Iruñeko segurtasun sailak bere kabuz funtzionatzen du, eta inork ez du deus egiten. Hemen, Santamariaren esanetara dago dena». Hala mintzatu da Maite Gonzalez, Espainiako Udaltzainen Sindikatu (SPPME) kidea eta Iruñeko udaltzaina. Egoera «jasangaitza» dela ikusirik, salatzeko erabakia hartu du sindikatuak: Udaltzaingoaren ereduaren «errudunak» salatzea. Hala, Simon Santamaria udaltzainburua, Enrique Maia Iruñeko alkatea eta Udaltzaingoko hamar goi kargudun salatu dituzte, udaltzainak «gaizki tratatzeagatik» eta «langileen eskubideak urratzeagatik». Uztailaren 10ean aurkeztu zuten salaketa epaitegian, eta, orain, kasua ikertzeko zain daude. Bitartean, gaiak hautsak harrotu ditu. UPNk eta PPk Santamariak karguan jarraitzearen alde egin dute, gainontzeko taldeek postutik kentzeko eskatu duten arren. Militarra eta Volkswageneko segurtasun arduradun ohia, polemika iturri izan da Simon Santamaria lanposturako izendatu zutenetik. Iruñeko Udaltzaingoa militarizatzen ari dela salatzen dute haren kontrakoek.
Urtebete eman dute sindikatuko kideek salaketa prestatzen, Gonzalez udaltzainak azaldu duenez. «Giroa jasanezina zen. Lanera grabagailuarekin joaten ginen gertatzen zena frogatzeko». Udaltzaingoaren giroa «itogarria» da, haren ustez. Horregatik, sindikatukoek Udaltzaingoaren eredua aldatu nahi dute. Jada, froga nahikoa omen dute Udaltzaingoaren barruan pasatzen ari dena azaltzeko. «Udaltzaingoko goi kargudun askok gezurra esan dute haien kontrako epaiketetan, eta guk gezur horiek gezurra direla frogatzen dituzten grabazioak dauzkagu», ohartarazi du.
Gonzalezek «erroko» arazo bat ikusten du Iruñeko Udaltzaingoan, eta, horregatik, «guztiz» aldatu beharko litzatekeela uste du. Dena den, «errudun» guztiak banan-banan egindakoa ere aztertu behar dela iruditzen zaio. Santamariari buruz mintzatu da gogorren, baina Maia ere ez du begi onez ikusten. Langileen eskubideen kontra egiteagatik salatu dute alkatea. Izan ere, bi langile batzar egitea oztopatu zuen. Halere, Maiak askoz rol garrantzitsua dauka auzi horretan, Gonzalezek kritikatu duenez. Iruñeko alkateak «ezin hobeki» ezagutzen omen ditu Santamariaren «gehiegikeriak», baina, horrela jokatzen uzten dio. «Maiak deus egiten ez duen bitartean, Santamariaren nahiei segika lan egin behar dugu besteok», nabarmendu du.
«Iruñeko Udaltzaingoak ez du urteekin hobera egiten, kontrakoa, inboluzio bat izan du», salatu du sindikatuko kideak. Hori frogatzeko adibide bat aipatu du: «Berez, zirkulazioa kontrolatzea da udaltzainen lehen funtzioa. Eta Santamariak zirkulazio saila kendu du. Nola uler daiteke hori?».
Gainera, zirkulazio arlorik ez, baina istiluen aurkako unitate bat daukate udaltzainek. Kale istiluak saihestea ez da udaltzainen ardura. Santamariak, baina, buruko berokiak eta pintura eta piperbeltzeko balak botatzen dituen eskopetak erosi zizkien udaltzainei; behin baino gehiagotan erabili izan dute udaltzainek material hori, Euskal Jai husten, edo sanferminetan, adibidez.
Oposizioaren jo puntuan
Yolanda Barcinak izendatu zuen Simon Santamaria 1999an. Geroztik, Iruñeko Udaleko zinegotzien gehiengoak Santamaria kentzearen alde egin du, behin baino gehiagotan. Dena den, oraindik ere udaltzainburu da; azken finean, alkateak baino ezin du izendatu eta kargugabetu udaltzainburua. Ondorioz, UPNk nahi duen artean, Santamariak karguari eutsiko dio.
Balio sinbolikoa baino ez badu ere, hainbatetan eskatu dute alderdiek kargugabetzeko. 2007ko irailaren 21ean, osoko bilkuraren gehiengoak kargugabetzeko eskatu zuen, baina UPNk ez zuen eskaria bete. Bi urte geroago, 2009ko ekainaren 22an, NaBaik, PSNk eta ANVk berriz ere eskatu zuten. Lau hilabeteen buruan, baina, urriaren 27an, hain zuzen ere, PSNk izkin egin zion kargugabetze eskaerari. UPNrekin batera akordio bat erdietsi zuen, eta bertan Udaltzaingoaren ereduari buruzko 15 puntu adostu zituzten. Egun, oposizioko talde guztiek diote kargugabetzearen alde egingo luketela, baita PSNk ere.
«Errepresiozko eredua bultzatzen du Santamariak, eta jada ez luke karguan egon behar», kritikatu du Eva Aranguren Iruñeko Udaleko Bilduko zinegotziak. «UPNk kontrol politikorako eta ideologikorako polizia bilakatu du Udaltzaingoa», esan du. Arduratuta azaldu da egungo Udaltzaingoaren ereduarekin, eta aldaketa «derrigorrezkotzat» jo du. UPNk herritarren parte hartzerik gabeko hiri bat nahi duela salatu du Arangurenek, eta «Santamariaren polizia» hiri klase hori lortzeko tresnatzat jo du. Konponbide bakarra zehaztu du Bilduko kideak: polizia eredu «demokratikoa, gardena eta eraginkorra» sortzea, eta Santamaria kargutik kentzea.
NaBaik ere ildo beretik jo, eta kargugabetzeaz gain, izaera «errepresiboa» ez daukan Udaltzaingoa eskatu du. Aitor Lakasta Iruñeko Udaleko NaBaiko zinegotziak udaltzainburuak erabaki «arbitrarioak» hartzen dituela salatu du. Era berean, Maiaren kontra mintzatu da Lakasta. «Maia makurtu egin da Barcinaren herentziaren aurrean; ez du bere Udaltzaingo eredu propioa garatzen jakin izan». Horrez gain, Udaltzaingoaren funtzioak mugatzea eskatu du: «Udaltzainek beste polizia taldeen funtzioak hartzen dituzte». Hala, arazoari erantzuteko asmoz, «hurbileko» polizia eskatu du.
«Gertuko» Udaltzaingoa eskatu du ere Ezkerrako Edurne Eginok. Bera ere zinegotzia da udalean. Udaltzaingoa «behar bezala» ez dela kudeatzen iruditzen zaio. UPNri aurpegiratu dio Eginok kudeaketa txarra, eta egoera bideratzeko «ezgai» ikusten du. Maia ere kritikatu du. «Herritar guztion alkate izan beharrean, UPNren alkatea da Maia». Maia ez da Barcinari aurka egitera ausartzen, Eginok dioenez: «Maiak aukera izan zuen Santamaria kargutik kentzeko, baina ez zuen egin».
PSNk ere Santamaria kenduko lukeela esan du. 2009an ezetz esan zuen arren, orain, lau urte geroago, udaltzainburuaren jarreraren kontra dago. Hala azaldu du Jorge Mori zinegotziak. «Santamariak era arbitrarioan jokatzen du, eta ez da hitz egiten saiatzen. Segurtasun saila berritu beharko litzateke». Moriren ustez, aldaketak giro «hobea» sortuko luke Udaltzaingoan.
Aspaldi sortutako polemika
Hasieratik eman izan du zeresana Santamariak. Liskar ezagunetariko bat Euskal Jai gaztetxearekin gertatutakoa izan zen. 2004ko abuztuan hustu zuten Iruñeko gaztetxea. Iruñeko Udaltzaingoak ere parte hartu zuen operazioan, haren betebeharra ez zen arren. Santamariak buruko berokia janzteko agindua eman zien gaztetxera sartu ziren udaltzainei, eta hala egin zuten. Burua estalita eta indarkeria erabiliz, gaztetxea ixten lagundu zuen Udaltzaingoak. Santamariak ere modu aktiboan hartu zuen parte. Iruñerria Piztera Goaz taldeak egindako bideoan ikus daitekeen bezala. Irudietan, bi gazte azaltzen dira, eskuak porlanezko bidoietan sartuta, gaztetxearengatik protestan. Santamaria haiengana hurbildu eta bidoiak mugitzen hasten da, gazteek min ematen diela esaten dioten arren. Bideo hori ikusi zuten udal taldeek, udaleko osoko bilkuran. Oposizioak udaltzainburuaren jarrera gaitzetsi zuen. UPNk, aldiz, babesa eman zion.
Esanguratsua izan zen ere 2012ko udan pasatutakoa. Eredu militarrarekin nazkatuta, protesta bat egin zuten hainbat udaltzainek. Betaurreko zuriak jantzi zituzten Udaltzaingoaren barruko liskarrak azalarazteko. Aldarrikapen hori isilarazteko, Santamariak diziplina txostena ireki zien bost pertsonari. Gainera, uztailaren 7an, betaurreko zuriak zeramatzan udaltzain bat mehatxatu zuen goi kargudun batek. Betaurrekoak kenarazi zizkion, baina horrez gain, kartera eta erlojua ere ematera behartu zuen. Santamariak ezarri nahi duen polizia motaren adibide bat da gertakari hori, Espainiako Udaltzaingoen Sindikatuaren aburuz. Orain, betaurreko zurien protesta bukatzea erabaki du Santamariak. Derrigorrezkotzat jo ditu betaurreko beltzak. Hala, 6.700 euro inguru gastatu ditu betaurrekoetan. Neurrihori «disidentzia zigortzeko era bat» da, zenbait udaltzainen arabera.
Udaltzainak militarizatzen
Simon Santamaria Iruñeko udaltzainburuaren eta Enrique Maia alkatearen kontra salaketa bat aurkeztu dute hainbat udaltzainek. «Langileen eskubideak urratzea» eta udaltzainak «gaizki tratatzea» egotzi diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu