Hizkuntza eskubideak

Udaltzain izateko euskara eskatzea baztertu zuen ebazpenari helegitea jarri dio Irungo Udalak

Helegitea «bi bidetik» egin asmo duela adierari zu Udalak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian bertan, eta Espainiako Auzitegi Gorenean.

200 bat lagun batu ziren EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, maiatzaren 23an, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako elkarretaratzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 25a
17:32
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen maiatzean Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta. Irungo Udalak gaur iragarri duenez, helegitea jarri dio ebazpenari auzitegi horretan bertan zein Espainiako Auzitegi Gorenean.

Ekainaren 3an iragarri zuen Udalak helegitea jarriko zuela. Gaur adierazi du dagoeneko egin duela eskaera EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Zehaztu dutenez, «behar diren agiriak» aurkeztu dituzte, «helegitea bi bidetik egiteko: autonomikoa eta estatukoa. Orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hitz egin beharko du, helegiteek aurrera egiteko han bertan, edo Auzitegi Gorenean», Udalaren arabera.

Haserrea

Maiatzaren 10ean, eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hautsak harrotu dituen epaia. Ebazpenaren arabera, herritarrek eskubidea dute administrazioarekin euskaraz aritzeko, baina nahikoa dela «jendeari arreta egiten dion udaltzainetako batek» euskaraz jakitea; hori argudiatuta, ezeztatu egin zuen lan deialdian euskara beharrezkotzat jotzea.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak hurrengo egunean erantzun zioten: «gogor» gaitzetsi zuten epaia, eta azpimarratu zuten litekeena zela horren bidez eskubideen urraketa «betikotzea». Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren arabera, epaia Irungo herritarren hizkuntza eskubidearen aurkako erasoa izan zen: «Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak».

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok epaia «esku hartze bortitza» izan zela salatu zuen, eta juridikoa ez baizik «politikoa» zela adierazi zuen. «Euskararen normalizazioa galgatzeaz gain, euskara bigarren mailako hizkuntza asmoa erakusten du, eta, ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzekoa. Elebakarren pribilegioak ustezko eskubide bihurtu nahi ditu, horrek guztiak herritarren eskubideen urraketak betikotuko baditu ere».

Miren Etxebeste Irungo Euskara zinegotziak esan zuen «harrigarria eta kezkagarria» dela «diskriminatzailetzat» hartu izana udaltzain izateko euskaraz jakitearen betekizuna.

ELA sindikatuaz argudiatu zuenez, epaiak herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ditu. Eta euskarari eragin dakiokeen kalteaz ohartarazi du: «Epai hau administrazio publikoko zerbitzuetan eta gestioetan euskararen erabilera normalizatzearen aurka doa, eta administrazioko beste eremu batzuetan aplikatzeak dagoeneko arduratzeko modukoa den euskararen egoera okertzea eragingo luke».

Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen hizkuntza eskakizunak betetzen zuela legedia, herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen dekretuak diolako udaltzain izateko lanpostuak lehentasunezkoak direla, jendaurrekoak direlako, eta, beraz, funtsezkoak direla «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko». Gaineratu zuenez, babesa emango zion Irungo Udalari, helegitea jarriz gero.

Xabier Isasi Balanzategi EHUko irakasleak adierazi zuenez, epai hori «adibide argigarria da erakusteko fronte juridikoak nola erabiltzen duen estatuko eta autonomia erkidegoko legeria euskararen normalizazioa eragozteko».

Maiatzaren 23an, epaiaren aurka protesta egiteko, 200 bat pertsona batu ziren Bilbon, Auzitegi Nagusiaren eraikinaren aurrean. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu zuen elkarretaratzea, Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.