Haur eskolak izan dituzte gaur hizpide Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Hain zuzen, zera adostu dute Sumarrek, EAJk eta PSE-EEk: «kudeaketa pribatuko» udal haur eskolak publifikatuko dituzte, eta, aurrerantzean, Haurreskolak partzuergoko kide izango dira.
Sumarren ekimenez lortu dute ados jartzea. Jon Hernandez Sumarren legebiltzarkideak aurkeztu du proposamena, eta, zehaztu duenez, hiru konpromiso jaso dituzte itunean. Bat: egindako lana aitortzea «integrazio prozesuak» hasi dituzten udalei eta Haurreskolak partzuergoari. Bi: Hezkuntza Sailari eskatzea integrazio horiek lantzen jarraitzeko, ikastetxe horietan lan egiten duten langileen lan egoera kontuan hartuta. Eta hiru: Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskaintza zabaltzea eta Haurreskolak partzuergoko zerbitzuak «familien beharretara» egokitzea. Finean, hauxe: «Ikastetxeen titulartasun publikoa defendatzen dugu, baina baita kudeaketa publikoa ere. Horregatik, kontuan hartuta Haurreskolak Partzuergoa titulartasun eta kudeaketa publikoko sarea dela %100, sendo defendatzen dugu sare hori indartzea».
Eta uste dute udalen haur eskolek ez dutela laguntzen bide horretan: «Udalen haur eskola pribatu horiek izatea haurrak ikastetxe itunduetara bideratzea izan daiteke». Halaber, iruditzen zaie herri horietako familiei «nahasmena» eragiten diela eskaintza horrek.
«Udalerrien altxorrak»
EH Bilduk ez du bat egin erabakiarekin. Ikoitz Arrese legebiltzarkideak eman du arrazoia: «Ez dugu inondik inora onartzen udal zerbitzu publiko hori kendu nahi izatea». Izan ere, haren irudiko, zerbitzu aparta ematen dute herrietan: «Udalen haur eskolen apologia egin nahi dut, udalerrietako altxorrik preziatuenetarikoa direlako».
Arresek beren-beregi nabarmendu du zentro horien publikotasuna: «Udalen haur eskolak publikoak dira; agian, ez dira Sumarrek nahi lukeen bezain publikoak, zerbitzu hori ez dagoelako Hezkuntza Sailean zentralizatua, baina zerbitzu publiko deszentralizatu bat da, udaletan kokatutakoa». Dena dela, zehaztu du Haurreskolak partzuergoaren «erabat alde» daudela. «Haurreskolak partzuergoak hobetzeko jarraitu behar du».