Udalgintzaren balioak aldarrikatu ditu Eudelek 40. urteurrenean

Herritarrekiko gertutasuna udalen sendotasuna dela azaldu du elkarteko lehendakariak

Eudeleko arduradunak eta arduradun ohiak, oholtzan, 40. urtemugaren harira egindako ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU.
joxerra senar
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«Herrialdearen arkitektura instituzionalean giltzarria da Eudel». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udalerrietako 2.644 hautetsi eta alkateen lana eta haiek ordezkatzen dituzten balioak goraipatu zituen atzo Gorka Urtaran Eudeleko egungo presidenteak, erakundearen 40. urteurrenaren harira Gasteizen egindako omenaldi instituzionalean. Haren esanetan, lau hamarkadako bidean, «hirugarren belaunaldia da honako hau» eta «ilusio handiagoz» segitu nahi dute: «Udalgintzarekin konprometitutako pertsonak gara; oinordetza hori jaso dugu».

1982ko maiatzaren 8an, Gernikako Batzar Etxean sortu zen Eudel, Hego Euskal Herriko hainbat udalen babesarekin: hala nola Amurrio, Aramaio, Gernika, Basauri, Igorre, Aretxabaleta, Azpeitia eta Arrasate. Nafarroako hiru udal ere izan ziren sorrerako elkarte hartan —Baztan, Etxarri Aranatz eta Arantza—. Hiru urte lehenago, 1979ko apirilaren hasieran egin ziren lehen udal hauteskundeak, eta orduan izendatutako 144 udalerrik bat egin zuten erakunde sortu berriarekin 1982an. Iñaki Oregi Zuiako alkatea izan zen erakundeko lehen presidentea.

Omenaldian gogoratu dutenez, hasiera ez zen batere erraza izan. Oraindik administrazioaren egitura egiteko zegoela, krisi ekonomiko gordinaren testuinguruan, udalek finantzaketa apala zutela gogorarazi du bideo batean Jose Maria Gonzalezek, Muskizko alkate eta, 1989tik, hamar urtez Eudeleko presidente izandakoak. «Dena egiteko zegoen».

Gertutasuna, sendotasun

Egungo erronkez eta beharrez hitz egin dute ekitaldian. Lehenik, Gorka Urtaranek nabarmendu du konpromisoa, kontsentsua eta lankidetza direla udalen aktiborik garrantzitsuenak. «Konpromisoa eta akordioa beharrezkoak dira elkarlana eraginkorra izan dadin, eta horrek eskatzen du inplikatutako eragile guztien arteko elkarlana ere». Hala, etorkizuneko ingurumen arloko zein eraldaketa sozialeko erronkei dagokienez, udalek ere zeresana dutela nabarmendu du Urtaranek: «Herritarrekiko gertutasuna da gure sendotasuna. Udalerrietan gertatzen da guztia».

Horri begira, herritarren eta erakundeen arteko nolabaiteko urruntasuna sumatzen den garaiotan, Urtaranek nabarmendu du konfiantza hori ez dela galdu behar, eta hor zeresan handia dutela udalek. Ziurgabetasun handiko garaia izanik, azpimarratu du pandemiak eta Ukrainako inbasioak agerian utzi dutela iraganean erdietsitako konkista sozialak ez direla betirako, eta euskal gizarteak horiei eusteko eginkizuna duela.

Urtaranek euskal gizartearen komunitate izaerari dei egin dio, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. «Euskal udalgintzari dei egiten diot, Euskadiren kohesio emozionalaren motorra delako».

Era berean, Eudeleko ordezkariek agiri bateratu bat irakurri dute egungo egoerari zein etorkizunari begira elkartearen hiru ardatz nagusiak nabarmenduz: pertsonak, ahotsa eta aliantzak. Lehenik, nabarmendu dute pertsonak direla udalgintzaren ardatz nagusi, bai zerbitzuak eskaintzeko, bai eta herritarren beharrizanei erantzuteko. Udaletatik bultzatu beharreko politiken artean, nabarmendu dituzte euskara, berdintasuna, segurtasuna, enplegua, ingurumena, eraldaketa digitala eta zerbitzu soziala.

Bigarrenik, goraipatu dute «giza harremanak ehuntzen diren espazioa» dela udal politika, eta errealitate politikoaren adibiderik argigarriena ordezkatzen dutela. «Ahots batean bildutako eta sentsibilitate desberdineko elkarte anizkuna gara, gure mezua erakundeei eta gizarteari helarazteko helburua duena. Joan-etorriko ahotsa gara, batzeko asmoz eta ez elkarren artean lehiatzeko», laburbildu dute.

Azkenik, aliantzaren beharra aipatu dute, «helburu handiak lortzeko modu bakarra» delako. «Gaur inoiz baino gehiago aliantza horren aldeko apustua egin behar dugu», adierazi dute, irakurritako agirian, eta eragileekin zein beste erakundeekin aliantza bateratuaren beharra adierazi. Besteak beste, elkarlan horren barruan kokatu dute Eudelek bat egin izana Jaurlaritzak bultzatutako 2030erako Agendarekin, eta konpromiso horren garrantzia azpimarratu dute.

Ekitaldian, Marlene Simeon Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko ordezkariak parte hartu du. Europako tokiko erakundeen eta eskualdeetako gobernuen batzorde horrek 70 urte bete zituen iaz, eta Simeonek zoriondu egin du Eudel 40 urteotan egindako ekarpenagatik.

Minutu bateko isilunea

Azken hitzak Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarenak izan dira. Hizlari gehienen ahotan izan zen une oro Ukrainako gerra, eta Urkulluk gogoan izan zuen nola bezperan Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Gernikako bonbardaketarekin alderatu zuen herrialdean gertatutakoa. «Atzo, Durango eta Gernika izan ziren. Ondoren, beste batzuk: Lovaina, Varsovia, Hiroshima, Coventry, Dresden, Grozni, Sarajevo, Beirut, Alepo. Gaur, Mariupol, Ukraina da». Minutu bateko isilunea eskatu du.

Urkulluk udalen gertutasuna goraipatu du, baita Eudelek 40 urteotan egin duen ibilbidea. Azpimarra berezia jarri du ETAren indarkeria jasan zuten hautetsiekiko aitortzan. «Urteurren hau haientzako omenaldi bat da, batik bat ondasunik preziatuena, bizitza, galdu zutenentzat. Duintasunaren eta konpromisoaren adibidea elkarbizitzarako ondare da, eta beti izango dugu gogoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.