PSNren Iruñeko alkategaia

Elma Saiz: «Udal gobernuaren lidergoa lortu nahi dut: guztion alkate izan»

Ahalik eta babes zabalena lorturik Iruñeko alkate izateko asmoa duela dio Saizek. Nabarmendu du Iruñeak bultzada behar duela, eta UPNren eta EH Bilduren azken bi agintaldien «alternatiba erreala» dela.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Apirilaren amaieran utzi zuen Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udaleko hautagaitzari buru-belarri heltzeko. Elma Saizek (Iruñea, 1975) «ilusioz eta erantzukizunez» hartu du erronka: gobernuan egin duen lana aldarrikatzen du berme gisa. Maiatzaren 29tik aurrera PSNk zer egingo duen ikusteko dago. Argi dio hurrengo alkatea izan nahi duela. Elkarrizketa gazteleraz egin da.

Alkate izateko asmoz aurkeztuko zara. Zer aukera dituzu?

Iraganeko politiken alternatiba erreala da PSN, eta aukera handiak ditu udal gobernuaren lidergoa hartzeko eta guztien alkate izateko.

Zenbakiei begira, jauzi handi bat eman behar luke PSNk. Nondik etorriko dela uste duzue?

Bere oinarri soziala zabaltzea da PSNren asmoa. Nafarroarentzat ona izan dena, eta aurrerantzean ere ona izango dena, Iruñearentzat ere ona izango da. Iruñea ez da independentista, ezta eskuinekoa ere. Politikak atxikimendu falta eragiten du. Nigan konfiantza dutenengana heldu nahi dut; eurek egingo luketen moduan, udal gobernua gidatzeko pertsona naizela ikusten dutenengana, alegia.

Zerk bereizten zaituzte?

Iruñeak lau urte daramatza erabat geldi. UPN-Navarra Sumak zortzi urteetatik zazpitan ez ditu aurrekontuak aurrera atera. Hala, hiri batentzat arazo bihurtzen da politika, ezin zaielako arazo jakin batzuei aurre egin. PSNk soilik urte batez eman zien babesa aurrekontuei. Pandemian izan zen, eta konpromisoz eta arduraz jokatu genuen, baina Maia alkatearen paralisi hori begi bistakoa da. Bestetik, Joseba Asiron ez zen gai izan gehiengoak biltzeko. Ez zen guztientzako alkate izan. Nolabaiteko sektarismoz jokatu zuen. Horregatik diot PSN alternatiba erreal bat dela.

Maiaren inbestidurari bide eman zenioten, baina oposizioko taldeekin bat egin duzue gehienetan. UPNren eta EH Bilduren artean, gertuago duzue EH Bildu?

Udal gobernuaren lidergoa lortu nahi dugu, eta, babes hori izanez gero, guztion alkate izan nahi dut. Ez dut soilik zuzendu nahi herritar talde batengana, baizik eta gizarte osoarengana. Nafarroako Gobernuan, aurrekontuak aurrera aterata eta guztiok batzen gaituen hori erdigunean jarrita, erantzukizunez jokatu dut. EH Bildurekin hitzartutako akordio horiek publikoak eta gardenak izan dira. Hori esanda, argi utzi nahi dut: EH Bilduri ibilbide etiko bat geratzen zaio egiteko. Maiatzaren hasieran, Tomas Caballero zinegotziaren hilketaren 25. urteurrena izan dugu, eta EH Bilduk aukera galdu du hilketa hura gaitzesteko. Nire ustez, demokraziara beranduago heldu dira, eta bide hori dute oraindik egiteko.

EH Bilduren atzetik geratzen bazarete, Joseba Asironen hautagaitza babestuko al duzue?

Udal gobernua gidatzea lortu nahi dut. Herritarrek konfiantza hori ematen badidate, guztion alkate izateko konpromisoa izango dut. Maiatzaren 29tik aurrera hitz egingo dugu. Zenbakiei dagokienez, ohar bat: Asiron alkate izan zen bost zinegotzirekin.

Bai, baina, gehiengoak osatzeari begira, garrantzitsuago izan liteke nor geratzen den aurretik.

Bai, baina ona da gogoratzea alkate izan zela bost hautetsirekin.

Orduan, zure hautagaitzaren alde egingo duzu?

Bai, noski. Egia da, beste hautagai batzuei begiratuz gero, ez dakidala bere hautagaitzaren alde egiten duten edo Joseba Asironen aldeko botoa eskatzen duten. Nik konbentzitu egin nahi dut, eta politika egiteko eta kudeatzeko modua da nire bermea.

Hiria geldi dagoela ikusten duzu. Zer bultzada behar du?

Argi utzi nahiko nuke. Alkate banaiz, bi gairi erreparatu nahiko nioke: batetik, berdintasun politikak, sexu erasoei eta genero indarkeriari aurre egitea; bestetik, hiriaren garapen ekonomikoa. Esparru asko hartzen ditu: merkataritza, ekintzailetza, ingurumena, hiria erakargarri egitea, Europako funtsak. Alkate moduan bi auzien ardura zuzena hartzeko konpromisoa dut.

Berdintasun politiketan atzerapauso bat eman al da agintaldi honetan?

Alderdi guztiek konpromiso irmoa dute genero indarkeriaren inguruan; argi utzi nahi dut. Udal gobernu guztiek uste dute gaitz handia dela, eta egia da esfortzu handiagoa egin behar dugula. Argiztapena landu behar dugu, arrisku handiagoko eremuen mapa egin behar dugu... Gizarte osoaren zeregina da arlo hori, eta nik neuk ardura hori hartuko dudala esanda inportantzia hori eman nahi diot.

Arlo ekonomikoan, zer lor daiteke Europako funtsetatik?

Europako funtsak aukera bat dira. Hiri honek aukerak galtzeari utzi behar dio, eta indarguneak eta baliabideak izateko aukera galtzen ari da koordinazio faltagatik. Ezin dugu onartu kolore politiko desberdinak izateagatik aukera hori galtzea. Eskuinak zalantzan jarri ditu funtsak hasieratik; ezezkoa eman dio baldintzak malgutzeari. Interes orokorra lehenesteko garaia da.

Zer beste ardatz azpimarratuko zenuke?

Europako funtsek hiri eredua markatzen dute. Trantsizio digitala, adibidez. Digitalizazioak pertsonen zerbitzura egon behar du, eta ez alderantziz. Trantsizio berdearekin zerikusia duen horretan guztian, helburuetan, Iruñeak bideratuago egon behar du: CO2 emisioak, garraioa, ingurumena... Gainera, XXI. mendeko hiri izateko jauzia eman behar dugu: kanpora begirako konektagarritasuna edo Iruñea barruko auzoen arteko oreka. Auzoen arteko oreka gorde behar da, eta zerbitzuetan haien arteko desoreka horiek gainditu behar dira, erdigunean bildutako zerbitzuak deszentralizatuz. Auzoei protagonismo handiagoa eman behar zaie.

Egitarauen elkarbizitzarako, hizkuntz politika aldarrikatzen duzue. Zer rol du euskarak?

Gure hizkuntza da, gure ondarea da, eta zaindu behar da. Euskara konfrontazio politikotik atera behar da. Printzipio horri heldu nahi diogu. Gogoratu nahiko nuke Nafarroako Gobernuak %30 handitu dituela euskararen ezagutzarako baliabideak. Euskara garrantzitsua da elkarbizitzarako.

Eta hori nola egiten da?

Guztion alkate izanez, eta jakinik kultur aniztasuna sendotasun bat dela, eta ez ahulgune bat.

Gobernuari begira, Geroa Baik galdetu dizue ea zer egingo duzuen aurretik geratzen badira.

Inkestek adierazten dute aukera hori urruna dela. Gure proposamenetan jarri nahi dut indarra.

Emaitzak direnak direla, ondorengo akordio programatikoaren negoziazioa duela lau urtekoa baino zailagoa izango da?

Negoziazioei ardura handiz aurre egingo diegu, gaur egun asko zaildu baita kudeaketa publikoa. Koalizio gobernuak luzarorako heldu dira. Horixe zaila dela; errazagoa da gehiengo osoz gobernatzea, baina horrek laguntzen digu gurea bezalako gizarte heterogeneo baten mailan egoten. Diferenteen arteko akordio batera ailegatzean, jende gehiagok hartzen du begi onez emaitza. Pluraltasuna islatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.