Udalerri guztien itxiera perimetrala ezarriko du Eusko Jaurlaritzak

Labi batzordearen bileran, bilerak lau lagunera mugatzea ere onartu dute. Astelehenean jarriko dira indarrean neurri berriak.

Ertzaintzaren kontrol bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2021eko urtarrilaren 22a
12:01
Entzun

Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoa (Labi) bildu da gaur eguerdian, eta Eusko Jaurlaritzak neurri zorrotzagoak iragarri ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Koronabirusa ez zabaltzeko neurri nagusien artean, «udalerri guztien itxiera perimetrala» ezartzea erabaki du, eta bilerak, eremu irekietan eta itxietan, gehienez lau kidera mugatzea —bizikidetza unitate bereko lagunak dira salbuespena—. Dekretua bihar argitaratuko dute, eta neurri berriak astelehenean sartuko dira indarrean. Neurri horiek bat egiten dute Jaurlaritzak asteazkenean Espainiako Osasun Ministerioari eta gainerako erkidegoei adierazitakoekin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik jakinarazi duenez, neurri berrien helburuak «mugikortasuna are gehiago mugatzea» eta «ohiko bizikidetza burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurek kutsatzeen transmisioan duten hedatze uhina murriztea» dira.

Establezimenduak ixteko ordua 19:00etara aurreratzeko aukera, berriz, atzera bota dute. Jaurlaritzaren iritziz, neurri hori etxeratze ordua 20:00etara aurreratzearekin lotua dago. Azken neurri horrek, ordea, 926/2020 Errege Dekretuaren egokitzapen bat eskatuko luke, eta Espainiako Osasun ministro Salvador Illa halako aldaketak egitearen aurka agertu da. Sagarduiren esanetan, «akats bat» da Madrilen jokabidea, eta kasuen hazkundeari aurre egiteko aukera bat «galdu» da: «Gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak esku hartzeko gaitasuna murrizten digu». Horiek hala, establezimenduek 20:00etara arte irekita egoteko aukera izango dute, eta etxeratze agindua 22:00etan mantenduko da.

Era berean, orain arteko gainerako neurriek ere indarrean jarraituko dute. Hala, merkataritza eta kultura jardueren gehienezko amaiera ordua 21:00etan mantenduko da. Merkataritza establezimenduen edukierari dagokionez, 150 metro karratu baino gehiago dituztenetan %40koa izango da, eta gutxiago dituztenetan, %60koa.

Hamalau egunean 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten 5.000 biztanletik gorako herrietan, berriz, ostalaritza establezimenduen itxiera mantenduko dute; hoteletako jantokiak, bezeroentzako ostatuak, gasolindegiak eta zerbitzuguneetako jantokiak dira salbuespena. Itxita egongo dira apustu etxeak ere. Era berean, herri eta hiri horietan, taldeko kirola bertan behera geratuko da, profesionalen eta erdi profesionalen kasuan izan ezik.

«Ziurgabetasun handia»

Gaur emandako datuen arabera, eremu gorrian sartu da hiru lurraldeetako batezbestekoa, Gipuzkoa eta Araba 500eko langatik behera dauden arren. Hala, erkidegoa «ziurgabetasun handiko» egoera batean dagoela uste du Jaurlaritzak, eta bilakaera epidemiologikoa «oso kezkagarria» dela: «Goranzko joera dagoela berretsi da, oraindik luzatu daitekeena».

Egoera iraultzeko, Jaurlaritzak hiru helburu dituela azaldu du Sagarduik: kutsatzeen kurbaren goranzko joera aldaktzeko neurriak hartzea; egungo neurrien «prebentzio eragina eguneratzea, balioestea eta berrestea»; eta neurri berriak ezartzea, «gerta daitezkeen kasuen eskalatze edo deseskalatze egoera desberdinen arabera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.