Udalek laguntza eskaini diete Mont Blancen hildako mendizaleen senideei

Oiartzungo, Lezoko eta Usurbilgo alkateek doluminak eman eta babesa adierazi diete hildakoen eta zaurituaren senitartekoei.

Zenbait korrikalari, Mont Blanceko ultratrailean. Lasterketa 170 kilometroko luze da, eta 10.000 metroko desnibel positiboa dauka. BERRIA
Mont Blanc, artxiboko irudi batean. BERRIA
Iosu Alberdi-Julen Urrestarazu- Irati Urdalleta Lete
2024ko abuztuaren 22a
17:21
Entzun

Bi mendizale gipuzkoar hil ziren atzo Mont Blanc du Tacul mendian, Frantziako Alpeetan. 26 urte zituen batek, eta 27 urte besteak; Oiartzungoa zen bat, eta Lezon bizi zen bestea, nahiz eta Usurbilgoa izan. Tontorretik jaisten ari zirela izan zuten istripua, Gervasutti bidean rappel egiten ari zirela. Ehun metro ingurutik erori ziren, zergatik ez dakitela. Haiekin zen beste mendizale bat bizirik atera zen; hura ere Oiartzungoa da. Herriko alkate Joana Mendibururen esanetan, ospitaleratuta dago, baina «ondo».

Ezbeharraren berri izandakoan, herri horietako udalek samina adierazi dute gertatutakoagatik: Mendiburuk berak, Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak doluminak eman dizkiete mendizaleen senide eta lagunei. Euskadi Irratian azaldu dute tramite administratiboak azkartu dituztela hiru mendizaleak Frantziatik Euskal Herrira ahalik eta azkarren ekartzeko. Gainera, bakoitzak txio bat eskaini die mendizaleen gertukoei X sare sozialean.

Babesa eta doluminak

Mendiburuk aitortu du herrikidearen heriotza «atsekabe handia» izan dela herritar guztientzat. «Herriko zenbait elkartetan parte hartutakoa zen, eta, gaztea izanik ere, ekarpen handiak egindakoa», adierazi du alkateak. Ohar bidez, udalak jakinarazi du baliabideak eskaini dizkietela biktimei: «Udala hildako eta zauritutako oiartzuarren familiekin harremanetan jarri zen atzo, herri gisa, gertaera lazgarri hau pairatu duten familiei behar duten elkartasuna adierazi eta laguntza eskaintzeko, izapide administratiboak ahal den neurrian arintzeko eta laguntza psikologikoa haien esku jartzeko». Aldi berean, haien «esparru intimoa» errespetatzeko eskatu du udalak: «Oiartzunek eta oiartzuarrek esparru seguruak eskaini behar dizkiete hurbilenekoei agurra egiteko eta horrelako garai zailetan agertzen diren sentimenduak adierazteko».

Arrutik doluminak eman eta babesa adierazi die mendizalearen familiari eta gertukoei: «Beti da gogorra istripu baten ondorioz inor hil dela jakitea, baina are gogorragoa da bi gazteren heriotzaz ari bagara». Hildakoaren amarekin hitz egiteko aukera izan zuen, doluminak adierazteko, eta agindu du «ahal den laguntza guztia» emango diela. 

Halaber, Solaberrietak ere doluminak adierazi dizkio Usurbilen bizi zen biktimari. «Hunkidura, tristura eta mina eragin du 27 urteko gaztearen heriotzak», gehitu du Usurbilgo alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.