Biolin hotsak, poemak, dantza eta hainbat eta hainbat herritarren babesa. Horiek izan dira nagusi gaur Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan. Euskal Herriko udal eta hautetsien erakunde nazionalak 25 urte beteko ditu aurten, eta, ibilbide horretan ikasi eta ikusitakoa errepasatzeaz gain, datozen urteetan burujabetzaren bidean egingo dituzten pausoen berri ere eman dute. Hori bai, irudi berria eta udalerriak bidelagun dituztela. Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria eta Klara Rouget erakundeko zuzendaria arduratu dira etorkizuneko urrats horiek azaltzeaz. Aitortu dute joan den urteko irailean kargua hartu zutenetik «plazer, ohore eta ardura» sentimenduak dituztela gidari.
Arkaitz Minerrek eman dio hasiera ekitaldiari: argiak itzalita zeudela, biolina jotzen sartu da aretora. Harridura hitzak nagusitu dira ikusleen artean, eta horien sakelakoen pantailetako argiak apurtu dute aretoko iluntasuna. Txalo zaparrada luze baten ostean, Gorka Artola Bergarako alkateak hartu du hitza. Herri gisa erronka anitz daudela onartu badu ere, adierazi du «komunitate kohesionatu» batek indar gehiago duela. Hala, erran du osoko bilkurara eramanen duela Bergara Udalbiltzan sartzeko proposamena: «Gaur zazpi herri batu dira Udalbiltzara, eta hurrengoan beste bat izango da. Bidea elkarrekin errazago egiten baita, bakarrik baino».
84 udalek osatzen dute Udalbiltza, gaur bertan sartu baitira Dima, Izurtza, Markina-Xemein, Plentzia (Bizkaia), Berrobi, Mendaro (Gipuzkoa) eta Larraun (Nafarroa). Poliki-poliki, beraz, gero eta gehiago dira erakundeko kideak, eta zerrenda aldatzen ari da. Hala iritzi diote Miren Amurizak eta Ekhiñe Casadok ere, hitzaldi eta hitzaldi artean Dena aldatzen da izeneko poema irakurri baitute. Erakundearen ibilbidea errepasatu ostean, Miner igo da oholtzara berriz ere, Jon Maia dantzaria zuela lagun. Dantza eta kantu artean, Mertxe Aizpuruak eta Jabi Asurmendik –erakundeko lehendakari izanak biak– aginte makila eman diote Minerri. Ikurra oholtzan utzi bezain laster, ikusle guztiak zutik jarri, eta txaloek bete dute aretoa.
Aldi berria
Argiak itzali dira, eta isiltasuna nagusitu. Pare bat minuturen buruan piztu da oholtzaren gaineko pantaila, Udalbiltzaren irudi berria erdi-erdian. Hasi da aldi berria. Argiak piztu bezain azkar igo dira oholtzara Alberdi eta Rouget. Eskerrak eman, eta erakundearen irudi berriaz mintzatu da Rouget: «Gure erakundearen bilakaerarekin bat datorren irudi bat bilatu dugu. Lehengoa ahaztu gabe, armarria oinarritzat hartu dugu, eta Udalbiltzaren U horren barruan sartu; hala, irudi berri eta modernoago bat sortu dugu».
Alberdik erran duenez, haiei egokitu zaie aldi berriko karguak hartzea, baina azpimarratu du aginte makila guztiena dela: «Hor aurrean dugun aginte makila horrek Euskal Herriko udalekin eta hautetsiekin dugun erantzukizuna adierazten digu, eta beraz, haien, zuen, zerbitzura arituko gara lanean hurrengo urteetan». Hala, batzordeko kide eragileei eskatu die oholtzara igotzeko, eta ikusleen txalo zaparrada jaso dute. Herritarren babesa lagun, erakunde berrituak ekin dio jada burujabetzaren bideari.
Lantaldea ondoan zuela egin ditu azkeneko adierazpenak Alberdik: «Uste dugu guztion artean indarra egiten jarraitu behar dugula gure herriaren burujabetza lortzeko bidean, nazioa eraikitzen jarraitu behar dugula. Eta argi dugu hori egunerokoan egiten dela, udalerriz udalerri lantzen diren proiektu zehatzen bidez». Parez pare duten erronkari «gogotsu eta ilusioz» helduko diotela erran bezain azkar bete da aretoa txalo hotsez.
Instituzio nazionala
Udalbiltzak lau urtean behin egiten du Batzar Orokorra. Aurtengoa, baina, berezia izan da, erakundeak 25 urte betetzen dituela ospatu baitute. Mertxe Aizpurua eta Jabi Asurmendi arduratu dira ibilbide horretako irakaspen, oztopo eta lorpenak xehe-xehe azaltzeaz. «Ezer ez dago idatzita. Ezer ez zegoen idatzita duela 25 urte ere, Euskalduna Jauregian Udalbiltza sortu zen egunean. 25 urte pasatu dira, eta, 25 urteren ondoren, hemen gaude, Udalbiltzaren arrastoari jarraituz», adierazi du Aizpuruak.
Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra 1999ko irailaren 18an sortu zuten, Bilboko Euskalduna jauregian, 1.778 hautetsiren aurrean. Aizpuruak gogoratu du bertan egon zela, eta geroztik hamaika oztopo izan dituztela: «Atxiloketa asko izan ziren, egoitzak itxi, jarduera geldiarazi eta murriztu egin zuten, eta zenbait urtez erreferentzia sinboliko gisa geratu zen Udalbiltza. Ez zen nolanahikoa, ordea. Euskal Herri osoa biltzen zuen lehen instituzioa. Bakarra. Eta horrek, sinbolikoa izanik ere, indarra du, eta garrantzia». Hala, azpimarratu du duela 25 urteko leku berean irauten duela, hasierako printzipio berberekin: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea; eta nazioartean adieraztea Euskal Herria nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela.
Haren aburuz, ibilbide horrek zera frogatzen du: «Udalbiltzaren etorkizuna handiagoa izango da haren iragana baino»: «Gure herriaren hauspoarekin bizi zaretelako, herriaren taupada zuzen-zuzenean sumatzen duzuelako zuen inguruan eta azken finean herriaren taupada delako gauzak aldatzeko bultzada emango duena».
Asurmendi, berriz, erakundearen sorreraz baino gehiago haren eginkizunaren inguruko gogoeta prozesuaz mintzatu da: Udalbiltzan Bagabiltza. 2017an abiatutako ibilbide hartan ondorioztatu zuten burujabetza materialak sustatzea ezinbertzekoa zela, «herritarren ahalduntzea» garatzen zuelako eta «kanpoko menpekotasunak» murrizten zituelako. «Era berean, ondorioztatu zen eskala lokalak eskaintzen dituela burujabetza materialak garatzeko bermeak eta aukerak», gehitu duenez. 2019an izendatutako zuzendaritza berriari zegokion planteamendu horretan oinarrituta Udalbiltzaren ibilbidea berriro definitzea.
Hala, hamazazpi lan ildo zehaztu zituzten, eta geroztik «eskema berriarekin» lanean aritu direla adierazi du Asurmendik. Garatutako zenbait proiekturen berri eman du. Horrez gain, eskerrak eman dizkie orain arte Udalbiltzan lan egin duten guztiei, eta hausnarketa propio bat ere gehitu du: «Eskala lokaletik, burujabetza nazionalean izugarrizko urratsak egin ditzakegu burujabetza proiektuen eta proiektu eraldatzaileen bitartez. Gure udalerritik begirada altxatu eta Euskal Herriari begira jartzea lortzen badugu, proiektu nazionalak garatu ahal izango ditugu».