Herritarrak ere sumindu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen harira ebatzitakoak, eta dozenaka herritar kalera irten dira, zenbait euskara elkartek deituta. Iragan ostegunean jakinarazi zuten Konstituzionalak ezeztatu egin duela Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien modua, «oreka linguistikoa» urratzen duelakoan.
Erabaki horrek eragindako sumindura horren adierazle izan zen Zarauzko (Gipuzkoa) Zirika euskara elkartearen lehen «agerraldi behartua». Elkartea irailaren 14an aurkeztekoak ziren, baina, Konstituzionaleko epaiak bultzatuta, elkartearen lehen protesta agerraldira deitu zuten atzo arratsean, udaletxe aurreko plazan. Erabakia oso larritzat jo dute, euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik, ofizialtasuna ere auzitan jartzen duelako. Euskara egoera oso zaurgarrian dagoela iritzi diote Zirika kultur elkarteko kideek, eta, egoera zaurgarrian daudenak babestu behar direnez, euskara ere babestu beharra aldarrikatu zuten, aitzitik, «badirudielako hemen babestuta dagoen hizkuntza bakarra gaztelania dela», agerraldian salatu zutenez.
Kezka agertu zuten normalizatzen ari direlakoan hizkuntz eskubideen kontrako epaiak, eta erantzun beharra sumatu zuten «gure aurrekoengatik, guregatik eta gure seme-alabengatik».
«Euskaraz gara, euskara gara» aldarrikatuz amaitu zuten agerraldia Zarautzen, Josu Txapartegi Txapas-ekin Behin betiko abestia kantatuz. Zirika elkartekoek irailaren 14rako gonbidapena egin zuten, orduan aurkeztuko baitute elkartea.
Arrasaten eta Mutrikun ere (Gipuzkoa) atera ziren kalera. Arrasaten, herriko hainbat eragilek osatu duten hizkuntza eskubideen aldeko protokoloak egin zuen deialdia. Hizkuntza eskubideen defentsan pausoak eman ahal izateko batu ziren dozenaka lagun plazan.
Mutrikun, hainbat euskaltzalek deituta atera ziren kalera; haien ustez, epaiak euskararen erabilera mugatzeaz gain, euskararen ofizialtasuna ere auzitan jartzen duelako.