Geroa Sozialberdeak

Udaletako politika indartzeko deia egin du Uxue Barkosek

Geroa Sozialberdeak alderdiak Nafarroako batzarra osatu du gaur. "Ideologia sozialberdea" herrialde osoan zabaldu nahi dute.

Uxue Barkos Geroa Sozialberdeak alderdiko idazkari nagusa, gaur, Iruñean egin duten Nafarroako batzarrean. JAGOBA MANTEROLA / OKU
Iker Tubia.
2021eko urriaren 2a
13:46
Entzun

Ia urte bete da Geroa Sozialberdeak alderdia sortu zutenetik, eta Nafarroako lehenbiziko batzarra egin du gaur goizean, Iruñeko Iruña Park hotelean. Hamabi lurralde batzordeak eta bestelako karguak bildu dira Nafarroako batzarra osatzeko ekitaldian. Uxue Barkos idazkari nagusiak itxi du bilkura, alderdiaren helburu nagusiak azaltzeko baliatu duen hitzartzearekin. Udaletako politika indartzearen alde egin du, politikaren "dimentsio gizatiarragoetara itzultzeko". Bestetik, Europatik heldu den "ideologia sozialberdea" Nafarroa osoan zabaldu nahi dutela ohartarazi du.

"Udaletako politikak aukera emanen digu gizartearen beharretatik oso urrun dauden ekintza politikoei berriz neurria hartzeko", esan du Barkosek, bertatik bertara egiten den politika indartzeko aldarria eginez. Bide horretan, ekintza politikoek politika publikoak zuzendu behar dituela azpimarratu du: "Politika publikoak ez dituzte beste erakunde mota batzuek zehaztu behar, adibidez, argindarraren prezioa zehazten dutenek".

Diskurtsoaren zati handi bat "sozialberde" deitu duen ideologiaz mintzatzeko baliatu du Barkosek. "Europan jorratzen ari den bideari lekukoa hartu nahi diogu Nafarroan, eta bide hori ulertu nahi ez duenak, ez du ikusten zer dugun begien aurrean: beharrezkoa da erantzun koherenteak, gaitasunezkoak eta ilusionagarriak ematea". Barkosen aburuz uztargarriak dira ingurumenaren zaintza eta "ongizatea mantentzea posible egiten duen" garapen ekonomikoa. "Ez fidatu planetaren zaintza eta garapen ekonomikoaren, beraz, ongizatearen artean aukeratzera behartu nahi gaituzten horietaz".

Bide horretan, honako eskaintza egin du Barkosek: "Energia garbia sortzea, energia garbi horretatik abiatuta baliabide ekonomiko publikoak sortzea, ingurumena zaintzea eta, azken finean, subiranotasun energetikoa". Horregatik, sozialistak, aurrerakoiak eta berdeak direla defendatu du.

Gobernu "aurrerakoien" alde

Geroa Bai koalizioa Nafarroako espazio politikoa iraultzeko baliagarria izan dela defendatu du Barkosek, lehenbizi aldaketaren gobernuaren buru izanik, eta, ondoren, PSNren gobernua babestuz. Zentzu horretan, Nafarroan zein udaletan gobernu "aurrerakoiak" eta "askotarikoak" babestuko dituztela azaldu du Barkosek.

Kexu agertu da PSNk euskararekin duen jarrerarekin, eta lan deialdi publikoetan euskara aintzat ez hartzea deitoratu du. "PSNk interes orokorraren eta Nafarroako identitatearen defentsaren kontrako jarrera agertzen duenean, salatu eginen dugu". Euskararen aferan ez dutela atzera eginen ohartarazi du, ia osorik gaztelaniaz egin duen diskurtsoan. "Hiritar guzien eskubideak defendatuko ditugu, baita Nafarroako euskaldunenak ere".

Azkenik, Nafarroa bere etorkizunaren jabe izan behar duen subjektu politikoa dela aldarrikatu du, eta, bide horretan, autogobernuaren defentsa irmoa egin du. "Hitzarmen ekonomikoa garatu eta indartu behar da. Horretarako, legea berrikusi behar da, 1990ekoa baita, eta, orduan, ez ziren zerga batzuk existitzen; BEZa, esaterako". Horregatik, hitzarmen ekonomikoa gaurkotu eta "XXI. mendera egokitzea" ezinbestekotzat jo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.