Nafarroako udal maparen erreforma. Xabi Lasa. Tokiko Administrazioko zuzendaria

«Udal administrazioari garrantzi handiagoa emateko balioko du»

Ekainaren 22an, udaletako hautetsiek udal maparen azken eskaintza bozkatuko dute. Lasak onartu du presio handia dagoela atzera botatzeko, baina aholkua eman die: «Ezin dute aukera pasatzen utzi».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Aukera hau ezin dute debalde pasatzen utzi». Ekainaren 22an, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko hautetsiek, batzarrean, udal maparen azken proposamenari buruz bozkatuko dute. Bi urteko eztabaida prozesu luzearen ostean, une erabakigarria iritsi da. Xabi Lasa (Iruñea, 1967) Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendariak uste du udal administrazioa indartzeko aukera hau ez dela berriz ere itzuliko. Kargua hartu zuenean bazekien erreforma hori erronka nagusia izango zuela. Horretarako erabakigarri izango da hilaren 22ko bozketa.

Epeen barruan zaudete?

Parte hartze prozesu luze bat abiatzen duzuenean, mugarri guztiak ez dira betetzen, dena ez baitago zure esku. Arazoak sortzen dira beti. Hasieran ikusi genuen halako eszeptizismo bat; ez bakarrik politikarien artean, baita tokiko administrazioko beste sektoreen eta langileen artean ere.

Aldaketari beldurra?

Gure asmoen berri izatean, ikusten zuten indartsu gentozela, baina denek erantzuten ziguten irribarre maltzur batekin: «Uste duzue egingo dela?». Hasieratik argi izan dut, erreforma aurrera ateratzeko, lehenik sinetsi egin behar dela. Bestela, ez du merezi.

Eszeptizismoa gainditu da?

Baietz uste dut. Urratsak egin ahala, jende asko ohartu da posible dela, eta orduan hasi dira prozesuan integratzen. Gutxiagotik gehiagora joan da eszeptizismoza. Sinetsi dute.

Oztopo politikorik nabaritu duzu?

Ziurrenik, kalkulu horiek egongo dira, baina ez soilik oposizioaren artean. Parlamentu osoaz ari naiz. Azkenik, balio handiagoa ematen zaio autonomismoari udalei baino. Komunikabideak eta politikariak parlamentuari begira daude, eta edozein tontakeriak sekulako harrabotsa eragiten du. Gero, udaletan gauza inportanteak gertatzen dira, eta ia oharkabean pasatzen dira. Desoreka badago, eta islatzen du munizipalismoak indarra galdu duela.

Zer espero duzu ekainaren 22ko batzarrean?

Baikorra naiz. Ez dut erranen erabat lotuta dagoela. Badaude aukerak, eta presio asko.

Zer presio? Politikoak?

Politikoak eta hainbat sektoretakoak. Erreformak mugiarazten du udal egitura, finantzaketa eta aspalditik dauden arazoei aurre egiten die: udal idazkariak, kontu hartzaileak, udalez gaindiko erakundeak... Badaude interes korporatiboak, eta sekulako presioa egiten dute dena geldiarazteko.

Adibidez, Iruñerriko mankomunitateaz ari zara?

Mankomunitateen artean, batzuek oso ongi ikusten dute prozesua, eta beste batzuk oso gustura daude gaurko sistemarekin. Ez dut izenik aipatuko, baina presioa egon badago. Erakundeen barruan ere denek ez dute berdin pentsatzen.

Politikoki, mundu guztiak ikusten du erreformaren beharra. Zergatik hainbeste zailtasun?

Denok ados gaude udal administrazioa modernizatu behar dela, baina hautu ideologikoa dago atzean. Batzuek uste dugu udal administrazioari garrantzi handiagoa emateko balio behar duela: udal arloari gehiago ematen badiozu, autonomikoari kentzen diozu.

Nola ikusi dute proposamena gobernu barruan?

Ez dut xehetasun asko emango. Argi dago foru egitura batek ez diola bere boterea eman nahi udal egitura bati. Horrek kontraesanak sorrarazten ditu.

Udalez gaindiko zerbitzuak eskualdeka antolatuko dira.

Gure proposamenaren arabera, garai bateko merindadea berreskuratuko luke, nolabait. Egun, udalez gaindiko mankomunitate sarean bakoitza bere arloari begira dago. Ehun baino gehiago dira. Desoreka handia da, baliabideak galtzen dira, eta, gainera, ez dago orokortasun sentipen bat gauzak antolatzeko. Udalez gaindiko erakundeak lurraldetasunari begiratu behar dio, ikuspegi bateratu batetik: hori da eskualdea.

Aurrez daiteke dirua?

Ehun erakunde izatetik hamabi izatera pasatzen bazara, hamabi kudeatzaile dituzu soilik, bakarrik egituran, eta ez dituzu hainbat bilkuretako diru sariak ordaindu behar. Horrekin, aurrezten duzu, baina gure asmoa ez da zerbitzuetan aurreztea, egituran baizik. Guk handitu egin nahi dugu zerbitzuetako aurrekontua, hobetu egin nahi baitugu.

Finantzaketa da gakoa. Zer planteatzen duzue?

Egungo eredua goitik behera aldatzea. Nahiko genuke urrunago joan, baina ezin izan dugu. Hala ere, finantzaketa berri baten oinarriak jartzen ditu lege proiektu honek, eta 2019ko irailerako beste lege proiektu bat egin beharko da finantzaketari buruz.

Urrunago joan nahiko zenutela diozu. Zer esan nahi duzu?

Toki entitateek hiru bide dituzte euren jarduera finantzatzeko, eta nagusia —erdia baino gehiago— Nafarroako Gobernuak ematen dien transferentzia kutxatik dator. Parlamentuak lau urtero erabakitzen zuen zenbat diru emango dien udalei. Banaketaren irizpideak oso aldakorrak dira, eta koiunturaren araberakoak. Guk erraten dugu hemendik aurrera Nafarroako zerga bidezko diru sarreretatik portzentaje finko baten arabera erabakiko dela. Hasieran paratu genuen portzentajea, eta ezin izan dugu burutu.

Zergatik?

Finantzaketa behin betiko finkatzeko, lehenago zehaztu behar da zer eskumen geratzen zaizkien udalei eta zein gobernuari. Adibidez, oraindik erabakitzeko dago 0-3 urte arteko haur eskolena. Eskolez ari gara, hezkuntza proiektu batez, eta nork du ardura hezkuntza proiektuak gidatzeko? Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Sailak. Alta, egun udalen esku daude eskolak. Urtero 60-80 milioi euroko gastu arruntaz ari gara. Gainera, oraindik badaude beste eskumen gehiago erabaki gabe;, ordura arte, ezin dugu portzentaje bat ezarri.

Udalen arteko irizpideak ere aldatu nahi dituzue? Garai batean aipatzen zen UPNk bere udalak saritzen zituela.

Hori erabat desagertu da. Gaur egun, irizpideak objektibatu egin dira. Dena den, zer gertatzen da? Udalen gastu arruntak finantzatzeko transferentziak egiten ziren, formula zehatz baten arabera. Formula horretan, aintzat hartzen zen biztanlera kopurua, lur azalera... Guk uste dugu ez dela hainbeste saritu behar populazioa, eta bai dentsitate gutxiagoko herriak, baliabide gutxiago dutelako eta diru gehiago behar dutelako. Gure proposamenak gehiago ematen dio landa eremuari eta gutxiago Iruñerriari.

Hori Berriozarko alkate ohi batek dio.

Ez dakit herrian asko maiteko nauten, baina benetan sinesten badugu Nafarroak behar duela oreka, bide hori hartu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.