Nafarroaren aniztasuna inon baino gehiago islatzen da udal hauteskundeetan. 293 udal eta 346 kontzeju osatuko dira berriz bozen ostean, eta horietako gehienetan hautagaitza eta talde independenteek irabazi ohi dute. Herri handiagoetan izaten da alderdien arteko lehia, eta oraingo honetan udalen osaera erabakigarria izan daiteke Nafarroan jokatuko den partida orokorrean. Mapari begira, iparraldean EH Bildu da nagusi; hegoaldean, berriz, UPNren eta PSNren artekoa da borroka politikoa. Erdialdean ere izaten da lehia, baina EH Bilduk gero eta eragin handiagoa du —Tafallan eta Lizarran, kasurako—. Iruñerrian, berriz, aliantzen jokoak baldintzatu dezake azken emaitza, eta hor ikusteko dago PSNk zer egingo duen.
Ikusi gehiago:Iruñea: Haize berria sartuko da
Ikusi beharko da UPNri zer kalte egiten dion bananduta aurkezteak, batik bat Iruñerrian eta Erriberako herri handietan. PPk ez du egiturarik lurralde osoan aurkezteko, baina bere hautagaitzak botoak ken diezazkioke udal nagusietan, eta lehen indar izatea erabakigarria izan daiteke UPNrentzat. Eskuineko bi indarren arteko lehia zerrendetan islatu da. Adibidez, Eguesibarko Navarra Sumako alkate Amaia Larraia zerrendatik kanpo utzi du UPNk. Hautagaien izenaz harago, polarizazioaren bila ibiliko da UPN, PPren eta PSNren botoak erakarri nahirik. Parlamenturako bozetan bezala, presio egingo diete sozialistei EH Bilduren alkatetzak eragotzi ditzaten eta udal nagusiak eskuratu asmoz: Iruñea, Tutera, Barañain, Eguesibar, Lizarra...
Lehen indarra
EH Bilduren apustua argia da. 2019an, lehen indarra izan zen: 320 hautetsi eta 28 udalerritan gehiengo osoa lortu zuen. Aurten emaitza hori berretsi eta «ahal den eremu guztietan» jauzi are handiagoa eman nahi du. Duela lau urte baino zerrenda gehiago aurkeztu ditu —Erriberako hainbat udaletan presentzia izango du, kasurako—. Emaitzak bildu bitartean, ondorioztatu du UPNren eta EH Bilduren artean izango dela udal nagusietan gobernua lortzeko aukera erreala. Ondorioz, saiatuko da irizpide gisa ezar dadin boz gehien duen indar aurrerakoiari ematea alkatetza gainerako alderdiek: Iruñean, Iruñerriko udaletan, Lizarran...
Duela lau urte, Zizur Nagusikoa izan zen PSNren botoak behar izan ez ziren udaletako bat, eta Geroa Baik baliatu zuen aukera; Eguesibarren, berriz, ez zen posible izan 2015eko alkatetza errepikatzea, UPN eta PSN eskutik helduta ibili direlako agintaldi osoan. Maiatzaren 29tik aurrera jokatuko den partida nagusi horretan, udalak ekuazioan sartzea nahiko du. EAJrekin batera koalizioko hanka nagusia den Geroa Sozialberdeak alderdiak lurraldean errotzea izan du ardatz. Bozetan ikusiko da noraino lortu duen helburu hori. Iruñerritik at, Altsasu eta Lodosa izan dira Geroa Bairen udal nagusiak.
PSNk 65 zerrenda aurkeztuko dituela baieztatu du. Estellerrian eta Erriberan nagusitasuna kendu nahi dio UPNri; Iruñerrian, berriz, zailtasunak izango ditu lehen edo bigarren indar izateko. UPNren presioari izkin egin nahirik, udalen osaeran bere hautagaien alde egingo duela adierazi du, baina ikusteko dago soka zenbateraino tenkatzen duen jarrera horrek partida orokorrari begira.
Ahal Dugu-k lurraldean hedatzea zuen erronka, baina Nafarroa Zurekin koalizioaren udal arloko apustua batik bat Iruñerrian baliagarriak izatea eta Tuteran alkatetza berreskuratzea izango da, edo bederen UPNri udal gobernua kentzea.
Udalen osaera erabakigarria da partida orokorrean
EH Bildu eta UPN lehiatuko dira udal mapan nork lortuko hautetsi eta alkate gehien. PSNk adierazi du udal handietan bere hautagaien alde egingo duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu