Gogora institutuak laguntza deialdi bat ireki die udalei eta tokiko erakundeei memoria historikoaren eta demokratikoaren proiektuak garatu ditzaten. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, astelehenetik aurrera izango dute aukera laguntza eskatzeko. Hilabetez egongo da irekita deialdia, urriaren 27ra arte. Orotara, 137.000 euro ditu Gogorak memoria arloko proiektuak finantzatzeko eta banatzeko.
Jaurlaritzaren arabera, helburua da, besteak beste, 1936tik izan diren gertaera traumatikoen eta giza eskubideen urraketa larrien ikerketa larriak eta haien argitalpena laguntzea. Ikerketa horiek giza eskubideekiko eta indarkeria ezarekiko konpromisoa azaldu behar du.
Ikerketaz gain, sinbologia frankista kentzeko ekimenak eta memoria historikoaren ibilbideak osatzeko egitasmoak finantzatuko dira. Memoria histikoaren ibilbide horiek seinale eta irudi berak izango dituzte, eta memoria demokratikoaren balioak partekatuko dituzte. Gertaeren urteurrenak eta pertsonen omenaldiak ere sustatuko dira, baita hitzaldiak, mintzaldiak eta erakusketak ere.