Udal eta foru hauteskundeak. Analisiak. Begiradak

Udal hauteskundeak?

Eider Alkorta.
2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Azken hauteskunde txanpan sartu gara, eta oraindik egongo da baten bat udal eta foru hauteskundeen aurrean gaudela ohartu ez denik. Ia salbuespenik gabe, alderdiek hauteskunde autonomikoak bailiran diseinatu dituzte kanpaina estrategiak. Estatu mailan, PPk hauteskunde orokorretara bideratu nahi izango ditu maiatzaren 22ko emaitzak, eta Zapateroren inguruan erreferendum moduko bat eginen dute. PSOEko hainbat eta hainbat zerrendaburu ere jakitun dira zenbatean kalte dezakeen ZP eta PSOEren irudiak, eta sinbologia horiek saihesten saiatu dira kanpainan.

Baina gurean ere ez dira salbatzen. Hainbat hautagai entzun ditut lehiakideei aurpegiratzen ez dutela programarik, eta, hainbat herritan udal programa batzuk eztabaidatu diren arren, lehia publikoan garrantzi eskasa izan dute. Nazio proiektuen inguruan joan da ika-mika publikoa: estatutu berrien planteamenduak; daukagun lurralde banaketa eta eraketa instituzionaletik haratago doazen proiektuen beharra edo fikzioak; PP-PSE tandemaren mamuaren birsortzeak; eta, nola ez, abertzaletasunaren eredu ezberdinen arteko lehia izan dira agenda politikoaren gai nagusiak.

Foru hauteskundeen izaeraz zertxobait gehiago gogoratu dira; finean, Euskal Autonomia Erkidegoan lau gobernu ditugu, eta, Gasteizez gain, hiru Foru Aldundietan kudeatzen dira diruak eta azpiegitura askoren nondik norakoak. Apustu eta urduritasunak Araban, baina bereziki Gipuzkoan eta Nafarroan nagusitu direla esango nuke. Sorpresarik ezean, Bizkaian EAJk bere hegemoniari eutsiko dio, eta PP-PSEren arteko baturak ere ez luke ekarriko gobernu aldaketa. Araban, aldiz, EAJk boto gehiago lortu ditzakeen arren, PPk PSEri kobratu ahal dio Patxi Lopez lehendakari izatearen mesedea. Gipuzkoan aukera anitz dago zabalik, eta, Bizkaian eta Araban ez bezala, zortzi urte ondorenean sartuko da, eta dirudienez indartsu, ezker abertzale historikoa. Eta hemen kokatzen da hain justu, Nafarroarekin batera, bere apustu nagusia, ilegalizazioen aurretik lurralde horietan abertzaletasunaren barnean izan duen hegemoniari heldu nahian.

Inkesten defendatzaile banaiz ere, ganoraz eginak direnean noski, oraingoan zenbait datuk harrituta utzi naute. Gehienak Bildu legeztatu aurretik eginak dira, eta, gainera, alderdi txikienen kasuan oso lagin txikia erabili dute, okertzeko aukera handituz. Abstentzio datuen iragarpenik ere ez dute egin. Gipuzkoan Bilduk Aralar jan duela adierazten digute; Nafarroa Garaian, aldiz, joera bestelakoa da, etaNaBai Bilduri erraz gailentzen zaiola erakusten dute. Bi lurralde horietan ezker abertzale historikoak izan du abertzaletasunaren hegemonia, eta oraingoan ikusiko dugu, ilegalizazio urte luzeen ondorenean, non birkokatzen den bakoitza.

Aurrera begira, alderdi txikientzako garai hoberenak ez datozela dirudi, eta hegoaldeko mapa politikoak lau familia izango ditu. 1999a du gogoan zenbaitek, eta Bilduren olatua Euskal Herritarrok-en fenomenoarekin alderatu dute. Horrelako espektatibak publiko egiteak, aldekoek nahiz aurkariek, era askotariko efektua bila dezakete: motibazioarena, edo, lortu ezean, etsipenarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.