Hilaren 18an izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, Lesakan (Nafarroa). Zubiak zeharka leloa ardatz hartuta antolatu dute egitaraua. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gaur egin du iragartzeko agerraldia, Lesakako Udaleko eta tokiko euskalgintzako ordezkariekin batera. Festa giroko ekitaldiak ez ezik, udalerri euskaldunen garapenerako erabaki garrantzitsuak ere izango dira. Izan ere, mankomunitatearen batzar nagusia han egingo dute, eta Lakuntza, Bakaiku, Ituren (Nafarroa) eta Zegamako (Gipuzkoa) udalek UEMAko kide izateko asmoz egindako eskabideak aztertuko dituzte bertan. Onbidean, horiek onetsita, maiatzaren 18tik aurrera 111 udal egongo dira UEMAn, eta 346.000 biztanleko «lurgune euskalduna» osatuko dute.
Jaiaren aurkezpenean nabarmendu dute UEMAko kide diren udalerriek ez ezik gainerako herri euskaldunek ere hartzen dutela parte festan. «Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak, biztanleen %70etik gora euskaldunak dituztenak», azaldu du mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik.
Udalerri horiek euskararen normalizaziorako bidean egiten duten «ekarpena» nabarmendu nahi dute batez ere. «Gure herriaren orube nagusiak dira, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa: zubiak zeharka. Zubiek orube sendoak behar dituzte, alde batekoak eta bestekoak elkartzeko balio dute, auzolanean eraiki izan dira mendeetan zehar, eta harri bakoitzak du garrantzia», azaldu du Aramendik. «Udalerri Euskaldunen Eguna bera ere zubia da, UEMA bezala: hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan dugu, eta biak uztartuta ari gara lanean, auzolanean, zubigintzan».
Lesakako Udalaren izenean, Euskara zinegotzi Eneko Fernandezek esan du aparteko «ilusioz» parte hartu dutela egunaren antolaketan, eta bertara agertzeko deia egin die euskaltzaleei: «Bortzirietako eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei». Herriko elkarte eta eragileek jaian esku hartze handia izango dutela jakinarazi du, eta egitasmo «herrikoia» izango dela.
Euskara taldeak
09:45ean hasita, egun osoko egitaraua antolatu dute. Dantza doinuekin amaituko da, gauerdiaren atarian. Festa giroko ekintzek aparteko tokia izango badute ere, batzar nagusiaz gain, izango dira edukiz betetako proposamen gehiago. Euskara taldeen topaketa bat ere egingo dute, adibidez goizean. Euskararen olatu berria sortzeko gakoak izena jarri diote bilkurari. «Bateko eta besteko euskara taldeen lana ezagutzea» izango da helburua, eta lan saio praktiko bat antolatu dute horretarako, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduaren laguntzarekin.
Eguerdian ekitaldi instituzional bat ere egingo dute; horren bidez udalerri euskaldunek duten garrantzia «nabarmentzea» bilatuko dute. Erakunde publikoetako, euskalgintzako eta beste hainbat alorretako ordezkariak izango dira ekitaldi horretan.
omenaldia egingo diote EHE-ri
Euskararen aldeko lanean «nabarmendu» diren elkarteei, herritarrei eta eragileei aitortza egitea izaten da urtero Udalerri Euskaldunen Egunaren xedeetako bat, eta aurten propio EHE Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren sortzaileak omenduko dituzte. Gogora ekarri dute EHE sortzeko «lehen bilerak» Lesakan egin zirela, eta aparteko esanahia izango duela horregatik omenaldiak. Hasierako «talde sortzaile» hartako kideak izan ziren Kontxi Erro eta Antton Erkizia, eta biek jasoko dute propio aitortza. Baina omenaldia «talde sortzaile osoa eta EHEk urte askotan euskararen alde egin duen lana» goraipatzeko izango da. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean izango da ekitaldi hori.