Udal aginteak hartzeko prest

Gaur eratuko dira datozen lau urteetarako udal gobernuak Hego Euskal Herrian, eta kolore askotariko mapa politikoa osatuHerri askotan aukerak zabalik daude, eta gaur argituko da alkatea nor izango den

Edurne Begiristain.
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gaur osatuko dira Hego Euskal Herriko udal gobernu berriak. Maiatzaren 22ko hauteskundeemaitzen ondoren izandako balizko itunen zurrunbilo luzea igarota, udaletako puzzlea eratuta geratuko da gaurtik aurrera. Puzzle konplexua izango da, alderdiek kolore askotariko itunak iragarri dituztelako. Aginte makil gehienak abertzaleek hartuko dituzte.

Hiriburuei dagokienez, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean ez da ezuste handirik espero. Gasteizen, Javier De Andres PPko hautagaiak eskuratuko du alkatetza. PPk 9 zinegotzi ditu, eta PSEren botoei esker, gehiengo osoz aukeratuko dute De Andres. Bilbon, Iñaki Azkuna EAJko hautagaiak alkate lanean jarraituko du beste lau urtez, eta gehiengo osoz aginduko du, hamabost zinegotzirekin. Iruñean, UPNk hiru zinegotzi gehiago behar ditu gehiengo osoa lortzeko eta Enrique Maia alkate izendatzeko. PPren bi ordezkarien babesa, beraz, ez da nahikoa izango. PSNk nahiko balu—eta Bilduk eta Ezkerrak ere bai—, Uxue Barkos NaBaiko hautagaia izango da alkatea, eta ez Enrique Maia UPNkoa. Hala ere, nekez espero da PSNk halako jarrera hartzea.

Donostian, berriz, ikusmin handiagoa dago gerta daitekeenarekin. Izan ere, Bildu koalizioko hautagai Juan Karlos Izagirrek eskuratu dezake aginte makila. PPk PSE-EEko hautagai Ernesto Gascoren alde bozkatuko du gaurko plenoan, baina ez du gehiengo nahikorik izango Bilduri alkatetzea kentzeko. EAJren botoak beharrezkoak dira horretarako, baina, ezusterik ezean, jeltzaleek beren hautagaiaren alde bozkatuko dute.

Itunak, azken unera arte

Gaurko udalbatzen osaketari begira, alderdiak azken unera arte saiatu dira akordioak egiten. Atzo, esaterako, Aralarrek jakinarazi zuen Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan Bilduren hautagaiaren alde bozkatuko duela: Gipuzkoan, Tolosan, Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Zarautzen, Getarian eta Zumaian, eta Bizkaian, Markina-Xemeinen eta Durangon. Horri esker, Bilduk gehiengo osoa lortu ez zuen bost udaletan alkatetzea hartuko du: Tolosan, Zarautzen, Getarian, Zumaian eta Markina-Xemeinen.Bizkaiko herri horretan, EAJri alkatetza kenduko diote Bilduk eta Aralarrek, botoetan jeltzaleek irabazi baitituzte hauteskundeak. Durangon, ordea, Aralarrek Bilduren alde bozkatzeak ez du bermatuko koalizioak agintzea, eta EAJk eskuratuko du alkatetza. «Bakerako eta elkarbizitzarako neurriak eta ezkerreko politikak» jarraitzeko egingo du Aralarrek koalizioaren alkategaien alde.

Azkoitian Bilduk hartuko du alkatetza, Azkoitia Baik ez duelako EAJren alde bozkatuko. Orion ere, Bilduk aginduko du, hango herritar plataformak koalizioaren aldeko botoa iragarri du eta.

Alabaina, bestelako itunak ere egin dira Bilduk hainbat udalerritan agin ez dezan. Elorrion (Bizkaia), adibidez, EAJk eta PPk bat egingo dute Bilduri alkatetza kentzeko. Beran (Nafarroa) Bilduk irabazi ditu bozak, baina Aralarrek eta EAJk bat egingo duteinbestidura saioan koalizioari alkatetza kentzeko, eta Aralarrekoa izango da alkatea.

Hainbat udalerritan, berriz, alderdiak ez dira gai izan akordioak lortzeko, eta alkatea nor izango den goizak aurrera egin ahala argituko da. Laudion (Araba), adibidez, Bilduk irabazi ditu bozak, baina zinegotzi kopuruan berdinduta dago EAJrekin: seina dituzte. Hortaz, Bilduri alkatetza kentzeko, EAJren hautagaiaren alde bozkatu beharko dute PSE-EEk eta PPk. Bi alderdi horiek oraindik ez dute argitu zer egingo duten.

Nafarroan, 250 biztanletik gorako 101 herritan badakite nor izango den alkate datozen lau urteetan, alderdi bakarra aurkeztu delako edo alderdi batek gehiengo osoa lortu duelako. Berriozarren NaBaiko Xabier Lasak eskuratuko du aginte makila, Bildurekin gobernu akordioa lortuta.NaBaik lau zinegotzi ditu, eta Bilduk hiru. Hortaz, gehiengo osoz gobernatuko dute. Baztanen, berriz, Bilduk eta Baztango Ezkerrak bat egingo dute UPNri alkatetza kentzeko. Antsoainen, PSNk eta UPNk ez dute gehiengo osoa, eta Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak bat egiten badute, Bildukoa izango da alkatetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.