Bihar egingo dute Udalbiltza berrantolatzeko batzarra, Donostian. Euskal Herri osoko 1.200 udal hautetsik baino gehiagok eta 150 alkatek bat egin dute Udalbiltza berriro osatzeko prozesuarekin. Igor Eguren Ordiziako alkatea talde sustatzaileko kidea da, eta internauten galderei erantzun zien atzo www.berria.info-n.
Udalbiltzak, sorreran, kutsu politiko nabarmena zuen (sortze helburuak: EH nazioa dela aldarrikatzea, EHren egituratze politikoan laguntzea eta nazio eraikuntza bultzatzea, nazioartean EH nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea...), eta pauso handiak eman zituen (EHNA, Eskubideen karta...). Prentsan oraingo lehentasunak irakurri ditudanean, kutsu politiko hori ez diot usaindu. Burujabetzarako tresna izango da ala udalen kudeaketa bateratura mugatuko da? Eneko.
Udalbiltzaren sorrera bost printzipiotan oinarritu zen, aipatu dituzunetan eta herrialdeetako udalen arteko harremana estutzean. Printzipio horien gainean oinarritu dugu orain ere berregituraketa. Udalbiltza Euskal Herriaren zatiketa administratibo-politikoa gaindituko duen erakunde nazionala da, Euskal Herriaren egituraketa politikoan lagundu nahi duena, baina oinarrian udalak dituena, uste baitugu herritarrek gertuen sentitzen dituzten erakundeek duten pisuagatik Euskal Herriaren izaera nazionalaren artikulazioa tokiko erakunde horietan lan egiten duten gizon eta emakumeen lan eta konpromisotik hasten dela.
Aurreko aroan ez al zuen Udalbiltzak gatazka gehiegi aipatzen? Segura.
Aipatu, eta sufritu ere bai, gogotik. Euskal Herrian beste hainbat erakunde konprometituk sufritu eta sufritzen duen bezala. Ekidin ezin den gaia izan da, eta da. Normalizazio bidean, pauso guztiak (gehienak?) emateko daude, baina etorkizunik bada, etorkizunean pentsatzen dugulako da. Udalbiltza aro itxaropentsu batean berregituratuko da, eta nazio izaera eta garapena bultzatzen laguntzera dator. Normalizazio politikoa lortzeko beste pauso bat da.
Independentziaren aldarrikapena sustatuko du Udalbiltzak? Edo nazio eraikuntza izango du ardatz? Barakaldotik.
Euskal Herriaren izaera aitortzen duen hautetsi orok du eskubidea Udalbilzan lan egiteko. Hori da oinarri behinena. Eta hortik abiatuta, Euskal Herriaren egituraketa politikoan laguntzea eta nazio eraikuntza bultzatzea. Unean-unean hartuko dituen erabaki eta aldarrikapenen berri, hautetsiek hala eskatuta, zuzendaritzak eman behar beharko du. Baina ez dut huts egingo esaten badut herritarren erabakitze eskubidearen aldeko jarrera izango duela.
Udalbiltzaren jarduna izango denaz eta egin dezakeenaz, erreparatu diozue Kataluniari? Gauza ezberdinak badira ere, han herrietatik abiatu zuten galdeketa independentisten ekimena; han badute Kataluniako Biltzar Nazionala... Haiekin harremanetan zaudete? Iker.
Bai, noski, inguratzen gaituen errealitate sozio-politikoaren irakurketa ere egiten ari gara. Nazio ikuspegiaren aitorpenetik abiatzen diren mugimendu interesgarriak daude Kataluinian, Eskozian eta Flandrian adibidez. Baina gure oraingo lana Euskal Herriaren egituratzean datza eta horretarako ekarpen guztiak izango dira onak. Oraindik ez dugu beste herrialdeekin harreman ofizialik izan, lehenik eta behin erakundea eratu behar delako.
Zenbat bilera egin dituzue EAJrekin (edota Udalbiderekin) Udalbiltza berriarekin bat egin dezaten proposatzeko? Zer argudiorekin erantzun dizuete ezetz? Mirari Velez.
Talde sustatzaileak eragile askorekin izan du harremana azken urte honetan, baita EAJ eta Udalbiderekin ere, eta esan ahal dizut inork ez diola ezezko borobilik eman Udalbiltzan egoteari. Une politiko honetan norberak bere lehentasunak ditu, eta horren arabera hartuko ditu erabakiak. Dena den, talde honen helburua izan da eta izango da printzipioekin bat egiten duten guztien atxikimendua lortzea.
Zer onura ekarriko dizkio udalerri bati, Ordiziari adibidez, Udalbiltzan egoteak? Adibideren bat? Axier.
Argitu nahi dut une honetan atxiki garenak hautetsiak garela, hots, Udalbiltza udal eta udal hautetsien biltzarra da, baina oraingo atxikimendua hautetsiek soilik eman dugu, banako gisa. Helduko da, baina, udalak atxikitzeko proposamena. Dena den, Ordiziako hautetsiak Udalbiltzan egoteak onurak baino ez dizkio ekarriko herriari. Gogoan izan, nazio ikuspegia aintzat hartuta, printzipioetako bat herrialdeetako udalen arteko harremana sendotzea dela. Egun, zeintzuk dira herrien artean ditugun harremanak? Zein senidetze mota ditugu? Udalbiltzak ahalbidetuko du esperientziak trukatzeko bideak irekitzea, errealitate partekatuak ditugun herrien arteko senidetzak egitea, gure berezitasunak ezagutu eta ezagutarazteko aukerak gauzatzea, azken finean, herrion arteko artikulazioa sendotzea eta gure arteko ezagutza areagotzea. Muga administratiboak gainditu eta Euskal Herria egituratzen laguntzea da helburua.
Igor Eguren. Udalbiltzaren talde sustatzaileko kidea
«Udalbiltza beste pauso bat da normalizazio politikoa lortzeko bidean»
Donostian egingo dute, bihar, Udalbiltza berriro antolatzeko batzarra. Itxaropentsu agertu da Eguren haren sorreraz, jardunaz eta indarraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu