«Oldarraldiaren beste seinale bat da». Iñigo Urrutia legelaria aditua da hizkuntza eskakizunekin lotutako gaietan, eta hizpide du justu euskararen ezagutza bermatzeko hizkuntza eskakizunen kontra eman den azken ebazpen judiziala; Bilboko Administrazioren Auzien 1. Epaitegiak ebatzitako sententzia bat da, zeinean atzera botatzen baita Erandion (Bizkaia) udaltzain jarduteko lanpostu bati ezarritako hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna. Tankerako epai gehiago ere izan dira berriki, eta soka luze batean egindako beste korapilo bat da hau, beraz. Apirilaren 18an emandakoa da.
Kasu honetan, horra auziaren sorburua zein izan zen: 2022an behin-behinean Erandion lanean ari zen udaltzain batek helegite baten bidez lortu nahi izan zuen betetzen ari zen lanpostuko hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna atzera botatzea. B2 maila zen. Ez zuen lortu udalak bere eskea aintzat hartzerik, eta, auzitara jota, orain lortu du helburua.
Bada aintzat hartu behar den ezaugarri bat. Sententzia honetan propio aipatzen dira argudio gisara Uliazpi fundazioan jarduteko hizkuntza eskakizunen kontra martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zituen epaiko arrazoibideak. Ebazpen horrek kezka handia sortu zuen; bertan ematen diren argudioak zinetan auzitan jartzeko modukoak direla adierazi dute euskara administrazioan sustatzearen alde ari diren hainbat eragilek, baina orain, sententzia hau ikusita, «jurisprudentzia» bide horretatik doala adierazi du Urrutiak. «Nahiz eta kasu hau ezberdina izan, ez baita lan eskaintza publiko bat, baizik eta lanpostuen zerrendan egindako aldaketa bat, Uliazpiko jurisprudentzia bera ezarri dute», ohartarazi du.
Lanpostuen zerrendan
Urrutiaren hitzek aurreratu duten eran, beste berritasun bat ere badakar epai honek: ezberdintasun bat. «Berezitasun bat badu honek: aurrekoak lan eskaintza publikoen oinarrien kontrakoak izan dira; hau lanpostuen zerrendan egindako aldaketa baten kontra izan da».
Hain justu, aldaketa baten bitartez, Erandioko Udalak ebatzi zuen lanpostu batean hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa zela. «Baina orain ematen du denerako balio duela Uliazpiko epai horrek, ez bakarrik lan eskaintza publikoetan-eta erabiltzeko, baizik eta udalek lanpostuen zerrendak araubidera egokitzeko egiten dituzten aldaketetarako ere bai».
Aldiz, Urrutiak uste du udal bati ezin zaiola erarik kendu bere arauak egoki ikusten duen eran antolatzeko, eta hizkuntza eskakizunen ezaugarriak beti ebatzi behar direla «modu objektiboan», eta, beraz, lanpostuak behin-behinean betetzen dituztenen ezaugarriek ez dutela izan behar hor irizpidea. «Kasu honetan, epaileak esaten du, ordea, lanpostua betetzen ari den udaltzaina ez denez euskalduna, udalak ez daukala horren gainean egokitzapena egiterik». Desegoki deritzo Urrutiak: «Udalaren autonomiaren kontra egiten du». Hortik abisua: «Epai honekin, hizkuntza planifikazioa errotik mugatzen da».
Auzitara jo duen langilearen adina aipatzen da epaian: 45 urtetik gora. «Adin horretatik gora ez daude behartuta hizkuntza eskakizuna egiaztatzera», onartu du Urrutiak. «Baina horrek ez luke mugatu behar lanpostuaren hizkuntza eskakizuna».
Udaltzain lanpostu baten hizkuntza eskakizuna atzera bota dute
Erandioko Udalean helegite bat jarri du behin-behinean lanean ari den udaltzain batek; ez diote arrazoirik eman, baina aldeko epai bat lortu du. Uliazpi fundazioko epaian erabilitako argudioak baliatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu