Gaur astebete jakin zuten Udalbiltzako kideek haien absoluzioa jasotzen duen epaia irmoa dela. «Bukatu da amesgaiztoa, ametsak gauzatzeko garaia da», adierazi zuten erabakiaren berri izan zutenean, prentsa ohar baten bidez. Atzo, agerraldi publikoa egin zuten, eta esker ona adierazi zieten ia zortzi urte iraun duen prozesuan bidelagun izan dituzten banako eta eragile guztiei. Era berean, Udalbiltzan egin zuten lana berretsi eta etorkizunean Euskal Herriak gisa horretako instituzio baten beharra izango duela aldarrikatu zuten. «Beti esan dugun bezala, orain epai baten zigilu eta guzti diogu berriro: Udalbiltza tresna baliagarria zela eta dela Euskal Herrian bake eta demokrazia egoera erdiesteko eta Euskal Herria nazio gisa garatzeko. Tresna beharrezkoa, zilegia eta posiblea», nabarmendu zuen Juan Karlos Alduntzin Pasaiako alkate ohi eta Udalbiltza auzian absolbituak. Jasotako babesa eskertu, eta Udalbiltzaren beharra aldarrikatzeko ekitaldi publiko bat egingo dutela jakinarazi zuen, halaber, Alduntzinek. Ekitaldia maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ostean izango dela iragarri zuen.
Agerraldi jendetsua izan zen atzokoa. Bertan ziren Eusko Alkartasunako, Aralarreko eta ezker abertzaleko ordezkariak. Baita gizarte eragileetako eta sindikalgintzako kide ugari ere. Horiez gain, Euskal Herritik kanpo lanean aritu diren talde eta banakoen laguntza gogoan izan zuen Alduntzinek. «Udalbiltza aske da. Baina ez da aske kasualitatez. Auzipetu guztien absoluzioa eta Udalbiltza instituzioaren askatasuna posible izan bada, era guztietako pertsona eta taldeen elkartasun eta salaketa dinamika emankor eta eredugarriari esker izan da».
Alduntzinek gogorarazi zuenez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiak berretsi baino ez du egin eragile horiek eta euskal gizartearen sektore zabal batek zekiena. Udalbiltzako kide ohiaren arabera, eskubide zibil eta politiko guztien defentsa izan da Udalbiltzaren «iparrorratza». «Eta hori egin du, betiere, Euskal Herri osoko udal hautetsien borondate askea ardatz eta muga izanik. Orain, ia zortzi urteko zigor injustuaren ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak berak berretsi du Udalbiltzaren jardueraren zilegitasuna».
Oskar Goñi Berako zinegotzi ohi eta Udalbiltza auzian absolbituak ere esker oneko hitzak izan zituen auziak iraun duen zortzi urteetan babesa eta laguntza eskaini duten guztientzat. Eta datozen udal eta foru hauteskundeen ostean aukeratuak izango diren ordezkari politikoei dei egin zien Udalbiltzak hasitako bidetik jarraitzera. «Udalbiltza herriarentzat eta herritarrentzat izango da aske; etorkizuna ilusioz harilkatzeko tresna ezin hobea da, herriaren esku herritarrek aukeratuta, udal eta udal ordezkarien gidaritzapean», nabarmendu zuen.
Udalbiltza beharrezkoa dela aldarrikatzera deitu dute
Maiatzeko hauteskundeen ostean ekitaldi bat egingo dutela iragarri dute Udalbiltzako kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu