Mireia Elkoroiribe

«Udal alderdi guztiekin jarri nahi dugu ados»

Mireia Elkoroiribe EAJko kidea da Durangoko alkate berria, duela hiru astetik. PPren babes erabakigarria jaso zuen, baina esan du beste taldeekin ere saiatuko dela akordioak lortzen.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
enekoitz esnaola
2023ko uztailaren 7a
12:25
Entzun

Aldaketa egon da Durangoko alkatetzan, EH Bilduren partez EAJ jarrita: Mireia Elkoroiribe (Abadiño, 1975); 21 urte zituenetik Durangon bizi da. 2019an bezala, udal hauteskundeetan boto gehien lortu dituzten taldeen artean bigarrenak hartu du alkatetza, EAEko ohiko bazkide PSE-EEren babesa ez ezik, PPrena ere jasota, ekainaren 17ko osoko bilkuran. Durangon egon zen arretagune politiko nagusietakoa. Gobernu akordioa egin berri dute EAJk eta PSE-EEk.

Ikusi gehiago:Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: «Gobernantza eredu berri bat sortu nahi dugu Hondarribian»

Ikusi gehiago:Berta Arizkun, Burlatako alkatea: «Gai inportanteetan, gutxienez, adostasun bat lortu nahi dugu»

Zortzi hautetsi dauzka EAJk, eta bi PSE-EEk. Ez duzue gehiengo osorik. Zein talderen bila joango zara aurrekontua-eta onartzeko?

Egia esan, gu oso ohituta gaude akordioak lortzen. Guk Durangon aspalditik ez dugu gobernatu gehiengo osoarekin. Orain ere gutxiengoan gaude gobernuan, eta udal alderdi guztiekin jarri nahi dugu ados. Arlo batzuetan, errazago jarriko gara ados EH Bildurekin, eta besteetan, agian, PPrekin eta Herriaren Eskubidea taldearekin.

Zer harreman duzue EH Bildurekin? Hark lortu zituen boto gehien hauteskundeetan. Minduta sumatu al duzu alkatetza ez daukalako?

Guk uste dugu aukera egongo dela ados jartzeko; batez ere, programak ikusita, hainbat eta hainbat gauza komun dugulako. Denok dugu helburu bera: Durango hobetzea eta durangarron bizi kalitatea hobetzea. Eta beste guztiaz, ahaztu.

Baina zer giro sumatzen duzu?

Duela lau urte, alderantzizkoa gertatu zen: guk irabazi genituen hauteskundeak, eta oposizioan gelditu ginen, aritmetikak ez zigulako ahalbidetu alkatetza eskuratzea. Orain, EH Bilduk irabazi du, baina aritmetikak ez dio eman, eta guri, bai. Horrek, hasieran, mina ematen du, baina berriz jarri behar duzu zure lekuan. EAJk erantzukizunez egin zuen oposizioa, proposamenak-eta eginez. Jarrera bera espero dugu EH Bilduren aldetik.

Alkatearen inbestidura saioan erabakigarria izan zen PPren botoa. Hori lortu nahi al zenuen?

Gu talde guztiekin jarri ginen harremanetan; alkatetzan egon ginen aurreko aldian ere denekin izan genuen harremana. Bestalde, ez zen ustekabea izan PPk gure alde bozkatzea, PPren hautagaiak kanpainan iragarri zuelako zer izango zen bere botoa inbestiduran. Esan dut EH Bildurekin baditugula gauzak komun batzuk, eta PPrekin ere baditugu, eta identifikatuak dauzkagu haiekin izandako harremanetan. Gainera, lehen ere jaso izan dugu PPren babesa, akordioak-eta lortuz. Herriaren Eskubideak ere akordioak lortzeko aukera aipatu digu.

Lehen aldiz, EAJk ez ditu irabazi udal hauteskundeak Durangon. Zer azterketa egin duzue?

EH Bilduk indar handia duela erakutsi du; ez bakarrik Durangon, Euskadin ere bai orokorrean. Gobernuan zaudenean, normalean lehen urteek norberaren alde jokatzen dute. Bestalde, bere bazkideen kontura igo da asko EH Bildu. Durangon, adibidez, Elkarrekin Podemos eta Herriaren Eskubidea asko jaitsi dira, eta horko boto asko EH Bildura joan da.

EAJk egin al du autokritikarik?

Bai, egin dugu. Akatsetatik ere ikasten saiatzen gara beti. Oso argi dugu legealdi honetan ateak zabalik gobernatuko dugula, herritarrekin, haiek entzuten. Baina lasai gaude. Duela zortzi urteko boto kopuru berbera izan dugu orain [2015ean 5.089 eta aurten 5.081]. Beraz, ez dago joera bat edo antzekorik, baizik eta egoera zehatz baten emaitza izan da Durangokoa.

Zer ardatz ditu zure gobernuak?

Bost ditugu: ekonomia eta enplegua, herritarrek bizitza proiektua garatzeko; kalitatezko zerbitzu publikoak, osasun arloari garrantzi handia emanda; politika sozialak denentzat, eta pertsona nagusiek arreta berezia izango dute; hiri bizigarriagoa eta iraunkorragoa, etxebizitza babestuak bultzatuz eta; eta udal irekia eta gobernu gardena.

Gobernuko kideen soldaten inguruan polemika piztu da. EH Bilduk esan du zureak, alkatearenak, urtean ia 31.000 euroko igoera duela.

Eudelek irizpideak zehazten ditu, eta horixe begiratu du lehenengo. Biztanleriaren arabera jartzen ditu soldatak. Durangori 20.000-50.000 biztanle arteko sailkapenekoak dagozkio; alkateari, urtean 85.000 eurokoa. Hori asko dela irudituta, Eudelen beheko maila hartu dugu erreferentzia modura: hau da, 10.000-20.000 biztanlekoa. 77.928 euroko soldata izango dut. Hori da nik nire aurreko lanpostuan neukan soldata —Jaurlaritzako zuzendari postu batekoa—, eta iruditzen zaigu parametro ona dela: lehen neukan soldata eta tokatzen zaiguna baino maila bat beheragokoa. Gainera, gobernu taldearen kostu totala EH Bilduren garaikoa baino txikiagoa da.

EAEko Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo du trenbidearen orubeko bost etxebizitza dorreen proiektua. EAJ alkatetzan zegoeneko egitasmoa zen.

Proiektu bideragarri bat egin nahi dugu, ahalik eta lasterrena.

Ez tankera horretakoa, beraz?

Epaiak dioena da ez zirela kontuan hartu etxebizitza babestuen ehunekoak. Hori aintzat hartuko dugu. Bideragarria diodanean da juridikoki bideragarria, batetik; eta ekonomikoki bideragarria, bestetik. Argi dugu eraikinaren altuera jaitsi egin behar dela, aspaldi esan genuen moduan, eta herritarren parte hartzearekin egingo dugu prozesua.

Durangon Gaitasun Handiko Osasun Zentroa egin nahi duzue, ez erietxe bat, herriko eragile batzuek eskatu bezala. Zergatik?

Ez dugu ospitaleratzeen beharrik ikusten, ez baitago arazorik inguruko ospitaleetan. Zerbitzu berriak behar ditugu. Adibidez, Durangon, mamografiakoa.

Kiroldegian langileak greban daude. Konpontzeko aukerarik ba al da?

Bai. Jadanik batzartu gara parte desberdinekin. Borondate osoa dugu greba hau ahalik eta lasterrena amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.