Eusko Jaurlaritzak Mingaina Dantzan egitasmoaren beste fase bat jarri du martxan. Udalekuetan haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu. 2017an eta 2018an, Mundakako eta Berrizko udalekuetan (Bizkaia) egin zuten proba, taldeak eratzerakoan egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta. Orain berriz, ohiko udalekuetara zabaldu dute, eta Gipuzkoan hasi dira: Zarauzko, Hondarribiko, Orioko eta Segurako udalekuetan ezarri dute programa. 13-14 urte bitarteko nerabeek parte hartuko dute.
Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira udalekuetako proiektua bultzatzen. Aurreko urteetan Mundakan eta Berrizen ikasitakoa «aplikatu eta hedatu» egin nahi dute orain, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez. Iñaki Eizmendi da ikerketa soziolinguistikoaren arduraduna, eta, haren arabera, «lan mardula» eskatuko du fase berriak; astebeteko txandak «laburregiak» direla azaldu du, eta, taldeak «nahiko handiak» direnez, programazioan moldaketak egin beharko dituztela. Proiektuaren bitartez, euskararen «erabilera indartzea» eta euskara «bizipen positiboekin lotzea» lortu nahi dute. Horretarako, udalekuetako hezitzaileekin lan saioak antolatu dituzte. Zupiriak azaldu du gazteen artean ezagutza handia dela kontuan hartuta badagoela «hobetzeko tartea».
Liburuxka batean bildu dituzte 2017. eta 2018. urteetan egindako ikerketen emaitzak, udalekuak antolatzen dituzten erakunde edo elkarteek erabil dezaten; euskara haurren eta gazteen artean sustatzeko estrategia eraginkorrenak jasotzen ditu gidak, eta uda honetan ateratako ondorioak txertatuko dituzte irailean.
Udalekuetan euskararen erabilera areagotzeko neurriak hartzen hasi dira
Azken bi urteetan proba pilotuak egin ditu Jaurlaritzak, erabilera nola areagotu aztertzeko. Gipuzkoako udalekuetan ezarri dituzte neurriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu