Ubarretxenarentzat «lehentasunezkoa» da Gernikako Estatutua osorik betetzea

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeen esku utzi du beste estatus bat lortzeko lanketa, eta gobernua bidelagun izango dela gehitu.

Maria Ubarretxena, kargua hartu zuen egunean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Maria Ubarretxena, kargua hartu zuen egunean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko uztailaren 3a
12:25
Entzun

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eleduna sinetsita dago Gernikako Estatutua beteko dela legealdi honetan, eta «estatus berri bat» lortuko dela, Euskadi Irratian eman duen lehen elkarrizketan adierazi duenez. Ubarretxena Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburua ere bada, eta zera gehitu du: «Gernikako Estatutua osorik betetzeko transferentziak osatzea lehentasunezkoa da nire sailean, eta laster betetzea espero dut. Sanchez presidenteak horretarako konpromisoa hartu zuen, eta hori betetzea espero dugu». EAJk PSE-EErekin egindako gobernu ituna eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak inbestidurarako babesa lortzeko EAJrekin egindakoa aipatu ditu berme gisa, bietan jasota baitago Gernikako Estatutua osorik beretzeko konpromisoa.

Estatusari dagokionez, Eusko Legebiltzarreko taldeen esku utzi du zeregina. Uste du badaudela zumeak akordio zabal bat lortzeko, eta esan du bere sailaren eta gobernuaren zeregina laguntzea izango dela, baina, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan zuena gogoratuz, legebiltzarreko alderdien esku utzi du beste estatus bat lortzeko lanketa.

Gobernu berria «gogotsu eta indartsu» dagoela azaldu du. «Ausart» aritzeko eskatu die Pradalesek, eta Ubarretxenak azaldu du badela horretarako grina: «Taldea berria da, politikan aritu ez den jendea ere bada, eta horrek berrikuntza ekarriko du ezinbestean». Lantalde berriari dagokionez, euskaraz aritzeko gaitasunaz galdetu dio kazetariak Ubarretxenari: «Zenbat dira euskaldun osoak, edo beste era batera esanda, zenbat dira gai gaur zuk egin duzun bezala ordu erdiko elkarrizketa bati eusteko?». Denak jo ditu euskalduntzat Ubarretxenak, euskal hiztunak ez izan arren: «Euskaldunak denak dira, baina euskal hiztunak ez denak. Baina euskararekiko jarrera ona dute, eta administrazioan euskararen normalizazioan lanean segituko dugu».

Urdaibaiko Guggenheim museoaren egitasmoa ere izan du hizpide. Berretsi du PSE-EErekin adostutako gobernu itunean dagoela, eta gogoratu «ingurua biziberritzeko» planaren barnean sartzen dela egitasmo hori. Azken hauteskunde deialdietan, EAJk boto asko galdu ditu Busturialdean.

Osakidetza ere izan dute hizpide, azken Deustobarometroaren arabera horixe baita herritarren artean kezka handiena eragiten duen gaia. Osasun sailburu berria defendatu du. Alberto Martinez Ruiz Osakidetzan aritua da, urte luzez anestesista ibilia, eta lantalde handi baten gidari ere izan da. «Elkarlanean aritzeko prest dago, eta emaitzak azkar ikusiko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.