Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak udaltzainen lan poltsa sortzeko deialdia egin zuen herenegun. Aurreko deialdietan ez bezala eta gainerako eskakizunekin konparatuz –gidabaimena, gutxieneko altuera, eta abar–, euskara gaitasuna egiaztatzea ez da nahitaezkoa izango. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Udaltzaingoaren lan poltsaren inguruko Polizia eta larrialdietako euskal akademiako zuzendari nagusiak erabaki du hori ezabatzea.
Gatazkak, halere, denbora darama mahai gainean. Irailean, hain zuzen, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. epaitegiak euskara gaitasuna egiaztatzeko betebeharraren nahitaezkotasuna baliogabetzea erabaki zuen. Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa jarri zion orduan epaitegiari, eta, kontran, betebehar hori ezabatzea erabaki du udaltzaingoen lan poltsarako deialdi berri horretan.
Behatokiak salatu du ebazpenak herritarren eskubideak urratzen dituela, eta zerbitzuaren kalitatea «kolokan» jarriko duela. Are gehiago kontuan hartuta hartutako erabakia ez dela behin betiko neurria. «Lan poltsan herritarrekin euskaraz harremantzeko gai ez diren hautagaiak izatea esan nahiko du», eta horrek zailtasunak ekarriko dizkie biztanleei: «Telefonoz eta presentzialki euskaraz komunikatu ezin izatea, euskaraz dakien agente batek artatzea nahi bada itxaron behar izatea, segurtasunari dagozkion euskarazko idatzi eta jarraibideak ulertezinak izatea...».
Elkartearen iritziz, Udaltzaingorako hautagaiek euskarazko zerbitzuak emateko gai izango beharko lukete, eta administrazioak eman beharko luke horretarako bermea. Eta ez bakarrik deialdi berri horri dagokionez. «Lan poltsen deialdiez gaindi, plazak ateratzean ere derrigortasun data iraungi gabe duten lanpostuak ateratzen dira oraindik ere».