Euskara

Udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren artikulu gehiago baliogabetu ditu justiziak

Aste honetan bertan, EAEko Auzitegi Nagusiak beste artikulu batzuk baliogabetuak zituen, Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegitearen eraginez. Oraingo baliogabetzeek ere eskuinean dute sorburua: PPren helegite bati emandako erantzuna dira.

jarraia234139.jpg
Gurutze Izagirre - Arantxa Iraola
2023ko urriaren 19a
16:34
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak beste epai bat eman berri du, udal administrazioek beren jardunean euskara lehenestearen kontra. PPk jarritako helegite bati erantzun dio, eta baliogabetu egin ditu EAEko udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren zenbait arau. Idatziak euskara hutsean sortzeko modua ematen zuten arau horiek, betiere bermatuta euskaraz ez dakienari gaztelaniara itzulitako dokumentazioa emango zaiola. Epaian azpimarratu dute, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daudela, eta biek pareko izan behar dutela: «Ezin da egon bat bestearen gainetik. Bi hizkuntzak ofizialki berdinak dira, eta ezin da bietako bat lehenetsi», ebazpenaren arabera. Gainera, gogoratu dute Espainiako Konstituzioak ez duela «agintzen» gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat jakin beharra.p>

Zehazki, dekretuaren 18.1, 18.2 eta 33. 5 artikuluei eragiten die epaiak.

18.1 artikuluan jartzen du euskaraz idatzi ahal izango direla udalen deialdiak, eguneko gai ordenak, mozioak, boto partikularrak, akordio proposamenak, batzorde informatiboen irizpenak, akordioak, tokiko organoen aktak eta gainerako udal dokumentazioa, udal bakoitzak onartua duen hizkuntza irizpidearen arabera. Baina artikuluak gaineratzen du erabiltzen den hizkuntzak udal horretako kideren baten «eskubideari» kalte egingo badio, aukera izango duela alegatzeko ez dakiela erabili den hizkuntza hori, eta, orduan, beste hizkuntza ofizialera itzuli beharko zaio dokumentazioa. Sententziak, ordea, arauaren zati hau ezabatu du orain: «Alegatu ahal izango luke erabili den hizkuntza ez dakiela». Horrenbestez, herritarrak ez duenez propio eskatu beharko gaztelaniaz, ondorioztatzen da dokumentuek elebidunak izan beharko dutela. Udan Auzitegi Konstituzionalak ebazpen bat eman zuen udal legearen kontra, euskara hutsean jardutea galarazi zuen, eta irizpide horixe bera hartu zuen aintzat.

18.2 artikulua ere baliogabetu egin du sententziak. Horra zer dioen: «Udaleko barne dokumentazioa hizkuntza ofizialetako batean sortuko da, euskaraz edo gaztelaniaz, hargatik eragotzi gabe interesatuentzako komunikazio eta jakinarazpenei dagozkien irizpide linguistikoak aplikatzea».

33.5 artikulua ere bertan behera utzi du. Hauxe dio: «Komunikazio dibulgatibo eta informatiboetan zer hizkuntza erabili behar den zehazteko, aintzat hartuko da hartzaileek bi hizkuntza ofizialak ba ote dakizkiten». EAEko Auzitegi Nagusiak uste du komunikazio horiek garrantzia dutela, herriko lanek, kirol eta kultura jarduerek eta bestelako interes orokorreko jarduerek eragina dutelako herritarrengan. Horrenbestez, epaiaren mezua argia da: «Elebidunak izan behar dute».

Epaiaren arabera, hizkuntza bi ofizial direnean beren arteko «oreka» ez apurtzea da kontua. «Bat ezin da gailendu bestearen gainetik». Horren gainean idatzita dauden irizpide juridikoen sorta bat jasota dago ebazpenean. Horiek oinarri hartuta, «hizkuntza bakar bat» hitz egiten dutenak ezin dira inoiz «baztertu», eta horregatik dira udal legearen dekretuaren artikulu horiek okerrak.

Ez da irmoa

Artikulu gehiago baliogabetzeko eskea ere eginda zeukan PPk, baina horiek ez dituzte aintzat hartu sententzian. Epaia ez da irmoa, eta 30 eguneko epea dago helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Gorenean.

Euskalgintzak «oldarraldi judizial» deitu dionaren soka luzatu eta korapilatu du epai honek. Iragan hilabeteetan, ebazpen judizial asko izan dira funtzio publikorako ezarritako hizkuntza eskakizunen eta administrazioan euskara lehenesteko modua ematen duten neurrien kontra. Horiek horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestatzera deitu du azaroaren 4rako, Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.