Atzo jakin zen albistea: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du tramiterako onartu Udaltzaingoko bi lanposturen euskara eskakizunen auzian Donostiako Udalak aurkeztutako errekurtsoa. Gaur, erabaki horren harira, mobilizazio batera deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak: otsailaren 12an elkarretaratze bat egingo da, Alderdi Ederren, 18:30ean. Errekurtsoa jarria zuen udalak Donostian udaltzain izateko euskaraz B2 maila eskatzea baliogabetzen zuen epaiaren aurka; aurrez ere Kontseilua kalera irten zen epai horren kontra, eta orain, epaia irmoa izango dela ikusita, protesta berritzeko deia egin du.
«Larritasunez bizi dugu azken erabaki hau», adierazi du Kontseiluak gaur prentsa ohar batean. «Izan ere, udaltzainekin harreman zuzena duela eta horien segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake». Arlo horretan eskubide urraketak ohikoak direla adierazi du. Horren erakusgarri, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jasotako kexa baten berri eman du. Herritar batzuk udaltzainengana joan ziren, polizia etxera. «Salaketa bat jartzera gatoz», esan zuten. Jaso zuten erantzunarengatik jarri zuten kexa. Hauxe izan zen: «Mal empezamos. Si no me hablas en castellano no nos vamos a entender [Gaizki hasi gara. Gaztelaniaz hitz egiten ez badidazu, ez dugu elkar ulertuko]».
Atzo plazaratu zen erabaki judizialak halako egoerak betikotzea ekar dezakeela gogoratu du Kontseiluak. «Euskaraz bizi nahi duten donostiarrak bigarren mailako herritar izaten jarraitzera kondenatuko ditu». Horiek horrela, berritu egin du hizkuntza eskubideak «egiazki» bermatuko dituen «arkitektura juridiko berri bat» eraikitzeko aldarria. «Izan ere, botere judizialak orain arte indarrean egon diren hizkuntza politikaren joko arauak aldatu ditu». Hain justu ere, «oldarraldi judiziala» salatu du usu euskalgintzak, urteotan euskararen normalizazioaren aldeko neurriak indargabetze aldera ebatzi diren epai ugariengatik.
Epai horietako asko «erabaki erreakzionario, atzerakoi eta euskarofoboak» direla gogoratu du Kontseiluak, horiei aurre egite aldera «mobilizazio soziala» ezinbestekoa dela, eta horregatik dela garrantzitsua heldu den asteazkenean berriro ere kalera irtetea. Aurrez, 12:00etan, Donostiako Udal Langileen Batzordeak egingo du protesta, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Mobilizazio horri ere «babesa» erakutsi dio Kontseiluak. Gogoratu du ezen euskararen normalizazioaren kontrako epaiek, hizkuntza eskubideak ez ezik, langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea ere urratzen dutela.
UEMAri ere babesa
Aste honetan udalek udaltzain lanpostuetarako ezarritako hizkuntza irizpideen kontrako beste albiste baten berri ere izan da: Usurbilgo eta Astigarragako udalei helegiteak jarri dizkiete udaltzainei euskaraz C1 maila eskatzeagatik. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira bi herriak, eta, horregatik, mankomunitateak antolatutako agerraldi batean eman dute bi udalek gertatzen ari denaren berri. Eta hizkuntza eskakizuna bere horretan uzteko asmoa azaldu dute. «Hirugarren hizkuntza eskakizuna sobera justifikatuta dago», argudiatu dute. «Beraz, beren horretan eutsiko diogu eskakizun horri».
Kontseiluak gaur «babesa» azaldu die bi udalei euskararen normalizazioaren alde lanean «irmo» jarraitze aldera egiten ari diren bidean.