Koronabirusa. Udarako iragarpena

UDAK BIHURRI DAKAR BIDEA

Pandemia garaiko bigarren uda izanen da aurten. Azken hilabeteotan indarrean izan diren segurtasun neurriek ez dute lortu birusa uxatzea, eta, izatez, oraindik ere bada arriskuak bere hartan segitzen duela ohartarazten duen seinalerik. Ordea, iragan urteko udaren aldean, abantaila bat bistakoa da: COVID-19aren kontrako txertoa.

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Zaharrak berri. 2020. urte hasieratik, gaitzak hartuak izan dira orain arte joan diren aste, hilabete eta urtaroak. Ezinbestean, hark baldintzatuak izan dira herritarren bizitzen esparru gehienak; izan birusaren zuzeneko ondorioengatik, izan hari kontra egiteko neurri murriztaileengatik. Gaur egun, udaberriaren hondarrean, ailegatzear den udari zuzenduak dira begirada asko eta asko. Erne dira, pandemia garaiko bigarren udan izurriteak berekin zer ekarriko zain.

Orain urtebeteko datuak ikusirik, 2020ko udak ez luke eredu izan beharko. Aditu eta agintari hainbatek argitu dute testuingurua oso bestelakoa dela aldi honetan: batik bat, txertoa izan daiteke itxaropenerako argi izpi, bilakaera hain iluna izan ez dadin. 2020an, udaberriko konfinamenduaren eta neurrien arintze mailakatuaren ondotik hasi zen birusa berriz harrotzen, bidea nabarmen malkartzen, uztaileko lehenbiziko astean pandemiaren bigarren olatu esan zitzaion garai hartako goraldiari. Kasurako, ekainaren 30ean eguneko 17 kutsatu atzeman ziren Hegoaldean; bi hilabeteren buruan, egun bakoitzean detektatu ziren positibo kopuruak etenik gabe egin zuen gora, eta, hamalau eguneko datuak aintzat hartuta kalkulatutako batezbestekoari dagokionez, 700dik kasu gora izan ziren. Dena dela, aldagai horri so, aipatzekoa da uda hasieran oraindik ere aski apala zela egun bakarrean egiten zen test kopurua, horrek ezinbestean baldintzatzen baitu zenbatutako kasu kopurua. Edonola ere, transmisioaren larriagotzea bistan gelditu zen ospitaleetako presioan: ekainaren 30ean 11 pertsona ziren ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; irailaren lehenean, 48. Udak aski nabarmen oldartu zuen COVID-19a.

Lehen ez zirenak, orain bai

Iazko udan, mugak abiada handiz leundu ziren; artean, ez zen COVID-19aren kontrako txertorik, eta, gainera, inork gutxik jartzen zuen maskara Euskal Herrian. Musua estaltzeko erabilera pixkanaka joan zen zabalduz, eta udaren bigarren erdira arte ez zen derrigorrezkoa izan aire zabalerako. Aurten, bizi-bizi da neurri horren gaineko eztabaida: gero eta ozenagoak dira espazio publikoetan maskara jartzea behartzen duten arauak malguagoak behar luketela dioten bozak. Maskararik gabe, noiz? Besteak beste, gaixotasun infekziosoen prebentzio eta kontrolerako Europako eta AEBko zentroek apirilean argitaratutako txosten batean adierazi zuten txertoaren pauta osatu duten pertsonek maskararik gabe ibiltzeko aukera izan beharko luketela egoera jakin batzuetan. Tankera horretako jarraibideei segika, munduko zenbait herrialdek pausoak eman dituzte neurrien leuntzean; Euskal Herrian, oraindik ez da egin urrats askorik. Halere, osasun agintariek argitu dute arauaren gaineko erabakiak zuzenean lotuak izanen direla txertaketa mailarekin. Adibidez, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariaren esanetan, herritarren %70 txertatua izatean egiten ahalko da leuntzera; kanpoalderako soilik, aurrena.

Aitzitik, joan-etorriak zabaltzeari dagokionez, Europako Batasunak arintze neurriak hobetsi ditu, turistei ateak irekitzeko eta joan-etorriak errazteko, muga batzuk ezarriko diren arren; COVID-19aren ziurtagiria, adibidez.

Hala, datozen hilabeteetako bidean, txertoa da aurrera egiteko erregaia; immunitatea, berriz, desiratutako helmuga. Hegoaldean, Espainiako Osasun Ministerioaren informazioaren arabera, txertaketak joan den asteko erritmoari eutsiko balio, abuztuaren 23an erdiets liteke biztanleriaren %70ek gutxienez dosi bat hartua izatea. Lorpen garrantzitsua litzateke, zenbait adituk zehaztu baitute %70era iristea inportantea dela talde immunitatea lortzeko bidean. Mugarria erdibidean da gaur egun: %43k hartu dute txertoren bat. Iparraldean, berriz, beste parametro batzuk dira eskuragai txertaketaren erritmoa neurtzeko; dena dela, txertatzen ari diren adin tarteei dagokienez, Hegoaldeari aurrea hartuta dira Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa. Izan ere, 12 eta 18 urte artekoak txertatzeari ere ekingo diote ekainaren 15etik aitzina Hego Euskal Herrian, 40-49 urte artekoak txertatzen hasiko dira bihartik. Gainera, Frantziako Gobernuak emandako datuen arabera, egungo erritmoari eutsiz gero, azaroaren 9an Ipar Euskal Herriko 18 urtetik gorako biztanle guziek izanen dute dosi bat hartuta.

ANA MARIA GARCIA.  Osasun publikoko katedraduna

«Birusa ez da desagertuko; harekin bizitzen ikasi besterik ezin dugu egin»



Aurten bai, Ana Maria Garcia Valentziako Unibertsitateko Osasun Publikoko katedradunak baikortasunez egiten dio so udari, 2020an ez bezala. Haren ustez, iazko egoera eta gaur egungoa «guztiz desberdinak» dira, eta hori bi faktoreri zor zaio: birusaren kontrako txertoari eta herritarren jokabide arduratsuei.

Halere, Garciak errealistatzat du bere burua, eta aitortu du aise aurreikus daitekeela gaitzaren intzidentzia maila handitu eginen dela udan, hori gertatzen baita, haren esanetan, joan-etorriak eta harreman sozialak areagotzen diren aldiro. Hala ere, ez du espero bat-bateko goraldi handirik: «Ez da alderagarria izanen iazko udan izandakoarekin, are gutxiago Eguberrietakoarekin».

Iaz, Garciak Espainiako Gobernua aholkatu zuen, udaberrian, itxialdia arintzeko modua ontzeko. Aurtengo leuntze prozedurari buruz, uste du ezin saihestuzkoa zela pausoak ematea, hein batean behintzat. «Soilik medikuen arrazoiei begiratuko bagenie, pentsatuko genuke hobe dela beste hiruzpalau hilabete egotea neurriak kasik arindu gabe, baina, errealitatean, hori ez da posible». Gainera, gauza gehiago egiteko baimena izanik ere, jendearen jokabideak zein diren ikusteak franko lasaitzen du Garcia: «Nire irudipena da gehienek ikasi dutela beren burua eta ingurukoak zaintzen, hedabideek pandemian egiten diren festa kaotikoak erakusten badizkigute ere». Maskarari dagokionez, sinetsia da haren gaineko araudia malgutu ondotik ere batzuek berdin segituko dutela maskara janzten.

Halere, birusaren aldaerek eta immunitatearen iraupenak kezkatzen dute Garcia: «Birusa ez da desagertuko; harekin bizitzeko modua bilatu beharko da, eta ez dakigu horrek zehazki zer ekarriko duen». Abisua eman du: «Ikusiko da; gaitz honek aski sorpresa eman dizkigu jadanik».

ANA GALARRAGA. Elhuyar Zientzia

«Maskara, aireztatzea eta distantzia; hirutik bi behar ditugu, beti»



Txertaketak goitik behera aldatu du testuingurua, Ana Galarraga Elhuyar Zientziako dibulgatzailearen iritziz: egun, txertoak baldintzatuak dira birusari kontra egiteko ezarriko diren arauak, herritarren portaerak eta izurritearen bilakaera aztertzeko erabiltzen diren parametroak; izan da aldaketarik. Izan ere, Galarragaren esanetan, orain arte intzidentzia tasa metatuei egin zaie so egoera epidemiologikoa neurtzeko, aldagaiak adierazten duelako zer neurritakoa den birusaren hedapena, eta horrek lotura zuzena zuelako ospitaleen presioarekin eta gaitzak utzitako heriotza kopuruarekin. Ordea, zientzian adituak ohartarazi du lehen hain zuzenekoa zen erlazioa hori «puskatu» egin dela. «Aurretik bizitakoek erakutsi digute intzidentzia handitu egingo dela, baina ez dakigu horrek zer beste ondorio ekarriko duen aurtengo udan», azaldu du. Haren ustez, «mutazio arriskua» izan liteke; azaldu duenez, birusaren zirkulazioa gero eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa baita mutatzeko probabilitatea.

Bestalde, Galarraga nahiko mesfidati da talde immunitatea erdiesteko hainbat adituk ezarritako mugarriaren inguruan: esana da herritarren %70ek dosiren bat hartu izatean lor daitekeela. Galarragaren iritziz, ehuneko hori «magikoa» da, uste baitu kanpoan uzten dituela beste zenbait faktore; hala nola eskualdeen artean izan daitezkeen aldeak. «Diferentzia demografikoek asko baldintzatuko dute toki bakoitzeko immunitatea. Txertoa beranduago iristen da jende gazteagoa bizi den tokietara, baita maila soziologiko apalagoko lekuetara ere». Hala, zernahik eraginda ere baliteke txertaketa gutxiko guneetan agerraldiak izatea datozen hilabeteetan.

Galarragaren iritziz, iazko udan kutsatzeek izandako goraldiak ez du balio izan lezio gisan. «Aurreko aldietan bezala, neurrien arintzea ez da horrenbeste oinarritu egoera sanitarioan, baizik eta irizpide ekonomikoetan». Hala eta guztiz ere, muga jakin batzuei dagokienez, arauak are gehiago leundu litezkeela deritzo: maskararen erabilerari buruzkoa. Galarragak argiki azaldu du zein den bere ustea: «Maskara, aireztatzea, eta distantzia fisikoa; beti hirutik bi betetzearekin aski da transmisioa ikaragarri jaisteko». Adibidez, aire librean eta inguruan jenderik ez den egoeretan, maskara erabiltzeak ez luke derrigorrezkoa beharko, Galarragaren esanetan.

Zientzia dibulgatzaileak uste du birusaren kutsatzeek goranzko joera izanen dutela udak aurrera egin ahala, eta, beraz, ohartarazi du balitekeela haur eta gazteek berriz ikasturteari ekin behar dioten garaia iluna izatea. «Pena da, orduko egoera epidemiologikoaren arabera diseinatuko baita ikasturtea. Zer eskatuko diegu ikasleei? Horrek kezkatzen nau».

ADRIAN AGINAGALDE. Epidemiologoa

«Neurriak azkarregi arintzen ditugula nahiko garbi geldituko da»

 

Urtea udaren atarira iritsia den honetan, Adrian Aginagalde epidemiologoak hainbat argi-itzal antzeman ditu izurriak ekarriko dituenak imajinatzekoan; hala ere irmoki dio aise aurreikus daitekeela transmisioaren goraldia nabarmena izanen dela. Ez hori bakarrik: kutsatzeak iazko udan baino are gehiago izango direnaren susmoa du Aginagaldek, abiapuntua beste bat delako, batik bat. «2020an etxeko konfinamenduaren ondoren hasi genuen uda, eta transmisio komunitarioa oso txikia zen artean. Orain, berriz, transmisioa kontrolik gabe dago». Gainera, Aginagalderen ustez, ezin esan daiteke izurriaren transmisioa orain beheranzko joeran denik: «Azelerazio zantzuak ikusten hasi gara, beste behin». Uda hasterako, beraz, larriagotze bidean da pandemia, epidemiologoak azaldu duenez, eta, hain zuzen ere, orduantxe iritsiko dira oporraldiak berekin dakartzan arrisku faktoreak.

«Udak daukan arazo nagusia da pertsonak batek dituen kontaktu kopurua handitu egiten dela, eta, gainera, harreman horiek estuagoak direla». Halaber, ohartarazi du joan-etorriak mugatu dituzten neurriak bertan behera gelditu izanak bideak ireki dituela nork bere udalerritik kanpo ere kutsatze kate berriak sortzeko. «Ospitaleetako eta heriotzekin lotutako ondorioak ez dira hain handiak izango; transmisioarenak, bai».

Dena dela, Aginagaldek uste du bilakaera, gaiztotzera egin baino gehiago, apaldu eginen dela denborarekin: «Beharbada, abuztuan edo irail hasieran dagoeneko intzidentzia maila baxuagoak izango ditugu, eta egoera hobean hartuko dugu udazkena». Bereziki txikiak edo zahartuak diren udalerrietan izango da hori horrela.

Munduko beste herrialde batzuen aldean, segurtasun neurriei dagokienez, Aginagaldek uste du Hegoaldean lasterregi alboratu direla horietako gehienak: «Nahiko garbi geldituko da azkarregi egiten dugula neurriak arintzera; Alemaniarekin eta Italiarekin konparatuta, adibidez, bistakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.