Gasteizko emisio gutxiko eremuak indarrean behar luke jada, baina atzeratu egingo da araualdia aplikatzeko eguna, oraindik araudia ez baitago guztiz onartuta. Izan ere, elkarteek eta herritarrek alegazioak aurkezteko epea oraindik irekita dago, eta horregatik atzerapena. Desadostasunak aurkezteko epe hori datorren asteartean, hilak 14, itxi ostean, erreklamazio horiek aztertu eta moldaketak egiteko aukera izango da.
Hori dela eta, udalak berriro onartu beharko du, lehenbizi batzordean, eta gero osoko bilkuran. Hori dela eta, udaberrira arte atzeratuko da ziurrenik araudia aplikatzen hasteko eguna.
Hala ere, uda amaitu arte ez da isunik jarriko, eta herritarrak informatzeko eta ibilgailuak erregistratu ahal izateko epe bat egongo da. Horiek horrela, emisio gutxiko eremua indarrean beranduen sartuko den hiriburua da Gasteiz, Hego Euskal Herriko gainontzeko hiru hiriburuetan indarrean baitago jada. 50.000 biztanletik gorako udalerri guztiek ezarri behar dute halako gune berezi bat, eta hiriburuen ostean, Getxo (Bizkaia), Barakaldo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa) dira neurri hori hartzeko falta diren udalerriak.
Pasaerako trafikoa mugatu nahian
Gasteizko emisio txikiko eremuaren nahi handienetako bat da gunearen barruan bertan beharrezkoa ez den trafikoa ezabatzea; horretarako, baimendutako ibilgailu batzuk soilik sartu ahal izango dira bertara. Horiek dira egoiliarrak, aparkatzera doazen autoak, zerbitzu eta merkataritza establezimenduetako langileak, zamalanetarako eremua erabiltzen duten ibilgailuak, larrialdietako zerbitzuak eta mugikortasun murriztukoen aparkalekuak erabiltzeko baimena duten autoak.
Baldintza horiek beti beteko dira, baina fase bakoitzean zerrendara gehituko dira erregaiaren eta matrikulazio urtearen araberako auto batzuk. 2025etik 2027ra ez zaio begiratuko ingurumen etiketari, baina 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezingo dira sartu B etiketa duten autoak ere —2001 baino lehen matrikulatutako gasolina autoak eta 2006 aurretik matrikulatutako gasolio ibilgailuak—, nahiz eta egoiliarrenak izan. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, C etiketadun autoak gehituko zaizkie —2006 baino lehen matrikulatutako gasolina autoak eta 2014 aurretik matrikulatutako gasolio ibilgailuak—.
Eremu zehatza
Gasteizko emisio gutxiko guneak gehienbat Alde Zaharra hartuko du, baita zabalguneko zenbait kale ere. Kale hauek mugatuko dute eremua: Arriagako Atea, San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ortiz de Zarate, Dato, Florida, Ramon y Cajal, Luis Heintz, Magdalena, Vicente Goikoetxea, Zerkabarren eta Jesusen Zerbitzarien kalea. Hiru fasetan ezarriko dute eremua: 2025 hasieratik 2027ra; 2027 hasieratik 2030eko hasierara, eta 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera azkena.