurdi) etxe partikular bat alokatzeko kontratua izenpetu zuten sei pertsonak. Urtebeteko kontratua, bi aldeetako batek eten ezean berez berritzen dena. Urte osorako bizitegi bat alokatzeko ohiko kontratua da: altzariak dituen etxe bat bada, urte bateko kontratua da, eta altzaririk gabekoa bada, hiru urtekoa. Alokatzaileak kontratua eten nahi badu, gutxienez hilabete lehenago bidali behar dio aitzin-abisua jabeari. Jabeak, berriz, hiru aukera ditu kontratua eteteko: etxea saldu nahi izatea, bera edo senide bat aterpetzea, edo obrak egitea.

Sei horien kontratua 2022ko urriaren 22an bukatu beharra zen; alta, etxe hori bera Airbnb plataforman alokagai ezarria da aurtengo ekainetik irailera. Nola izan liteke? Aldak esplikatu duenez, urte osoko kontratua onartzeko, beste dokumentu bat izenpetzeko eskatu zien alokatzaileei higiezin agentziak: bizitegia 2022ko ekainaren 1ean utziko zutela jakinarazteko aitzin-abisu aitzindatatua. Zehazki, 2022ko apirilaren 30eko data du dokumentuak.

Praktika hori osoki legez kanpokoa da, eta hala jakinarazi diote alokatzaileek etxe agentziari bidalitako gutunean. Halaber, Frantziako administrazioko egitura bati baino gehiagori jakinarazi dio iruzurra Aldak, eta Baionako MIGari eskatu dio higiezinen kudeaketarako baimena kentzeko Homies Holidays agentziari. Xebas Cristy Aldako kidearen hitzetan, penalki zigortuak izan daitezkeen arau hausteak dira aurkitu dituztenak.

«Biziki larria da. Erakusten du agentzia batzuk zernahi egiteko prest direla sosa egiteko etxebizitzarekin. Eta berdin zaie jendea kanporatzea lau hilabeterako. Gehiago dena, proposatzen diete urrian itzultzea; ez dute inolako lotsarik», salatu du Cristyk. Haren iritziz, jabeek eta agentziek duten «boterea» erakusten du. «Praktika horiek ilegalak direla jakinik ere, anitzentzat zaila da konfrontazioan sartzea, beldur baitira beste etxebizitza bat lortzeko zailtasunak izateko, merkatuan dagoen tentsioarekin. Nahiago dute ez salatu. Guk deitzen ditugu gurekin harremanetan jartzera, gure sostenguarekin beren etxebizitzetan egon daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.