Ez kendu, ezta dauden bezala utzi ere; erdibideko aukerak irabazi du: frankismo garaiko alkateen argazkiek Bilboko Udaletxean jarraituko dute, baina beste espazio batean, eta «testuinguruan kokatuta». EAJren udal gobernuak PSE-EErekin lortutako akordioaren bidez amaitu zuen eztabaida atzo udalbatzak. Erabakia noiz beteko den ez zuten zehaztu, ordea.
Hamar alkateren erretratuak udaletxeko korridoreetatik kentzeko eskatuz mozioa aurkeztua zuen EH Bilduk osoko bilkuran, baina bozkatu ere ez zuten egin. Txanda heldu baino lehen onartu baitzuten EAJk aurkeztutako zuzenketa, hamabost jeltzaleek eta lau sozialistek babestuta: «Eraikin honetan testuinguruan kokatutako memoriarako espazio bat prestatzea, alkate guztien irudiekin eta historia ulertzen lagunduko duten beste elementuekin». Testuaren arabera, alkateon izendapenak «ez legitimoak» izan ziren, eta, ondorioz, udalak «beharrezkotzat» jo du «irudiei esangura berria ematea».
Hain justu, joan den astean Andoni Aldekoa Alkatetzako kabinete buruak udaleko alderdi politikoei proposatutako ideiak egin zuen aurrera: «alkateei buruzko galeria interpretatiboa» sortzea. Baina duela hamar egun lortu ez zuten adostasuna erdietsi zuen atzo udalak, PSEren botoak bereganatuta. «Desberdinen arteko kontsentsuek balio handiagoa dute», adierazi zuen Alfonso Gil zinegotzi sozialistak.
Ildo berean mintzatu zen Ibone Bengoetxea alkateordea: «Askoren artean egitea da garrantzitsua». Hari egokitu zitzaion udal gobernuaren bozeramaile jardutea, etxean baita Iñaki Azkuna alkatea asteburuan erori egin zelako. Bengoetxeak nabarmendu zuen irudiak beste toki batean jartzeko eta testuinguruan kokatzeko erabakiaren bidez Memoria Historikoaren Legea beteko duela udalak, baita Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak igorritako irizpena ere.
Izan ere, bi erakundeek —Bengoetxea Eudeleko presidentea da— gomendioak bidali dizkiete udalei, frankismoko ikurrekin nola jardun ezartzeko. Orduko alkateen argazkiei dagokienez, koadroak erretiratzeko eskatu diete irizpide orokor gisa, baina erakusgai uztea erabakitzekotan, azalpen plaka bat ipintzea gomendatu dute, alkateok «kargu publiko bat zilegitasunik gabe» bete zutela ohartarazteko.
EH Bilduk eta PPk, aldiz, udalaren zuzenketaren aurka bozkatu zuten, joan den asteko bileran agertutako iritziak ez zituztelako aldatu. Alkateen argazkiak korridoreetan uztearen alde dago PP, Cristina Ruiz zinegotziaren hitzetan, auziari buruzko «eztabaidarik ez» dagoelako. EH Bildu, ordea, koadrook «berehala» erretiratzeko eskatua zuen, ondoren eztabaidatzeko irudiak nora eraman behar zituzten.
Hartara, jeltzaleen zein sozialisten jarrera kritikatu zuen Aitziber Ibaibarriaga koalizioko bozeramaileak. «Ez diozue Azkunari zilegitasuna kendu nahi izan», esan zion udal gobernuari; izan ere, «historia errespetatzearen» argudiopean, ikur frankistei eustearen alde agertu izan da beti alkatea. «Eta EAJren oinarri sozialaren lotsarako, nahiago izan duzue ultren txaloak jaso, legea betetzea baino». PSEri «iraganari traizio» egitea ere egotzi zion.
Edonola ere, alkateen margolanak ez ezik, frankismoko gainerako ikur, monumentu, plaka eta izendapenak ere kentzea galdegiten zuen koalizioaren mozioak. Horri buruzko eztabaidarik ez zen izan osoko bilkuran, baina onartutako zuzendapenak aipamena egin zien: «Diktadurarekiko atxikimendu edo adostasunagatik nabarmendutako pertsonei eman zitzaizkien ohore eta sariak kentzeko erabakia helaraziko zaio udalbatzari».
Elkarretaratzea kanpoan
Udaletxean osoko bilkura egiten zen bitartean, memoria historikoaren aldeko elkarteek elkarretaratzea egin zuten kanpoan, Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez! lelopean. Alkateen argazkiek ez ezik beste hainbat ikur frankistek ere kendu gabe dirautela ekarri zuten gogora han bildutakoek. Horren seinale, frankismo garaiko Etxebizitza Ministerioak eraikitako etxeetatik kendutako oroimen plaka batzuk eraman zituzten. «Dozenaka geratzen dira jarrita».
Frankismoko krimenen aurka Argentinan jarritako kereilaren aldeko plataformak udalbatzak hartutako erabakia gaitzetsi zuen. «Guretzat argi dago legeak eskatzen duela argazkiak erretiratzeko, hau da, udaletxetik kentzeko, eta edonola eramanda ere, museo batera, adibidez, ondo baiesteko zeintzuk izan ziren», adierazi zuen Goldatuko kide Juan Mari Zulaikak. «Alkate horiek Francoren kolpe militarrean pertsonalki eta biziki inplikatuta egon ziren, eta 40 urteko diktaduran hainbat sarraski eta eskubide urraketa egin zituzten. Ez dira edozein. Hemen alkate izateko FET-JONSen karneta eduki behar zuten».
Udaletxean segituko dute alkate frankisten irudiek, «testuinguruan kokatuta»
Bilboko udalbatzan EH Bilduren mozioa bozkatu aurretik, zuzenketa bat onartu dute EAJk eta PSEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu