Tramite administratibo hutsa beharko luke, baina oinarrizko eskubideetarako sarbide korapilatsu bilakatu da herritar askorentzat. Hego Euskal Herrian gero eta gehiago dira errolda lortzeko zailtasunak dituzten herritarrak, bereziki migranteak, behartsuak eta pertsona arrazializatuak. Eskubide sozialen elkarte ugarik alarma piztua dute aspaldi: errolda «merkantzia» bilakatu dela diote, eta «oztopo» dela biztanleriaren zati batek eskubideak eskuratu ditzan. Ondorioaz ere ohartarazi dute: erroldatzerik ez dutenak «babesgabe» daude.
Izatez, erroldaren funtzioa da egiaztatzea norbait herri edo hiri horretan bizi dela; udalek, gainera, herritarren erroldatzea bermatu eta erraztu egin behar dute, bai etxebizitza edo alokairu bat baldin badute, baina baita ez badute ere. Haatik, teoria eta praktika ez datoz bat kasu gehienetan.
Erlazionatuta
«Errolda eskubidea metaeskubide bat da, beste eskubide batzuei atea zabaltzen dien eskubide bat». Udal erroldaren inguruan galdera eginda, argi eta garbi erantzun du Juan Ibarrondo Descarabako ordezkariak. Eskubide sozialen, ekonomikoen eta kulturalen behatokia da Descaraba, eta Enarak kooperatibak egindako lan azterketa batean oinarrituta, txosten mardula ondu du Gasteizko Udalaren erroldaren kudeaketan atzemandako «gabezien» inguruan.
Ondorio ugari jaso ditu lan horretan, baina guztiek dute ezaugarri komun bat: erroldatze araudiaren aplikazio «murriztaileegia» egiten du udalak, eta oinarrizko eskubideak urratzen dizkie herritar askori. Horietako gehienak dira atzerritarrak, migratzaileak, pobretuak eta bazterketa arriskuan daudenak, eta urratutako eskubideen artean daude osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea.
Gasteizko errealitateari erreparatu diote txostenean, baina han jasotakoa Hegoaldeko udalerri askotara estrapola daiteke. «Arazoa globala» baita, zehaztu du Ibarrondok. Salatu duenez, biztanleriaren zati bat «bazterketara» eta «kale itsu» batera kondenatzen du errolda oker kudeatzeak. «Erroldarik gabe, eskubiderik ez», erantsi du, azkenaldian gizarte eragile askok bere egin duten leloari erreferentzia eginez.
«Errolda oker kudeatzeak bazterketara eta kale itsu batera kondenatzen du biztanleriaren zati bat».
JUAN IBARRONDODescaraba behatokiko kidea
Lelo horri heldu dio, adibidez, Nafarroako SOS Arrazakeriak ere: erroldarako eskubidea aldarrikatu du bere azken txostenean, iaz Iruñeko bulegoan artatu zituzten herritarren salaketak eta esperientziak oinarri hartuta. Datu horiei erreparatuz gero, nabarmentzekoa da bazterketaren bat salatu duten herritar gehienak erakunde publikoek baztertu izan dituztela; bazterketa horrek eragin du, gainera, salaketa jarri duten horiek «babes sozialerako sistematik at» gelditu izana kasu askotan. Elkarteko kide Aleyda Gasparrek txostenaren aurkezpenean adierazi zuen hori dela «egiturazko arrazakeria administratiboaren» adibiderik garbienetako bat, errolda baita gizarte babesa lortzeko giltza, eta hori ez dutenak «inongo babesik gabe» gelditzen direla, «guztiz zaurgarri».
Legearen interpretazioaren menpe
Hasteko eta behin, errolda zer den eta zertarako balio duen azaltzea komeni da. Erroldaren definizioaz zera zehazten dute indarrean diren legeek: errolda erregistro bat da, zeinetan udalerri bakoitzan bizi diren pertsona guztiak agertzen diren. Erroldaren baldintzen inguruan, berriz, honako hau: norberak bere bizilekuan erroldatuta egoteko eskubidea eta betebeharra dauka, eta ez da zertan eduki etxe bat jabetzan edota alokairu kontratu bat; helbide bat finkatzea nahikoa da.
Hego Euskal Herriko udal askok, baina, ez dute legea horrela aplikatzen, eta etxe baten jabe izatea edo etxe baten alokairu kontratua izatea eskatzen dute. «Hori eskatzen duten momentutik, herritarren zati bat bazterrean uzten ari dira», ohartarazi du Gasteizko Udalaren jokabideaz Itsaso Garrok, Auzoan Bizi etxebizitza sareko kideak.
Auzoan Bizi Etxebizitza sareak batzar irekiak egiten ditu aldiro Gasteizen, etxebizitzarekin lotutako arazoak dituzten pertsonei aholkularitza eta laguntza emateko, eta horien antolakuntza bultzatzeko. Horietako askok erroldatzearekin dituzte buruhausteak. Kontratudun alokairu baten beharrean joaten dira bileretara, gizarte zerbitzuek baldintza gisa jartzen dietelako kontratua izatea, besteak beste, laguntzak jasotzeko.
Udal ordenantzek arautzen dituzte laguntza horiek, eta ohikoenak dira elikadura eta etxebizitza alokairura bideratutakoak. Gizarte langileek, gainera, etxebizitza kontratua eskatzen dute laguntza horiek emateko, eta, horregatik, etxebizitza sareak Gasteizko Udala eta gizarte zerbitzuak seinalatu ditu, «ezinezko baldintzak» eskatzen dituztelako.
Era berean, erroldari lotutako «merkatu beltzaz» ohartarazi du Garrok, eta udal administrazioari egotzi dio arazoaren parte izatea, bai eta «zabarkeriaz» aritzea ere: «Udalak badaki etxebizitzen jabeek kontratu eta erroldarik gabeko alokairuak egiten eta errolda dokumentuak saltzen dituztela». Halako praktikak saihesteko, etxeen jabeekiko «presio mekanismoak» galdegin ditu Garrok, eta gogoratu du legeak etxebizitza modura onartzen dituela infraetxeak –etxolak, karabanak, haitzuloak...–, eta, beraz, udalak irizpideak aldatu beharko lituzkeela.
Errolda «salgaia» bilakatu dela ohartarazi du Descarabak bere txostenean. Txostenaren amaieran, etxe edo logelak alokatzeko zenbait irudi bildu dituzte, non errentariak zehazten duen maizterrari ez diola kontraturik eta erroldarik egingo. «Gehiegikeriez betetako azpimundu bat sortu da erroldarekin», gaineratu du Ibarrondok.
«Errolda merkantziarako tresna bilakatu da. Gehiegikeriez betetako azpimundu bat sortu da erroldarekin».
JUAN IBARRONDO Descaraba behatokiko kidea
Errolda soziala
Errolda lortzeko ezintasunak, batik bat, migranteei eta pertsona arrazializatuei eragiten die. Hego Euskal Herrira iristen diren migranteentzat lehen muga izaten da udal erroldan inskribatzea, hark ematen baitie hainbat eskubide eskuratzeko aukera, baita oinarrizkoenak ere; hala nola osasungintza, hezkuntza edo gizarte zerbitzuak. Halaber, dokumentu hori ezinbestekoa dute beren administrazio egoera erregularizatu ahal izateko, izan ere, bizileku baimen bat eskuratzeko beharrezkoa dute frogatzea denbora jakin bat daramatela herrialdean bizitzen. Atzerritarren Legeak ez du berariaz zehazten erroldatzea ezinbestekoa dela, baina bizileku baimena lortu nahi duen orok nahitaez egon behar du erroldatuta.
«Udalak badaki etxebizitzen jabeek kontratu eta erroldarik gabeko alokairuak egin eta errolda dokumentuak saltzen dituztela».
ITSASO GARROAuzoan Bizi Etxebizitza sarea
Alokairu kontraturik ez duten edota haien bizilekua egiaztatzeko zailtasunak dituzten pertsonen irtenbide bakarrenetakoa errolda soziala da: benetakoa ez den helbide bat ematen dute, prozedura administratiboetarako erreferentzia bat izateko. Tokian tokiko gizarte zerbitzuek kudeatzen dute errolda mota hori.
Garrok ohartarazi du gizarte langileek «balorazio subjektiboaren» arabera erabakitzen dutela errolda soziala eman ala ez, eta horrek «diskriminazio» egoerak sorrarazten dituela maiz. Are, egitura bera «modu injustuan» antolatua dagoela iritzi dio: «Gasteizen, esaterako, gizarte langile bakoitzak 250 kasu aztertu behar ditu, eta iritsi berri diren migrante askok, batez ere adingabeek, ez dute berehala gizarte langile batekin egoterik». Prozesu horrekin kezka bera agertu du Ibarrondok ere: «Errolda sozialak ez du ongi funtzionatzen, eta ehunka lagun ikusezin bilakatzen ari da».
Udalei eskaria
Gizarte eragileek ez ezik, EAEko eta Nafarroako arartekoek ere erroldatzeari buruzko kezkak agertu dituzte askotan. Hain zuzen, erroldarako sarbideari lotutako kexa ugari jaso ditu Nafarroako Arartekoak, iazko txostenean. Agirian irakur daitekeenez, kexetako askok zerikusia zuten zerbitzu eta laguntza publikoen ukazioarekin —osasun arta, etxebizitza eta oinarrizko errenta, besteak beste—, salaketa jarri zuten pertsonak ez zeudelako erroldatuta.
Hori dela eta, Nafarroako Arartekoak gomendio zuzena egin zion iazko azaroan Iruñeko Udalari, «bazterketa egoeran diren pertsonen erroldatzea erraztu dezan». Orduko hartan, ofizioz jardun zuen arartekoak —tartean salaketarik egon gabe—, elkarte eta entitate sozialekin hainbat bilera egin ondoren. «Denek adierazi zioten arartekoari kezkatuta zeudela kolektibo babesgabeek Nafarroako hiriburuan erroldatzeko egunero izaten dituzten eragozpenengatik, ezin izan baitzuten beren bizilekua agiriekin frogatu. Egoera hori larriagotu egiten da, gainera, erroldatzeko gaur egungo bide batzuek erraztu egiten dutelako eskrupulurik gabeko jabeek edo errentatzaileek pertsona horiekiko xantaia eta estortsioa egitea, ahulenen premia egoeraz baliatzen baitira», irakur daiteke Arartekoaren oharrean.
EAEko eta Nafarroako Arartekoek sarritan eskatu diete udalei bazterketa egoeran diren pertsonen erroldatzea errazteko. Osasun arta, etxebizitza eta oinarrizko errentaren ukazioarekin lotutako kexak jaso dituzte azken urteotan.
EAEko Arartekoak antzeko gomendioak eman izan dizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei. Azken urteotan, behin baino gehiagotan gogorarazi die udalerrian bizilekua duen oro erroldatzeko betebeharra dutela, eta ohartarazi horretarako ez dela ezinbestekoa pertsona horiek etxe bat izatea.
Ideia horietan egin dute azpimarra Ibarrondok eta Garrok ere; uste dute aplikatzen den arauak «pertsonen interesen aldekoena» izan beharko lukeela. Hala ere, harago doa Garro: «Gure ortzi muga da erroldaren beharrik ez izatea, oinarrizko eskubideak unibertsalak direlako, baina errealitatea horrela izanda, instituzioei eskatzen diegu errealitate guztiak erroldan agertzeko mekanismoak martxan jar ditzatela».
«Instituzioei eskatzen diegu errealitate guztiak erroldan agertzeko mekanismoak martxan jar ditzatela».
ITSASO GARRO Auzoan Bizi Etxebizitza sarea
Gogoratu dute legediak ematen duela aukera horretarako, eta hainbat udalerritan badirela hori erakusten duten praktika eredugarriak. Hala, bide horiei jarraitu eta legeak eskaintzen dituen aukerak balia ditzala eskatu diote Gasteizko Udalari, «pertsonen giza eskubideak errespetatzeko moduan interpretatzeko eta garatzeko». Galdegin diote, halaber, «presaz» sor dezan Erroldaren Mahai bat, eragile guztien parte hartzearekin, arazoaz eztabaidatzeko. Udalak iazko azarotik du eskaintza mahai gainean, baina gaur-gaurkoz ez dutela erantzunik jaso ohartarazi du Ibarrondok. Gasteizko Udalarekin hitz egin du BERRIAk, baina ez dio argitu mahai hori eratzeko prest den, eta udal errolda «legearen irizpideen arabera» egiten dela esan du soilik.
udal errolda
Zer da? Erregistro bat da, zeinetan udalerri bakoitzean bizi diren pertsona guztiak agertzen diren. Erroldatuta egotea eskubide eta betebehar bat da.
Zertarako balio du? Funtsezko tresna da gizarteratzeko eta herritarren eskubideak baliatzeko. Besteak beste, honetarako balio du: osasun txartela lortzeko; adin txikikoak eskolatzeko; familia, lana eta errotze soziala egiaztatzeko; bizileku eta lan baimena eskatzeko; udal laguntzak eskatzeko; trebakuntza ikastaroak hartzeko; ezkontzeko...
Zer dio legeak? Hainbat lege eta araudiren bidez arautua dago errolda Hego Euskal Herrian. Legediak dio pertsona orok ohiko bizilekua duen udalerriko erroldan inskribatu behar duela bere burua, eta horretarako beharrezkoa dela udalerrian bizi dela frogatzea. Ipar Euskal Herrian, berriz, herriko etxeen betekizuna da etxegabeei helbide administratibo bat eskaintzea; hala, gainerako eskubideak irekitzen zaizkie.
Etxerik ez dutenentzat makurra da egoera Ipar Euskal Herrian ere. Herriko Etxeen betekizuna da etxegabeei helbide administratibo bat eskaintzea, baina maiz zailtasunak jartzen dituzte, eta asko baimenik gabe geratzen dira. Frantziako legediaren arabera herriko etxeek, normalean, badute Frantzian jaio den etxegabe bati helbide administratibo bat eskaintzeko betekizuna. Legez, eskubide bat da. Bizkitartean, errealitatean, zaila gertatzen zaie eskaera egiten dutenei.Iparraldean, herriko etxeen esku
Helbide administratiboa lortzen duen etxegabe bati gainerako eskubideak irekitzen zaizkio: hiritartasun paperak egitea, posta bidezko banku kontu bat irekitzea, gutxieneko errenta bat lortzea, eta abar. Gehiago dena, hiri edo herri bateko biztanle bilakatzen da, eta, ondorioz, beste edozein biztanlek dituen eskubide berak lortzen ditu: elikadura laguntza, umeendako laguntzak...
Nahiz eta eskubidea izan, herriko etxeek ez dute beti baimena ematen. Maiz aipatu arrazoia kostua da. Dozenaka jenderen helbide administratiboaren kudeaketak ordaintzen duela diote. Horregatik, zailtasunak jartzen dizkiete eskaera egileei, hala nola justifikatzea noiztik hiri horretan dauden, zer lotura duten hiri horrekin —askazirik, lanik badutenez bertan—. Ondorioz, etxegabe asko gelditzen dira baimenik gabe, ardura lurralde batetik bestera mugitzeko ohitura dutelako.
Ipar Euskal Herrian Atherbea elkartea urteetan borrokatu da eskubide hori betearazteko. Duela hiruzpalau urte lortu zuen onespen berezi bat ematea Frantziako administrazioak, herriko etxe batek etxegabe bati helbide administratiboa ez ziolarik onartzen Atherbeak berak eskaintzeko. Kudeaketa, gero, hark eginez. Horri esker, elkarteak etxegabe asko laguntzen ditu gizarteratzen, urtero.