Euskal Herriko hainbat hiri eta herritako udaletxe aurreak eta plazak jendez bete ziren atzo iluntzean, Udalbiltza auziko epaia absoluzioa izan dadin exijitzeko egin ziren elkarretaratzeetan. Bilbon, Donostian, Iruñean, Tolosan, Bergaran, Arrasaten, Bakion, Barakaldon, Getxon, Zeberion, Laudion, Hazparnen... Udalbiltza aske! Justizia=Absoluzioa leloarekin bat egin zuten elkarretaratze isiletan, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetuei epaia jakinarazi baino egun bat lehenago.
Gaur goizean jakinaraziko baitu Auzitegi Nazionaleko 1. Salako epaimahaiak Udalbiltza auzian auzipetutako hogei hautetsi eta langileen gaineko epaia. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburu duen salak ez du egin auzipetuak edo defentsako abokatuak hara joan daitezen inolako dei edo zitaziorik; aitzitik, idatzizko probidentzia baten bitartez jakinarazi die auzipetuei gaur goizean jakinaraziko dutela epaia.
Absoluzioa beste epairik ez dutela espero esan dute auzipetuek, haien alde sortutako babes taldeek eta atzo elkarretaratu ziren herritarrek nahiz Udalbiltzaren alde egin diren manifestazioetan bildutakoek.
«Urduri eta lasai»
«Urduri eta lasai» daudela esan zuten auzipetuek, iragan ostiralean eman zuten prentsaurrekoan. Urduri, joan den uztailetik urrira bitarte egin zen epaiketatik bi hilabete eta erdira iritsiko den epaia jakin bitartean, hogei auzipetuen etorkizun hurbila eta askatasuna jokoan dagoelako. Urduri, Udalbiltzan jardun izana delitu modura zigortuko ote den argituko delako. Baina, era berean, lasai, eta harro ere bai, «hautetsi modura, Udalbiltzako kide modura egindako bide guztia eskubide demokratiko guztien defentsan egin izan delako».
Lasaitasuna, baita ere, auzitegian epaiketa «irabazi» egin zutelako, auzipetuen aurka aurkeztutako «frogak» banan bana desegin zituztelako, prozesuaren zio politikoa agerian utzi zutelako eta akusatuen aurkako salaketa zehatzik ez dagoelako, salaketa orokorrak baizik.
Baina hamarna urteko kartzela zigor eskaerari eutsi zion fiskalak ahozko auzi saioaren amaieran. Epai horren esperoan, denen ahotan dago Egunkaria auziaren amaiera. Bi kasuen artean antzekotasun ugari daude. Amaiera ere berdina izan dadin nahi dute auzipetuek.
'Udalbiltza auziko' epaia absoluzioa izatea exijitu dute udaletxe aurreetan
Auzipetutako hautetsiek eta langileek gaur jasoko dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu