Udalbiltzaren epaia jaso berritan epaituek egindako agerraldiaren ondoren erantzun ditu BERRIAren galderak Ondarroako alkate ohiak. Maitasunetik mintzatzen da Loren Arkotxa (Ondarroa, 1945). Lanerako gogoz, eta oraindik «hodei batean» dagoela.
Guztien absoluzioa jaso duzue. Zein sentipen duzu lehen ordu hauetan?
Lehenengo sentimendua pozarena da, zeren, beldurretan edo kezkatan behintzat egon gara. Zein sententzia izango zen kezkatuta, zigorra etorriko ote zen, eta zigorra izatekotan, nolakoa. Niri Dignidad y Justiciak 23 urteko espetxe zigorra eskatzen zidan; fiskalak, 15ekoa hasieran. Epaiketan oso argi geratu zen ez zegoela gu akusatzeko frogarik akusazioa ez zelako egia, baina beti dago zer gertatuko den zalantza.
Erabakia guretzako pozgarria da arlo pertsonalean, eta pozgarria da, uste dut, Euskal Herri osoarentzat. Udalbiltza burua tente duela atera da epaiketa honetatik. Argi geratu da lan gardena egin duela, demokraziaren oso oinarritik zetorren gardentasun horrekin egin duela lana.
Zer frogatu du epaiak?
Herrigintza lan legitimoa dela, ez dela delitua. Udalbiltza lan hori egiteko instituzio tresna baliagarria dela eta ez dela instrumentu terrorista bat. Eta harro gaude horren partaide izan garelako.
Zeure burua kartzelan ikusten zenuen?
Bai. Dudarik gabe, gainera. Horregatik hartu dut sorpresa, eta lurreratu gabe nago oraindik. Zigorra espero nuen. Azken atxiloketak ikusita, eta aurrekoak eta aurrekoak, estatua Euskal Herriko panorama berriari gogor erasotzen ari zaiola erakusten ari da. Epai honek ere ildo berari jarraituko ziola uste nuen; ez ziola begiratuko Euskal Herrian sortzen ari den argi berriari.
Egungo egoerak epaian eragin duela uste duzu, beraz?
Eragin duela uste dut. Eta estatuak inoiz hasi behar du bere eraso itsuei buelta ematen. Buelta hori ez da izango gauetik goizerakoa. Halako buelta zabala izango da, denbora hartuko duena, poliki-poliki emango dena, baina eman egin behar du. Bai Egunkaria-ren sententziak bai Udalbiltzarenak ziaboga baten hasiera erakusten duela uste dut, itsasoko terminoak erabilita; horrela dela sinetsi nahi dut behintzat.
Zerbaiten abiapuntu dela?
Bai, baina oraindik estatuak ostikada bortitzak emango ditu Euskal Herriko mugimenduen kontra.
Horren adierazgarri dituzu aste honetako atxiloketak?
Hori da. Gainera, inkomunikatuta dauzkaten gazteek tratu txarrak jasoko dituzten beldur naiz, eta gure sententzia erabiliko dute hori estaltzeko eta esateko Zuzenbide Estatuak behar bezala funtzionatzen duela. Estatuak jolastu egiten du. Ziaboga horretan oraindik jolasten ari da batzuei horrelako sententziak emanez eta beste batzuei zigor gogorrak emanez. Joko maltzur hori egingo du.
Geldituta egon da Udalbiltza, eta epaiak dio zilegi dela haren lana. Berriz piztu behar dela uste duzu?
Bai. Eta hausnarketa bat ere egin behar dugula uste dut. Instituzio gisa lan egiteko aukera izan zuen hiru urte laburretan hainbat gauza egin zituen. Gero, estatuko indarrek bahituta eduki dute ia zortzi urtean, baina Udalbiltzabiltzaren espiritua bizirik mantendu izan dugu hautetsion artean. Izpiritu hori oraindik bizirik dago, eta berraktibatu beharra dago, Euskal Herriak behar duelako. Euskal Herriaren etorkizunean Udalbiltzak ekarpen oso garrantzitsuak egiteko asmoa eta ahalmena du. Bai bakeranzko bidean, eta bai Euskal Herriko eragile politiko gehienak bertan bildu eta bertan parte hartzeko. PSE-EE, adibidez, ondo egokitzen da Udalbiltzan. Esaten duten moduan federalistak badira, ez dute inongo kontraesanik Euskal Herriaren markoan eta haren garapenean lan egiteko. Udalbiltzak oso eremu zabala eskaintzen du Euskal Herrian lan egiten duten eragile politiko gehienentzat. Beraz, etorkizunera begira, Euskal Herriko joera politiko ideologiko denentzako onuragarria den baliabidea da.
Zer egin ahalko luke berriz indartu eta martxan jarriko balitz?
Lan egonkorrean aritu zen hiru urteetan gauza garrantzitsuak egin zituen: bakeranzko biderako pausoak proposatu ziren, adibidez, joera politikoen errekonozimendua eta elkarren koexistentzia oinarri hartuta. Errealitatea da Euskal Herrian hainbat identitate sentimendu bizi direla elkarrekin, eta horiek errespetuan eta elkarren errekonozimendu osoan elkarbizi behar dute. Hori landu beharreko bide bat da. Eskubideen Karta da beste bat. Euskal Herrian bizi den pertsona bakoitzak du hor babesa. Karta garatu eta praktikan jarri behar da. Eta autodeterminazioa edo herrien erabakitzeko eskubideen aldeko lana ere egin behar du. Frogatuta dago gatazka politikoen irtenbidea herrien eskubideen errespetuan dagoela; erabakitzeko eskubidearen errespetuan. Horrez gain, arlokako beste hainbat gai landu behar ditu; Euskal Curriculuma, adibidez. Herri batek beharrezko dituen gaiak dira, eta garatu egin behar dira.
Are gehiago egoera aldatzen ari dela dirudien une honetan?
Bai, dudarik gabe, zeren, azken batean, herrigintza egin beharra dugu. Euskal Herria, borroka luze honetan, erresistentziara ohituta egon da, eta herrigintzan aritzeko astirik ere ez du izan. Urte luze-luzeetan aritu gara erresistentzian, eta herri garapenerako inbertsioak egiteko garaia da.
Kaltea egina dago. Kalte-ordainik eskatzeko asmorik baduzue?
Oraingoz, ez dugu gaia aztertu.
Nola azalduko zenuke auziak zuri egin dizun kaltea?
Hainbat urte hipotekatu dizkidate, plangintzarik egin ezinik utzita. Nik sasoirik onenak eginak nituen auzia etorri zenerako, baina Udalbiltzako kideei begiratzeak min ematen zidan. Epaiketan denak gazteak ikusten nituen, familia gazte-gazteekin batzuk, haur txiki bat, bi edo hirurekin... 'Bizitzaren lorean dagoen jendea barrura eramango dute!', pentsatzen nuen. Horrek ematen zidan benetan min. Sufritu, denok sufritu dugu, argi dago. Kalte animiko oso handia izan dugu, eta bizitza antolatzeko ikaragarrizko oztopoa izan da bakoitzarentzako zortzi urteetako egoera hau. Espetxealdiak ere izan dira... Ni urtebete egon nintzen kartzelan. Baina, tira, mendeku sentipenik ez dugu.
Loren Arkotxa. Udalbiltzako lehendakaria
«Udalbiltzak ekarpen handiak egiteko ahalmena eta asmoa du»
Ez zuen absoluzio epaia espero, eta egoerak eragin duela uste du, nahiz eta oraindik «estatuaren ostikadak» espero dituen. Udalbiltzaren lanari begiratu nahi dio; etorkizunari. Eta ilusio handiz begiratzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu