Euskara

Udalerri euskaldunetako gazteentzako Arnasetik bideo eta sormen lehiaketa antolatu dute

Arnasa Gara egitasmoak bigarrenez antolatu du lehiaketa. Hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea du xede.

Euskararen aldeko horma irudia, AzpeitikoKarmelo Etxegarai ikastetxean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko irailaren 13a
12:49
Entzun

UEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren Arnasa Gara egitasmoak Arnasetik bideo eta sormen lehiaketa martxan jarri du. 10 eta 16 urte bitarteko euskararen arnasguneetako gazteek parte har dezakete, eta, sormena garatzea ez ezik, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea ere badu helburu. Urriaren 24ra arte izango dute lanak aurkezteko epea.

Antolatzaileek lehiaketaren inguruko xehetasunak ohar bidez azaldu dituzte. Arnasetik euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeei bideratuta dago. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek lanak banaka edo taldeka aurkeztu ditzakete, lagunekin edo ikaskideekin.

Hiru kategoria egongo dira. Batetik, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta euskara maila hobetzeko zergatik egokiak diren azalduz. Hori «promozio bideo baten bidez» edo formatu librean —marrazkiak, olerkiak, bertsoak— egin ahal izango dute.

Bestetik, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako gazteei dagokienez, beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo batean. Hauxe helburua: «Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa da hau».

Azkenik, DBH3koek eta DBH4koek bideo bat egin beharko dute «modu sortzailean», euskal kulturari, musikari eta ekimenei balioa emanez. Gazteek urriaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak, eta sari banaketa azaroaren 22an egingo dute, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.