Koronabirusa

Udako jaiengatik kezkatuta daude zenbait herritan, eta zuhurtasuna eskatu dute

Osakidetzak ez du onetsi Hernaniko Udalaren eskea, eta ez du egingo baheketarik. Iruñeko eta Lesakako udalek arduraz jokatzeko eskatu dute

Emakume bat konfinamendu garaian, maskara jantzita, Iruñeko sanferminetako irudi baten parean. JESUS DIGES /EFE.
Maria Ortega Zubiate - Beñat Mujika Telleria
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Zenbait udal beldur dira jaietan birusaren transmisioak izan dezakeen bilakaerarengatik. Euskal Herrian, positiboen gorakada nabarmena izaten ari da, eta jende pilaketak ez dira ezohikoak festa giroan. Hain zuzen ere, zenbaiten ustetan horri lotuta dago Hernanin (Gipuzkoa) izandako kutsatzeen gorakada. Izan ere, koronabirusaren bilakaeraren puntu gorrienetako bat bilakatu da udalerri hori, eta, kasuen gorakada ikusita, herrian baheketa egiteko eskaera zuzendu dio udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Hernaniko Udalak azaldutakoaren arabera, ostera, Osasun Sailak ezezkoa eman dio eskaerari, iritzita baheketak ez direla «eraginkorrak»: alegia, argudiatuta esperotako xede biztanleriak ez duela parte hartzen baheketan.

Beste 44 kasu atzeman zituen atzo Osakidetzak Hernanin: 110 azken hiru egunetan. Atzoko datuetan, lurralde osoko kasu guztien laurdena dira Hernanikoak, eta aurreko astekoekin alderatuz, are handiagoa da aldea: 11 positibo zenbatu zituzten orduan.

Hori horrela, udalak bilerara deitu zuen atzo Osasun Mahaia, «hernaniarren osasun egoera hobetze aldera informazioa banatzeko». Udalak jakinarazi du zenbait neurri ezarriko dituela: kiroldegietako aldagelak itxiko dituzte, eta ikastaroak eskaintzen dituzten monitoreei proba diagnostikoak egitea eskainiko diete. Baheketa ukatuta, Osasun Sailaren irtenbidearen zain da udala.

Ekainaren 24aren bueltan sanjoanak ospatu ohi dira herrian, eta Xabier Lertxundi alkateak aitortu du egun horietan «ohi baino jende gehiago» egon dela. Hala ere, adierazi du ez dagoela behar beste frogarik gertaera hori kutsatzeen goraldiarekin lotzeko.

Dena den, beste zenbait udal hasiak dira beren herrietako jaietarako gomendioak eta eskaerak egiten herritarrei, kutsatzeen gorakada ez orokortzea helburu. Behin uztailean sartuta, San Fermin jaiak dira ikusmirarik handiena pizten dutenetako batzuk. Bigarren urtez jarraian, koronabirusa dela eta, ez da San Fermin jairik ospatuko Iruñean eta Lesakan (Nafarroa) uztailaren 6a eta 14a bitartean. Iruñeko Udalak komunikazio kanpaina bat plazaratu du herritarrek arduraz joka dezaten eskatzeko.

Iruñean abian jarritako kanpainaren helburua argia da: gaixotasunaren berragerpenak eragin ditzakeen egoerak eragoztea. Hori dela eta, udalak oinarrizko gomendioak gogorarazi ditu, eta kaleko edanik ez antolatzeko eskatu du ohar baten bitartez: «COVID-19aren aurkako borroka lehentasuna da oraindik ere mundu osoan, eta datuek ez dute aukerarik ematen festa horien moduko ekitaldiak antolatzeko».

Era berean, Lesakako Udalak herritarrei eskatu die zuhurtziaz jokatzeko, batez ere egun horietan: «Osasun krisiak ez du ahalbidetzen herriko bestak normaltasunez ospatzea. Jende pilaketak ekiditea eginbehar garrantzitsu bat da oraindik». Ez da ekitaldi ofizialik egingo, eta «guztiz» debekatu du herri eremuan kanpadendak jartzea. Herritarrei beste ekitaldirik ez egiteko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.