Izaskun Larruskain. Jaizkibel konpainiako kapitaina

«Udalagatik balitz, alardearen arazoa ez litzateke sekula konponduko»

Hondarribiko alarde mistoko kapitain kargua «ohorez» hartu du Izaskun Larruskainek. Jaiez gozatzera deitu ditu herritarrak.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
«Urtetik urtera gehiago gara. Horrek erakusten du gauzak aldatzen ari direla». Izaskun Larruskainen (Hondarribia, 1966) hitzak dira, Hondarribiko alarde parekideko kapitain berriarenak. Larunbateko desfileari begira egiten ari diren entseguetan giroa «oso lasaia» izaten ari dela nabarmendu du, eta gero eta babes handiagoa dutela. Udalaren aldetik, ordea, ez du jarrera aldaketarik sumatzen.

Aurten irtengo zara lehen aldiz Jaizkibel konpainiako kapitain moduan. Nola hartu duzu izendapena?

Urteak daramatzat Jaizkibel konpainian desfilatzen, eta ohore handia da niretzat kapitain moduan irtetea. Ez nuen espero izendapena, eta arduraz eta ilusioz hartu dut. Alarde guztiak dira bereziak, baina aurtengoa are bereziago. Etxean bost gara, eta guztiak irteten gara. Seme-alabak txikitatik irteten dira, eta oso egun polita izaten da, familia girokoa. Zoragarri pasatzen dugu.

Astelehenean hasi zenituzten entseguak. Nola doaz?

Egia esan, lehen egunean ni oso urduri nengoen. Baina pixkanaka lasaituz joan nintzen, eta azkenerako asko gozatu nuen. Ni Alde Zaharrekoa naiz, eta oso berezia izan zen handik igarotzea. Jende asko egon zen gu ikusten, eta gustura ibili ginen. Gainera, lehen egunean dagoeneko 158 lagun elkartu ginen, eta, alardea larunbatean dela kontuan hartuta, dezenteko konpainia bat osatzea espero dugu. Urtetik urtera gero eta gehiago gara, eta gazte asko ari da guregana etortzen. Horrek erakusten du gauzak poliki-poliki aldatuz doazela, eta etorkizuna hor dago. Ikusleen artean ere antzematen ari gara pixkanaka aldaketa, bereziki gazteen artean. Nahiz eta egia den gustatuko litzaigukeela pausoak azkarrago ematea. Baina badakigu pazientzia izan behar dugula.

Dena den, berriro ere ezin izan duzue nahi zenuten moduan entseatu: bi aldiz igaro nahi zenuten San Pedro kaletik, baina behin bakarrik egiteko baimena eman dizue Herrizaingo Sailak. Espero zenuten?

Egia esan, ez genuen espero. Harriduraz hartu dugu. Baina berehala aldatu genuen pentsamendua. Iazko debekuaren ostean, argi dugu berriro ere San Pedro kaletik entseatu ahal izatea lorpen bat dela. Apirilean gure alde atera zen epaiak ere indar handia eman digu. Gainera, San Pedro kaletik igaro ginenean ez zen arazorik izan.

Udalarekin nolakoak dira harremanak? Antzeman al diozue jarrera aldaketarik?

Harremanik apenas dugun, eta haien jarrera ez da aldatu. Garbi dago herrian dagoen arazo larrienetakoa dela eta udalak lan egin beharko lukeela konpontzeko. Herritarrok jaia bizitzeko bi modu ditugu, eta udalak zubi lana egin beharko luke. Baina hori ere ez du egiten. Esan digute datorren urterako ahaleginen bat-edo egingo dutela, baina ez dugu hori horrela izango dela pentsatzeko arrazoirik. Udalarengatik izango balitz, arazo hau ez litzateke sekula konponduko. Horren adibide da abuztu hasieran gertatukoa. Gure eskariari aurre egiteko, udaleko langile batek Alarde Fundazioarena inskribatu zuen aurretik. Guk salaketa jarri genuen, eta Arartekoak onartu egin zuen.

Zer gertatu da horrekin azkenean?

Udalak onartu zuen gaizki egin zuela, eta ordena aldatu. Baina esaten digute ordenak ez duela garrantzirik. Orain arte bazuen, eta tradizionalari lehentasuna emateko arrazoi moduan erabiltzen zuten.

Dena den, aurten izan dituzue albiste onak ere. Hor dago, adibidez, Emakunde saria.

Bai. Halako gauzek aurrera egiteko indarra ematen digute.

Zer eskatuko zenieke larunbatean Hondarribira bertaratuko direnei?

Gozatzeko jaiaz, eta, garai hauetarako harrigarria bada ere, errespetua. Gutxienekoa da hori.

Emakumeak soilik kantinera gisa ateratzearen alde daudenek urtero egiten dute protestaren bat zuen desfilean. Azken urteetan, adibidez, aterki eta plastiko beltzak atera dituzte. Aurten zerbait espero duzue?

Ez gaitu kezkatzen, eta ziur gaude egunen batean inongo protestarik gabe igaroko garela Kale Nagusitik. Ea aurten den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.