Udaleku elkartearen erabiltzaileak %22 emendatu dira
Udaleku elkartearen euskarazko aisialdiak gozatzen dituzten haur eta nerabeen kopurua %22,4 emendatu da iaztik, eta bilakaera hori sendi da aspaldian. Pozik agertu ziren elkarteko kideak atzo, Baionako egoitzan egin prentsaurrekoan. Udan eskainitako hamalau egonaldietan 300 haur ibili dira, eta urte guztian Baionan, Hendaian eta Miarritzen (Lapurdi) dituzten bilguneetan ehunka haur dira egoten asteazkenetan eta opor guztietan, Eguberrietan salbu. Urte hasieratik 9.500 lagun kontatu dira elkarteak eskaini animazioetan. Horrez gain, euskararen ulermena ahulduz doala eta erdara gero eta gehiago entzuten dela azaldu dute kezkati. Aisialdietako ekimenetan euskararen erabilera bultzatzeko tresna berri batzuei buruz gogoetatuko dutela zehaztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu