Gorenak ere baliogabetu egin ditu udalek euskaraz jardun ahal izateko artikulu batzuk, PPren eskariz atzera botatakoak

PPk auzitara jo ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak sententzia bat eman zuen EAEko udal legea euskararen arloan garatzeko dekretuaren harira, eta Gorenak ontzat eman du orain, Jaurlaritzak helegitea garaiz ez aurkezteagatik.

EAEko udal legearen aurkako epai baten harira hautetsiek eta euskalgintzako eragileek egindako agerraldia, Bilbon, 2023ko uztailean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
EAEko udal legearen aurkako epai baten harira hautetsiek eta euskalgintzako eragileek egindako agerraldia, Bilbon, 2023ko uztailean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete
2025eko apirilaren 11
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

179/2019ko dekretuak EAEko udal legea garatzen du euskararen arloan. Haren zenbait artikulu baliogabetzeko epaia eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an; PPk abiatu zuen auzibidea. Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkez zezakeen Espainiako Auzitegi Gorenean, baina ez du garaiz egin; beraz, auzibidea itxita, Gorenak ere baliogabetzat jo ditu artikuluak orain. Gorenak oraindik ebazteko du dekretu horren aurkako antzeko beste auzi bat, Voxek abiatutakoa. 

Berez, hauxe da 179/2019 dekretuaren xedea: udal legea euskararen arloan garatzen du beren-beregi. Zehazki, modua ematen du udaletan euskara sustatzeko eta euskaraz funtzionatzeko. PPk, baina, haren aurka egin zuen, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion 2023ko urriaren 19an; dekretuaren 18.1, 18.2 eta 33.5 artikuluei eragin zien ebazpenak. Horietan jasota dago, besteak beste, udalen barne dokumentazioa euskaraz nahiz gazteleraz egin daitekeela, baita aktak-eta euskara hutsean idazteko aukera egongo dela ere. Epaileak euskararen eta gazteleraren arteko oreka gorde beharra aipatu zuen artikulu horiek baliogabetzeko argudiotzat: «Bi hizkuntza ofizialak berdinak dira, eta ezin da bietako bat lehenetsi».

Eusko Jaurlaritzak eman ditu gertatutakoaren inguruko argibideak. BERRIAri jakinarazi dionez, aurkeztu, aurkeztu zuen kasazio errekurtso bat. Alta, errekurtso horiek Gorenak onartu behar ditu, eta zera gertatu da: PPk Auzitegi Gorenera jo zuen eskatzeko Jaurlaritzaren kasazio errekurtsoa ez zedila onartu, epez kanpo zegoelakoan, eta Jaurlaritzak errekurtsoa jartzeko epearen hasieratzat har zedila PPk helegitea aurkeztu zuen eguna eta ez epaitze aretoak horretarako aukera zegoela adierazten zuenekoa. «Azkenean, Gorenak ontzat eman du PPren epeen interpretazioa, eta gure kasazio errekurtsoa onartu ez».

Dena dela, Jaurlaritzak ez dio aparteko garrantzirik eman ebazpenari: «Uste dugu gertakari hau eta sortu den eztabaida ez direla erabakigarriak gure hizkuntza erregulazioaren etorkizunerako». Izan ere, haien esanetan, ebazpen honetakoak baino «askoz erabakigarriagoak» diren beste gai batzuk landuko dira Voxek abiarazitako auzibidean, eta, oraingoz, hartan ez dute «inolako intzidentziarik» izan: «Auzibidea zabalik dago, eta epaiketaren inguruko eztabaidak aurrera doaz». Eta laster espero dute ebazpena: «Espero dugu laster behin betiko epai bat izatea gai honen inguruan, egonkortasuna berreskura dezagun eta dekretuak indarrean iraun dezan».

Aurretik ere, kolokan

Auzitegiek lehendik ere jarriak dituzte kolokan udal legeak hizkuntza kudeaketaren inguruan eman dituen irizpideak. 2023ko uztailaren 6a jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batek udal legearen 6.2 artikulua baliogabetu zuela. Artikulu horrek modua ematen die udalei euskaraz jarduteko, hau da, barne funtzionamendurako agiriak-eta euskara hutsean egiteko.

Urte hartako urriaren 17an izan zen EAEko udal legea euskararen arloan garatzen duen 179/2019 dekretuaren kontrako lehen epaiaren berri. EAEko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen hainbat artikulu baliogabetzea. Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegite baten erantzuna izan zen ebazpen hura. 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua baliogabetu zituen; 18., 24., 27. eta 36. artikuluetako eduki batzuk ere bai.

Urriaren 19an, dekretuaren beste hainbat artikulu baliogabetzea ebatzi zuen. PPk jarritako helegite bati erantzun zioten orduko hartan. Dekretuaren 18.1, 18.2 eta 33.5 artikuluei eragiten die sententziak, eta gaur plazaratu den epaiaren arabera, hain justu ere, Gorenak berretsi egin du hori.

Euskalgintza, babes eske

Gorenaren erabakiaren berri izan bezain pronto iritsi da euskalgintzaren erantzuna. Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du helegite horren inguruko izapideetan Jaurlaritzak egindakoa «hutsegite larria» izan dela. Erabakia «irmoa» dela gogoratu du, eta ebazpen honen ondorioz udalak «erabat babesgabe» geratuko direla hainbat jarduera euskara hutsean egiteko orduan.

Gogora ekarri du auzibide horren oinarrian zera dagoela, Voxek jarritako helegite bati erantzunez Auzitegi Konstituzionalak udal legearen kontra emandako sententzia. Erakunde euskaltzaleak gogoratu du lege hori 2016an onartu zela, «kontsentsu zabalez» onartu ere.

Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eskatu die egin ditzatela beharrezko lege aldaketak udalek euskaraz jarduteko eskubidea berreskuratze aldera. «Izan ere, ebazpen honek euskara bigarren mailako hizkuntza eta euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatzen ditu». Aurrera begira ere, arazo da: «Eragotzi egiten du euskarak normalizaziorako eta biziberritzerako bidean dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea».

Kontseiluak gogoratu du «traza bereko» beste auzibide bat dagoela Gorenaren erantzunaren zain, Voxek abiarazitakoa hain justu ere. Oraindik ebatzi ez bada ere, aurreko beste asko bezala, hura ere «atzerakoia» izango den susmoa dute, eta, horregatik, iritzi diote erantzun «bateratua eta irmoa» eman behar dela orain.

Ebazpenak udal guztiei eragingo badie ere, bereziki UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatekoentzat izango da arazotsua, aurrerabideak eginak baitituzte euskara hutsezko jardunbideetan. Erakunde horretako lehendakari Martin Aramendik bi eske nagusi egin ditu. Bat: euskararentzat «benetako lege babesa» ezartzea, ezinbestekoa baita aurrera egiteko. «Alderdiei dei egiten diegu dagokien lekuan egin dezaten horretarako bidea. Kalera ateratzea, epaiak salatzea eta aurrera egingo dugula esatea beharrezkoa da, baina benetan ezinbestekoa dena legea aldatzea da, euskara babesteko». Nabarmendu duenez, beharrezkoa bezain presazkoa da legea aldatzea, «euskara benetan ofiziala izan dadin, gazteleraren makuluen beharrik gabe». Hala egin ezean zer arrisku izango diren nabarmendu du: «Legearen ezpataren beldurrez, euskararen aldeko urratsetan atzera egingo dute erakunde publikoek, foru aldundietan eta hiriburuetan ikusten ari garen bezala».

Eta bi: euskara erdigunera ekartzea eta hizkuntza politika «serio» hartzea: «Epai honek argi erakusten du ezinbestekoa dela euskararen aldeko hizkuntza politika benetan aintzat hartzea eta erdigunera ekartzea. Euskara larrialdian dagoela adierazi dute hainbat ikerketak eta eragilek. Beraz, aurrera egiteko eta egoera benetan iraultzeko, euskara erdigunera ekarri behar dute erakunde publikoek». Horretarako, keinuak ez dira aski: «Benetako erabakien garaia da. Erabaki ausarten garaia da. Bidegurutzean ezin dugu geldirik eta zalantzan geratu. Bidegurutzean, ezinbestekoa da bide egokia hartzea».

Aramendiren irudiko, euskara erdigunera ez ekartzearen ondorio argia da Eusko Jaurlaritzak kasazio helegitea epez kanpo aurkeztu izana eta horren ondorioz epaia irmo bilakatu izana: «Uler ditzakegu interpretazio ezberdinak eta hutsegite teknikoak, baina honek argi erakusten du hizkuntza politikak ez duela behar duen zentralitatea. Gaia hain larria ez balitz, irrigarria ere izango litzateke gertatu dena, baina, zoritxarrez, oso larria da, eta ehunka udalerri euskaldunen jardunari eta milaka eta milaka herritarren hizkuntza eskubideei eragiten die honek. Beraz, Eusko Jaurlaritzari ardurak eta erantzunak eskatzea dagokigu honek bete-betean eragiten digun udalerri euskaldunoi, gertatu denaren inguruko azalpenekin batera».

LAB sindikatua ere kritiko mintzatu da, eta «irmoki» salatu du ebazpena. Haien irudiko, «hankaz gora» jarri dute udaletan euskara normalizatzearen alde urteetan egindako lana: «Epai hauek babesik gabe uzten dituzte udalak euskara normalizatzeko». Halaber, Eusko Jaurlaritzaren «arduragabekeria» ere gaitzetsi dute. Horiek horrela, euskalgintzako eragileek egin bezala, sindikatuak eskatu du legeak aldatzeko, segurtasun juridikoa bermatu eta hala «euskararen normalizazio osoa erdiesteko udal administrazioan».

 

udal legearekin lotutako ebazpenak

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.