Udal legetik erantzi nahi dituzten ahalmenak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan euskararen erabilerari lege abaroa emateko araudia findu dute udal legeak eta hura hizkuntzaren arloan aplikatzeko dekretuak. Baina justiziak auzitan jarri ditu euskara lehenesteko modua ematen duten hainbat artikulu.

Udaletako ordezkariak, Konstituzionalak udal legearen kontra ebatzitako epaia salatzen, 2023ko uztailean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Udaletako ordezkariak, Konstituzionalak udal legearen kontra ebatzitako epaia salatzen, 2023ko uztailean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
arantxa iraola
2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2016koa da udal legea deiturikoa; Eusko Legebiltzarrak urte hartako apirilaren 7an onetsi zuen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeen jardunbideak, betebeharrak eta funtzioak zehazte aldera. Araudi hori ezaguna da, besteak beste, hainbat irizpide zehazten dituelako tokiko administrazioetan euskara lehenesteko. Baina legeak alde horrexetatik irekitako hainbat ate trabatu egin ditu ondoren justiziak. Udal legearen kontrako sententziak ebatzi dira, eta baita hura hizkuntzaren arloan aplikatzeko egindako 179/2019 dekretuaren kontrakoak ere. PP eta Vox taldeek abiarazi dituzte arau horien aurka egiteko auzibideak. Hainbat mugarri izan dira bidean.

2023ko uztailaren 6an jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren kontrakotzat jo zuela udal legean artikulu bat: agiriak-eta euskara hutsean idazteko modua ematen duen artikulua, hain justu. 2023ko urrian, berriz, 179/2019 dekretuaren kontrako bi sententzia atera ziren argitara, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatziak biak. Horietako bat, PPk abiarazitako auzibidearen emaitza, berretsi egin du hilabete honetan bertan Espainiako Auzitegi Gorenak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dekretuaren defentsa egingo zuela iragarri zuen, baina helegitea atzera bota du orain auzitegiak, garaiz ez zela aurkeztu argudiatuta. Vox talde ultraeskuindarrak abiarazitakoa da beste auzibidea, eta horren gaineko epairik ez da ebatzi oraindik. Baina aurki espero da. Bigarren epai horren garrantzia nabarmendu du Jaurlaritzak berriki, PPk abiarazitako auzibidearen harira Gorenak emandako epaiaren inguruan egin dituen adierazpenetan. «Espero dugu laster behin betiko epai bat izatea gai honen inguruan, egonkortasuna berreskura dezagun eta dekretuak indarrean iraun dezan».

Euskalgintzak kezka handia du, oro har, euskararen aurrerabideak eragozte aldera ebatzi diren sententzien inguruan, eta euskararen kontrako «oldarraldi judiziala» dagoela ere salatu du sarri. Era berean, kritikatu egin ditu tokiko administrazioetan euskararen sustapena saiheste aldera justiziak eman dituen ebazpenak ere. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere usu adierazi du epai horien inguruko kezka. Izan ere, mankomunitatean bildutako udalak aitzindariak izan dira euskara lehenesteko aurrerabideetan, eta ondo dakite zer garrantzi duen lege abaro egokia izateak: ezinbestekoa da segurtasun juridikoz aurrera jarraitzeko. Aurrez izan dituzte arazoak, adibidez, aktak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara euskaraz bidaltzeagatik-eta. Eta udal legeak emandako irizpideen kontrako sententzien harira, gero eta eremu labainkorragoan aritu behar dute.

Hona udal legearen kontrako bide judizialean auzitegiek baliogabetu dituzten edo baliogabetu nahi dituzten artikulu nagusiak, eta ondorioz euskarari itxi nahi izan dizkioten ateak:

 

Aktak-eta euskaraz egitea

2023ko uztailaren 6an jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuela udal legearen 6.2 artikulua. Artikulu horrek udalei modua ematen die barne funtzionamenduko agiriak euskara hutsean idazteko. Horra nola dagoen hori jasota: «Toki erakundeetako organoen deialdiak, gai zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira». Konstituzionalak ebatzi zuen, ordea, botere publikoek ezin dutela «lehenetsi» hizkuntza «koofizial» bat.

Sententziak kezka eta ezinegona eragin zituen, eta agerraldi jendetsuak egin ziren hura salatzeko. Agerraldi horietan hainbat udalek gogora ekarri zuten urteak daramatzatela lege esparru horren abaroan funtzionatzen, inolako gorabeherarik gabe. Argi utzi zuten artikulu horrek «berme» guztiak ematen dituela euskaraz funtzionatzeko, inoren hizkuntza eskubideak urratu gabe. Hain justu ere, artikulu horretan bertan jasota dago euskara hutsean jardunda ere euskaraz ez dakitenen eskubideak errespetatu behar direla beti. Halaxe dio: «Ahalmen hori baliatu ahal izango da, baldin eta, toki erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira». Auzitegi Konstituzionalak eman zituen arrazoibideen arabera, ordea, gaztelania erabili ahal izateko euskara ez jakitea argudiatu beharrak «hautsi» egiten du bi hizkuntza ofizialen arteko «oreka».

Euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatea

Euskara hutsean zerbitzu emateko eta lan egiteko atea irekitzen du 179/2019 dekretuaren 12. artikuluak. Horra: «Euskadiko toki entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute». EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, PPk eta Voxek abiatutako auzibideei erantzunez adierazi du euskara ezin dela «lehenetsi». Konstituzionalak aurrez emandako irizpidea izan da auzitegiak hor erabilitako arrazoibideetako bat: euskararen alde egiteak «urratu» egiten du bi hizkuntza ofizialen arteko «oreka».

Euskaraz funtzionatzea

Euskarazko funtzionamendua bideratzeko lege esparrua zedarritu nahi du dekretuaren 9.2 artikuluak ere: «Hizkuntza plangintzaren helburua izango da udal jarduketak euskaraz egin ahal izatea. Horretarako, neurriak hartuko dira udalek euskaraz funtziona dezaten; bereziki, euskararen arnasguneetan». Baliogabetu beharrekoa da hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusiarentzat ere.

Udalek hizkuntza irizpideak ezartzeko eskumena izatea

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetuko artikuluen artean dago dekretuaren 11. artikuluaren lehen atala ere. Horrek eskumena aitortzen die udalei «hizkuntza arloko udal-eskumen propioa oinarri hartuta, udalek, dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera» hizkuntza irizpideak ezartzeko. Esaterako, ekitaldi publikoetan euskarak izango duen tokia erabakitzeko, hizkuntza ofizialei barruko udal zerbitzuetan zer trataera emango zaien ebazteko, edota beste administrazioekin izango diren harremanetan hizkuntzen trataera zein izango den zehazteko.

Lehen hitza euskaraz egitea

Herritarrei emango zaien arreta zer-nolakoa izan behar duen zehazten du dekretuaren 27.1 artikuluak, eta ahozko harremanetan euskara lehenesteko aukera ematen du: «Langileek euskaraz esango diete lehenengo hitza herritarrei; gero, herritarrak aukeratutako hizkuntzan jarraituko dute». Eta horixe da, hain justu ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetutako beste artikuluetako bat. Artikulu horrek modua ematen du, baita ere, bozgorailuetako mezuetan-eta euskara lehenesteko. «Hartzaile zehatzik gabeko mezuak zabaltzen direnean gailu automatikoen bidez, edo telefonozko informazio zerbitzuen, bozgorailuen edo antzeko bitartekoen bidez, lehenik euskaraz emango dira». Hori ere baliogabetu beharrekoen zerrendan sartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.

Administrazio kontratazioan hizkuntza irizpideak ezartzea

Dekretuaren 36. artikuluak zera zehazten du: zer «klausula» ezar ditzaketen tokiko erakundeek administrazio kontratazioko eta lankidetza hitzarmenetako hizkuntza irizpideetan. Horietako hainbat ere baliogabetu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak. Euskara lehenestea helburu duten artikuluak dira guztiak ere.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.