Eudeleko udalerrietako «herritarrak» udal horien «izateko arrazoia» direla esanez abiatu zuen Esther Apraiz lehendakari berriak bere hitzaldia atzo, kargua hartzean. Derioko (Bizkaia) alkate jeltzaleak Donostiako Tabakaleran egindako Batzar Nagusian hartu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak elkartzen dituen erakundeko presidentetza; Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak eman zion lekukoa datozen lau urteetarako. «Udalgintza feminista» baten aldeko apustua egin zuen Apraizek, besteak beste, Eudel indartuz emakume hautetsiek udal politikan duten «lidergo eta eraginerako gune gisa». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan 1.255 emakume hautetsi daudela gogoratu zuen, horietatik 84 aginte makilarekin. Hautetsi guztien %47 emakumeak dira udal horietan.
Apraiz aho batez hautatu zuten elkarteburu izateko. Nagore Alkorta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkatea (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungoa (Gipuzkoa) izango dira, halaber, Eudeleko lehendakariordeak. Biek ala biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa. Apraizek esan zuen Eudel «udalerrien ahotsa» dela, «plurala eta partaidetzazkoa». Erantsi zuen «tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme lana» egiten duela elkarte horrek.
«Udalak gara Euskadiko herrien eta hirien erronketatik hurbilen dauden erakundeak, euskal gizartearen islarik onena. Horregatik, gure herriak aukera-udalerri bihurtzea lortu behar dugu, herritar bakoitzak bere bizi proiektua bere herrian garatu ahal izan dezan», esan zuen Apraizek.
Hura elkarteburu hautatu aurretik, Alkorta jarduneko lehendakari gisa aritu zen. Azpeitiko alkateak esan zuen «udalen finantzaketa hobetzea eta Euskal Herriko gainontzeko udal erakundeekin harremanak sendotzea» ere izango direla elkartearen helburu nagusiak aurrerantzean. EH Bilduk bost ordezkari ditu zuzendaritza berrian, eta Alkorta bera izango da lehen lehendakariordea.«Garrantzitsua eta esanguratsua iruditzen zait zuzendaritza berri horretan ordezkaritza orekatuagoa eta zabalagoa izatea, horixe baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek udal hauteskundeetan adierazi zuten borondatea», adierazi zuen Alkortak. Ezker subiranistaren aldetik bi lan ildo azaldu zituen. Batetik, udalen finantzaketa hobetzea, «tokiko erakundeetatik herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobeak eta eraginkorragoak izateko». Eta, bestetik, «Eudelek harremanak sendotzea gainontzeko euskal udal erakundeekin»; Udalbiltzarekin, adibidez.
Apraiz elkarteburuak, berriz, «elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzea» proposatu zuen: «Udalerri guztiek batera lan egin dezagun gure helburu amankomunen alde, eta herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen alde». Era berean, Derioko alkateak elkarteko beste alkateak gonbidatu zituen «Eudel marka harrotasunez» eramatera, «euskal udalgintzaren nortasuna» baita, harentzat. «Eudel denok gara», aldarrikatu zuen Batzar Nagusian.
«Demokraziaren lehen erakundeen zutabeak» eraikitzen lagundu zuten euskal hautetsiak omentzeko mezu bat ere izan zuen Apraizek. «Tokiko politika demokraziaren sehaska da», helarazi zuen. Erronkei begira, berriz, azpimarratu zuen herriak eta hiriak «trantsizio hirukoitzaren agertoki» direla egun, «soziodemografikoa, digitala eta ingurumenekoa». Udalak «eraldaketaren eragile nagusiak» izan behar duela ere esan zuen, «beste erakundeekin batera».
Hiru lan ildo
Udalerrientzat sor daitezkeen «aukera guztiak aprobetxatzeko», Apraizek hiru proposamen egin zituen haren agintaldiaren lan ildo gisa: lehen-lehenik, «udalgintza feminista» baten aldeko apustua egitea. Horrez gain, «herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea» proposatu zuen, Eudel «irekiagoa, eraginkorragoa eta parte hartzaileagoa» egiteko, «adostasunetik abiatuta». Hirugarrenik, lankidetza instituzionala bultzatu nahiko luke bere agintaldian Apraizek, «udalerriek ekarpen handia egin behar duten politika publikoak lortzeko eta garatzeko». Euskara, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena aipatu zituen.
«Udalgintza feminista bat» nahi du Eudeleko presidente berri Apraizek
Urtaran Gasteizko alkate ohiaren lekukoa hartu du Derioko alkate jeltzaleak. Alkorta (EH Bildu) lehendakariordeak deitu du «Eudelen harremanak sendotzera beste euskal udal erakundeekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu