Aldeko sententzia jaso du UGTk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan udaltzain izateko lan poltsari jarri zion helegitean. Gasteizko Administrazio Auzitegiak ebatzi du ez dela beharrezkoa euskarazko B2 maila egiaztatzea lan poltsa horretarako sarbidea izateko. 2021eko deialdi publikorako oinarrien bigarren puntua baliogabetu du, eta agindu B2 maila ez duten hautagai guztiak deialdian onartzeko.
Jarritako helegitean, UGTk argudiatu zuen 2021ean egindako deialdi publikoak «diskriminatu» egin zituela euskarazko B2 maila aurkezterik izan ez zutenak, uste baitu, herritarrei euren hizkuntzan zerbitzua eskaintzeko gai ez diren arren, gaituta daudela «zenbait lanpostu» betetzeko.
Halaber, Gasteizko auzitegiak onartu egin du hautagaiek 2019aren aurretik egindako ikastaroak —Arkautiko Ertzaintzaren akademian (Araba) egindakoak— aurkeztu ahal izatea. Hala eskatu zuen UGTk, lan poltsa osatzeko prozedura bi urte geroago egin bazuten ere.
Izan ere, EAEko Poliziaren Legea aldatu zuten 2019an, eta udaltzaingoen lan poltsarako deialdian aldaketa hori epemugatzat jarri zen, ikastaroak euskarazko gaitasunen frogagiritzat aurkezteko orduan. UGTk, ordea, argudiatu du deialdia ez zetorrela bat lege horrek dioenarekin eta, beraz, deialdiaren xedea legea bera aldatzea dela.
UGTk BERRIAri adierazi dionez, sindikatu horren helburua ez da «euskararen kontra egitea», hizkuntza irizpideen kontra egin bazuten ere: «Euskadin, euskara errealitate bat da», azaldu du. Aitzitik, deialdi publikoari helegitea jartzeko arrazoia udaltzainen postuak betetzeko dagoen zailtasuna da, sindikatuaren arabera.
Izan ere, udalek deialdi publikoaren aurretik agortutako lan poltsak berritu izan balituzte, hizkuntza irizpidea bete beharrik ez zuketen izango, UGTk azaldu duenez: «Lan poltsak agortuta badaude, zergatik ez zabaldu? 700 udaltzain behar badituzu, baina 500i bakarrik uzten badiezu aurkezten, inoiz ez zara kopuru horretara iritsiko. Etxeko teilatura harriak jaurtitzea da».
UGTk ez ezik, CCOOk ere jarri zion helegitea Udaltzaingorako lan poltsari, hautagaiei B2 maila eskatzea «gehiegizkoa» dela argudiatuta.
Laudioko auziko epailea
Ana Maria Martinez epaileak eman du udaltzain izateko lan poltsari buruzko sententzia; hain justu, otsailean Laudioko Udalaren kontrako sententzia eman zuen epaile berberak. Orduan, udal hari agindu zion berriro har zezala 2020an zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik kaleratutako bitarteko funtzionario bat.
Sententziak berak baino gehiago, haren argudioek eman zuten zeresana. Langile ohiaren aldeko epaia arrazoitzean, epaileak argudio hau erabili zuen: euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena» dela, eta zenbait zerrendatan, berriz, «lehena».
Lehenago ere izan da hizkuntza eskubideen kontrako ebazpenik. Iazko maiatzean, esaterako, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta.
Hautsak harrotu zituen kasu hark. Irungo Udalak helegitea jarri zion ebazpenari, eta euskalgintzako hainbat eragilek gogor gaitzetsi zuten, hura euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa zelakoan. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin zuten EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta euskaraz bizitzearen alde batu, Eskubide murrizketarik ez! lelopean.
Herritarren eskubideak
Oraingoan ere, Gasteizko Administrazio Auzitegiak emandako ebazpena «gogor» salatu du Kontseiluak. Herritarren eskubideen planora eraman du auzia, sententzia horien kontrakotzat jota.
Auzitegiek «herritarren eskubideen aurkako hizkuntza politika» egiten jarraitzen dutela salatu du Paul Bilbao idazkari nagusiak: «Onartezina da herritarren hizkuntza eskubideen urraketak betikotuko dituzten ebazpenak argitaratzea. Bada garaia herritarren eskubideak erdigunean kokatzeko. Auzitegien helburua herritarren interesak eta eskubideak defendatzea izan beharko litzateke, baina kontrako noranzkoan ari dira», adierazi du.
Auzitegiak, gainera, hizkuntza politika egiteko lanean tematuta ikusten ditu Bilbaok: «Azken hilabeteotan esaten ari gara auzitegiak hizkuntza politika egiten ari direla, euskaldunon eskubideen aurkako ofentsibari jarraitzen diotela. Alta, gaurko ebazpena kate horretako beste katebegi bat besterik ez da. Horrexegatik, honi guztiari modu bateratuan erantzun behar zaiola uste dugu».
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi du epaia sakon aztertu behar duela, baina aurreratu du «oso litekeena» dela ebazpenari helegitea jartzea, udaltzainek herritarrekin euskaraz egin ahal izatea «estrategikotzat» jotzen baitu. «Udalek egindako eskaera bat da, horretan arazo bat dagoela pentsatzen dutelako», adierazi dute; «euskara eskakizunak oinarrizkoak dira herritarrei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko».
Udaltzaingoaren lan poltsarako ez da B2 maila behar, epaile baten arabera
Gasteizko Administrazio Auzitegiak onartu egin du UGTk jarritako helegitea. «Hizkuntza politika egitea» leporatu die Euskalgintzaren Kontseiluak auzitegiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu