Udabiltzako zaintza arloko arduraduna

Agurtzane Solaberrieta Mesa: «Udalei tresna bat eskaini nahi diegu zaintzaren eremuan eraldaketak egiten hasteko»

Udalbiltza herri zaintzailearen kontzeptua garatzeko eta praktikan jartzeko gogoetan murgilduta dago, udalei tresnak emateko bide horretan.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo batzar aretoan. GORKA RUBIO / FOKU
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo batzar aretoan. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Usurbil
2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

Agurtzane Solaberrieta Mesa (Usurbil, Gipuzkoa, 1979) Udalbiltzako batzorde eragilean zaintza arloko arduraduna da, Usurbilgo alkatea izateaz gain. Herri zaintzailea definitzeko lanetan ari dira, aditu, berdintasun teknikari eta kargu publikoez osatutako mahai batean. Zaintzari buruzko greba feministatik urtebetera, hango aldarrikapenak udal politiketara eramateko gida bat osatu nahi dute udarako.

Zer da herri zaintzaile bat?

Horixe definitu nahian gabiltza. Ikusten genuen beharra hitzetik hortzera darabilgun herri zaintzailearen kontzeptua definitzeko. Herri bakoitzak bere idiosinkrasia du, baina marko kontzeptual bat eskaini nahi dugu, abiatzeko.

Nola ekarri praktikara, ordea, teoria?

Hori izan da, hain zuzen, Udalbiltzan eratu dugun mahaiari eman diogun zeregina.

Mahai hori nortzuk osatu duzue?

Udalbiltza erakunde nazionala da, tokiko entitatez eta udalez osatutako partzuergo bat. Oso errealitate ezberdinetatik abiatzen gara bai herrietan, bai lurraldeetan, eta zeresanik ez eremu administratiboetan, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean. Alor hau jorratzeko, garrantzitsua iruditzen zitzaigun lurralde ordezkaritza publiko batek ez ezik, ordezkaritza tekniko batek ere parte hartzea. Prozesua, berriz, Emagin ari da dinamizatzen. Hogei laguneko lan mahai bat eratu dugu, iraunkorra. Nahi genuke ikasturtea bukatzerako esku artean zerbait izan herriei eskaintzeko. Hori da geure buruari jarri diogun erronka. Finean, Udalbiltzako kideei, udalei, tresna bat eskaini nahi diegu zaintzaren eremuan eraldaketak egiten hasteko.

Nondik abiatu zarete?

Hiru eremu identifikatu genituen: bat, pertsonen zaintza; bi, zer-nolako herriak eraikitzen ditugun elkar zaintzeko, ingurumena ere aintzat hartuta; eta hiru, zer gobernantza eredu eraikitzen dugun elkarlanerako. 

«Uste dugu pertsona bat ondo edo gaizki egoteak baduela lotura komunitate baten parte sentitzearekin ere. Horregatik, inportantea da komunitateak ere zaintzaren betaurrekoak jantzita edukitzea»

Zein ikuspegiren gainean?

Zehar lerrokoak izan beharko luketen lau gai txertatuta. Bat, ekofeminismoa: naturarekin lotuta bizi gara, eta bizi dugun klima larrialdiaren aurrean ezin dugu ez ikusiarena egin. Bi, antiarrazismoa: gure gizartearen zaintza migrazioaren bizkar ari da egiten, eta, zaintzak eraldatu behar baditugu, errealitate horri ezin zaio bizkar eman. Hiru, kapazitismoaren aurkako jokabidea: horren aurkako ikuspegia txertatzea, pertsona guztiok gaitasun diferenteak ditugula eta errealitate guztiak aintzat hartu behar direla ulertuz. Eta lau, adinkeria saihestea: gaur egun oso presente dago adina dela-eta egiten den diskriminazioa. 

Adibide zehatzak jarriko zenituzke?

Gure kasuan, Usurbilen, pertsonen beharretan zentratzen ari gara. Gaur egungo eredua zerbitzuen arretan ardaztua dago, eta uste dugu pertsona ardatz duten ereduetara jo behar dugula. Gaur egun, sistema eraikita dagoen eran, menpekotasun balorazio bat egiten da, eta horren ondoren esaten dizute lorturiko puntuen arabera zein laguntza dagokizun: hala nola etxeko arreta, eguneko zentroa edo egoitza. Pertsona ardatz duen ereduak, berriz, lehenik eta behin pertsona ezagutzea eskatzen digu. Guretzat hori da gakoa: edozeinek zaintza behar badu ere, bere bizi proiektuarekin aurrera egin behar du baldin eta ahal badu. Horretarako, garrantzitsua da lehenik eta behin pertsona hori ezagutzea, haren beharrak eta nahiak. Lan tresnak behar ditugu horretarako. Horiek sortzen ari gara. Eta zaintza planteatu behar dugu ez bakarrik zerbitzuen ikuspegitik, baizik eta komunitatearekin lotura galdu gabe. Uste baitugu pertsona bat ondo edo gaizki egoteak baduela lotura komunitate baten parte sentitzearekin ere. Horregatik inportantea da komunitateak ere zaintzaren betaurrekoak jantzita edukitzea. 

«Lidergo politikoak oso inportanteak dira, baina baita lidergo teknikoak ere. Zer prestakuntza eskatzen diegu etorkizuneko funtzionarioei?»

Espazioak ere badu zeresana, ezta?

Badago kontzeptu bat oso gustuko dudana: 8-80 herria. Zortzi urtekoa nahiz 80 urtekoa kalean eroso eta seguru sentitzen bada, edozein herritar sentitzen da seguru. Horrek behartzen gaitu mugikortasun jasangarria sustatzera, irisgarritasuna aintzat hartzera, oinezkoei eta txirrindulariei lehentasuna ematera, baita tokiko merkataritzari ere. Zergatik hau? Nekez hitz egingo dugu herri zaintzaile batez tokiko merkataritzarik ez badago. Gure betiko auzo eta herrietako dendak dira aitona-amonen betiko espazioak, haien seme alaben eta biloben beharrik gabe mugitzeko. Oso garrantzitsua da haientzat euren erosketak egiten segitu ahal izatea, hitz batzuk egin ahal izatea auzokideekin, dendariekin...

Bestelako eredurik?

Leitzan, Nafarroan, oso proiektu interesgarria abiatu dute. Kooperatiba bat sortu dute: Zaindu Leitzaldea. Despopulatzea eta biztanleriaren zahartzea ari da gertatzen eremu hartan. Horrek behar berriak sortu ditu, eta horiei soilik administraziotik ezin zaie erantzun. Komunitatearen beharra dago, bakoitzak bere arduratik erantzun behar die erronka horiei. Goizuetan ere, medikutara Iruñeraino joateko sare moduko bat sortu dute joan-etorrietarako. Antsoainen ere, jantoki komunitario bat sortu dute, tokiko ekoizpenarekin lotuta. Bertan prestatzen dute jana eta beharra dutenei banatzen diete, udaletik.

Maiz, baina, atomizatuta geratzen dira ekinaldi horiek, ezta?

Plataforma bat sortu behar dugu, gauza asko jada martxan baitaude, eta elkarren berri izan behar dugu. Praktika onak daude kopiatzeko. Toki askotan ari dira gauzak martxan jartzen, eta horri guztiari txapel bat jarri nahi diogu, eta norabide batean jarri.

Gobernantza eredua aipatu duzu lehen.

Prozesu honetatik ere proposamen bat eratu nahi genuke, gobernantzaren atalean udalak barrutik nola eraldatu proposatzeko, eta kanpora begira ere nola gobernatu definitzeko. Lidergo politikoak oso inportanteak dira: horiek agendan jarri gabe ez da posible aldaketarik. Baina lidergo tekniko oso inportante bat ere badago. Talde tekniko trebatuak behar ditugu horretarako. Inportantea da arlo akademikotik ere honi heltzea. Zer prestakuntza eskatzen diegu etorkizuneko funtzionarioei? Gobernantza kolaboratiboa ere hitzetik hortzera dabil, baina hitz hutsaletan geratzen da gero ez badugu praktika zehatzetara ekartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.