Gasteizko udal gobernuak badu asmoa Errekaleor auzoa eraisteko, baina prozesua bizkortu gabe. Orain arte iragarritako urratsekin segituko dute EAJk eta PSE-EEk. 21 Zabalgunea hirigintza agentziaren ezohiko bilkura egin zuten atzo, PPren ekimenez, eta bi gai izan zituzten hizpide: batetik, hamar egun baino lehen salaketa jartzea Errekaleorko eta Olarizu hiribideko «legez kanpoko okupatzaileen kontra»; bestetik, Errekaleorko etxeak eraisteko proiektua onartzea. Gainerako taldeek ez zituzten babestu proposamen horiek, eta, beraz, ezerezean geratu dira PPren asmoak.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak behin baino gehiagotan azaldu du Errekaleor auzoa eraisteko asmoa. Ordea, ohartarazi izan du «berme guztiak» behar direla horretarako; gobernu taldearen iritziz, hain justu, PPren proposamenek ez zuten betetzen baldintza hori. Udal gobernuak batzarrean jakinarazi zuen aurrera ari dela tramiteetan. Iazko irailean enpresa bat hartu zuen udalak, Errekaleor eraisteko proiektua idatz zezan, eta eraiste lanetarako kontratuaren lehiaketa publikoa uztailean egin zuen. 500.000 euroan atera zuten obra lehiaketara, eta ez dute jakinarazi zertan den.
Halaber, Urtaran alkateak maiz esan du epaitegien erabakiak entzun behar direla Errekaleorri buruzko edozein neurri abiarazi aurretik. Izatez, oraindik argitzeko dago Errekaleorren auzibidea. Orain hiru urte baino gehiago iritsi zen gaia Espainiako Auzitegi Gorenera, eta oraindik ez du jakinarazi tramiterako onartuko duen edo ez. Auzibidea 26. atariaren okupazioari buruzkoa da. 21 Zabalgunea udal agentziak auzitara jo zuen atari hori okupatu zutenen aurka; lehen auzialdian gazteei eman zieten arrazoi, eta, bigarrenean, udalaren agentziari. Bizilagunek Auzitegi Gorenera jo zuten orduan, eta epaileek zer erantzungo zain daude oraindik.
Errekaleorko kideek hauteskunde atariko giroarekin lotu dituzte 21 Zabalgunea agentziaren batzarreko mugimenduak. Iker Ruiz de Jauregi Errekaleorko kideak uste du EAJk eta PPk gogortu egingo dituztela auzo okupatuaren aurkako mezuak maiatzeko hauteskundeetara bitartean. Are gehiago, ohartarazi du Errekaleortik harago jotzen ari direla: «Gero eta gehiago dira okupazioa praktika politiko gisa baliatzen duten mugimenduak, eta gogortzen ari dira aurkako mezuak».
Azken erabakia politikoa izango da, ez auzitegiena, Ruiz de Jauregiren ustez. Azaldu du hori iritsi bitartean proiektua sendotzen ari direla. «Ikusi zen argi mozketaren aurrean zer babes eskuratu genuen, eta hori da gure defentsarik onena». Gaineratu du auzoa eraisteko proiektuari buruz zalantzak dituztela Errekaleorren. «Ez dakite zer egingo duten auzoa dagoen lekuan, eta ikusteko dago udalak lor ote dezakeen auzoa botatzeko aurrekontua».
Olarizu, ia guztiz publikoa
Errekaleorri buruzko proposamenez gain, atzoko batzordean hizpide izan zuten Olarizu hiribideko hainbat etxebizitzaren kasua. Errekaleorrekin bezala, Gasteizko Udala aurrera ari da kale horretako etxe batzuk erosteko prozesuarekin, gerora eraisteko, eta, azken hilabeteetan, hainbat pertsonak okupatu egin dituzte hiribide horretako etxe batzuk.
21 Zabalguneko batzarrari proposamen bat egin zion udal gobernuak atzo: Olarizuko hiru etxe erostea. Horietako bi norbanakoen jabetzakoak dira, eta beste bat, Laboral Kutxarena. Bada, lehen biak erostea onartu zuten batzarrean, udal gobernuko bi taldeen eta PPren botoekin, baina ez hirugarrena erostea, PP ez baitzen ados agertu. Gasteizko Udalak oraingoz ezin du proiekturik hasi bertan, harik eta eraikin osoa jabetza publikokoa izan arte.
Udalak ez du aurreratuko Errekaleor auzoa eraistea
PPk hamar eguneko epean bizilagunen aurkako salaketa jartzearen alde egin du. Udalak orain arte emandako pausoekin jarraituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu