Euskal Herriko bertze zazpi herri sartuko dira Udalbiltzan, Euskal Herriko udal eta hautetsien erakunde nazionalean, eta horiekin 84 udal izango dira erakundeko kide. Dima, Izurtza, Markina Xemein, Plentzia (Bizkaia), Berrobi, Mendaro (Gipuzkoa) eta Larraun (Nafarroa) dira udal berriak. Horiek ez ezik, bertze zenbait herrik ere adierazi dute asmoa dutela urtean zehar erakundean sartzeko.
Etzi eginen dute aurtengo lehenbiziko Kontseilu Nagusia, Bergaran (Gipuzkoa), eta bilkura horretan bihurtuko dira Udalbiltzako kide udal berriak. Saio hori egiteaz gain, lau urtean behin egiten duten Batzar Orokorra ere eginen dute egun horretan. Berezia izanen da aurtengoa: 2024an erakundeak 25 urte beteko ditu, eta bilkurak ekitaldi izaera izanen du. Bertan «nazio eraikuntzari» egin dioten ekarpena aitortuko dute, eta «burujabetzarako egitasmo eraldatzaileen» bide berritua aurkeztuko.
Izan ere, Udalbiltza burujabetzarako proiektu eraldatzaileen estrategia lantzen ari da buru-belarri. Erakundeak berak adierazi duenez, tokian tokiko erakundeek sustatuta edo lagunduta, eraldaketak gauzatzen ari diren egitasmo berritzaile ugari ari dira sortzen Euskal Herriko zenbait lekutan, eta proiektu horiek guztiek helburu komun bat dute: burujabetzaranzko bidea egitea.
Udalbiltza egitasmo horiek guztiak laguntzen ari da. Hori baita taldearen lan garrantzitsuenetako bat: aholkularitza. Haritz Alberdi Arrillaga da erakundeko lehendakaria, eta urte hasieran beren lanari buruzko xehetasunak eman zituen BERRIAn: «Txikian eragin nahi dugu, baina lurraldea hor dugula ahaztu gabe, noski; izan ere, lurraldearen saretzea da gure beste zutabea».
Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra 1999ko irailaren 18an sortu zuten, Bilboko Euskalduna jauregian, 1.778 hautetsiren aurrean. Bost printzipio izan zituzten oinarri: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea; eta nazioartean adieraztea Euskal Herria nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela.