Udalbiltzak aholkularitza eskainiko die udalei, «burujabetza eta eraldaketa» proiektuetarako

Partzuergoko kideak diren udalek doan izanen dute aholkularitza hori, baina Udalbiltzatik kanpo daudenei ere kontsulta arinak eskainiko dizkiete, telefonoz. Hartu Eman proiektuaren barruan kokatzen diren ildoetan eskainiko dute aholkularitza «estrategikoa».

Udalbiltzaren batzar orokorra, 2019ko azaroan, Durangon. JUANAN RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 18a
12:40
Entzun

Euskal Herriko udaletxe eta herriko etxeen «burujabetasun integralerako bidean» aholkularitza zerbitzu bat jarri du martxan Udalbiltzak. Aholkularitza «estrategikoa» da Udalbiltzak emanen duena, eta «burujabetza eta eraldaketa» helburu dituzten proiektuetara bideratutakoa. Izan ere, Hartu Eman esperientzien bankuaren proiektuaren barruan kokatuko dute aholkularitza hori, eta hor zehazturiko lan ildoak izanen ditu oinarri. 

Hartu Eman esperientzien bankuak Euskal Herriko udaletan —eta, 2021etik aurrera, nazioartekoetan— garatutako esperientzia «eraldatzaileen» bilduma bat egitea du helburu, gainerakoentzat «eredugarri» izan daitezen. Baina haratago joan nahi du orain Udalbiltzak, proiektuaren garapenean «aurrerapauso» bat emateko: «Esperientziak bildu ez ezik, proiektu eraldatzaileak eta burujabetza helburu dutenak aurrera atera nahi dituzten udalei aholkularitza zerbitzua eskainiko die oraingoan».

Aholkularitza zerbitzuaren bitartez, proiektu horien «lehen faseetan» laguntza ematea da asmoa, kontsulta telefonikoen eta azalpen batzarren bitartez, aurre proiektuen lanketa egiteraino, «betiere tokian tokiko potentzialitatearen eta nahien arabera». Horretarako «kanpo inteligentzia harreman sarea» eratzen joan da Udalbiltza hilabeteotan, hainbat erakunde, kooperatiba eta kolektiborekin, horretarako hitzarmen ezberdinak sinatuta.

Udalak aitzindari

Udalbiltzaren arabera, bere partzuergoko kide diren udalak «aitzindari» izaten ari dira «burujabetza proiektuetan eta udalgintzako proiektu eraldatzaileen garapenean». Horregatik hasiko da udal horiekin aholkularitza zerbitzua eskaintzen. Halere, Euskal Herri osoko udal zein hautetsiei ere zabaldu nahi diete zerbitzua erabiltzeko aukera, kontsulta telefoniko zein «gehienez bost ordura bitarteko kontsulta arin moduan». Era berean, «etorkizunean burujabetza integralaren garapen prozesuak» sustatzeko hautetsi eta udal teknikariei zuzendutako formakuntza saioak garatzeko «atea irekita» utzi nahi duela jakinarazi du Udalbiltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.