Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Mahai ingurua

U-22, akordiorako garaia

Politika publikoak produkzio sektoreetan oinarritzeko adostasuna eskatu dute Zelaiak eta Malagonek Berria TBnEtengabe Espainiarekin alderatzeak neurri okerrak eragin dituela uste dute

Adrian Zelaia Ekai Centerreko presidentea, ezkerrean, eta Eduardo Malagon EHUko irakaslea, eskuinean, atzo, Andoainen . GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Andoain
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Urriaren 22a, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen biharamona. Inkestek diote EAJko Iñigo Urkulluk eta EH Bilduko Laura Mintegik lortuko dituztela boto gehien, baina ez batak zein besteak ez dutela beharrezko gehiengorik izango bakarrik gobernatu ahal izateko. Beraz, Eusko Jaurlaritza osatzeko akordioa edo legegintzaldirako akordioa lortu beharko dute edo, akordiorik ezean, beharrezko gehiengorik gabe gobernatu, oposizioko alderdien mende.

Horiek guztiak hauteskundeen osteko kalkuluak dira. Eduardo Malagon EHUko irakaslea eta Adrian Zelaia Ekai Centerreko presidentea, baina, hauteskunde osteko kalkuluetatik haratago joan ziren atzo, BERRIAk hauteskundeei begira Berria Telebistan ekonomiaz antolatutako mahai-inguruan. Hauteskundeak eta gero herrialde mailako akordioa behar dela uste dute, alderdien —irabazlea eta galtzaileak— eta gizarte eragileen artean —sindikatuek eta enpresarien elkarteak—.

«Egoera azken 40-50 urteetako larriena da», Malagonen iritziz, eta «sekulako arduragabekeria» litzateke alderdiek akordioa lortzeari uko egitea. «Diagnostiko sakona» egin eta «helburu estrategikoak» eskatu ditu, «10-15 urte barrurako herrialde proiektua zehazteko».

EHUko Ekonomia irakasleak ñabardura bat gehitu du: adostasunak ahalik eta zabalena izan behar duela, baina ez duela ezinbestean erabatekoa izan behar, nahikoa dela gehiengo batek bidea ezartzea.

Baina akordioa eta gehiengoa zertarako? Malagon eta Zelaia bat datoz: politikak produkzio sektoreetan oinarritzeko. Horregatik, ohartarazi du Zelaiak, beharrezkoa da politikariek ikuspuntua aldatzea. «Orain arte politikariek, bai gobernuan, bai oposizioan, ahalegin gehienak kontu publikoetako sarrerak eta gastuak orekatzera bideratu dituzte», dio. «Hori garrantzitsua da», onartu du, «baina ez garrantzitsuena, arazo garrantzitsuenak produkzio egituran daude».

Beste era batera esanda, orain arteko gobernuek epe motzeko ikuspuntua izan dutela, eta ez dituztela bultzatu epe erdira edo luzera begira etekinak sortzen dituzten politikak hezkuntzan, prestakuntzan, I+G+(b)-an eta sektore teknologikoetan. «Hor inbertitu behar da», nabarmendu du Malagonek. «Krisia hasi zenean ahalegin hori egin bagenu», gehitu du Zelaiak, «une honetan etekinak jasotzen arituko ginateke».

Zelaiak, neurri batean, uste du ikuspuntu desegokia Eusko Jaurlaritza okerreko ispiluan begiratu izanaren ondorio dela: Eusko Jaurlaritzak bere burua Espainiako autonomia erkidegoekin alderatu duela, Europako Batasuneko eskualdeekin alderatzea dagokionean. Ia aldagai guztietan dago Espainiako autonomia erkidegoak baina hobeto,; baita Europako Batasuneko eskualde asko baino okerrago ere. «Euskal Herriaren eta Espainiaren arazoak ezberdinak dira eta, beraz, irtenbideak ere bai», Zelaiaren esanetan.

Afrikaren pareko industria

Malagonek zehaztu du industriaren pisua %20-25ekoa dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinean (BPG), eta %8a baino txikiagoa Espainiako zenbait autonomia erkidegotan, «Afrikako zenbait herrialdetan baino apalagoa». «Beraz», jarraitu du Zelaiak, «ikerketan horiek baino gehiago inbertitzen duzula esatea ezer ez esatea da».

Errua, baina, ez diote leporatu Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzari bakarrik, baita oposizioari ere, «ez dutelako beharrezko sentiberatasunik izan gaitasun teknologikoa handitzeko erreformak bultzatzeko».

Arazoa, baina, Malagonen eta Zelaiaren iritziz, ez da Eusko Jaurlaritzarena bakarrik, baita oposizioko alderdiena ere. Norabidea «galduta» edukitzea eta «benetako arazoak nahastea» leporatu die Zelaiak.

Akordioa, ikuspuntu aldaketa, ez dela erraza izango aurreratu du Zelaiak, «alderdiak ez baitaude zentratuta benetako gauza garrantzitsuetan, eta alderdiek asko aldatu beharko dutelako».

EHUko Ekonomia irakaslea eta Ekai Centerreko presidentea ez dira itun estrategiko bat eskatu duten lehenak eta bakarrak. Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak ere itun zabal bat eskatu du, 1980ko hamarkadakoaren parekoa, krisitik atera ahal izateko. Adegik ituna lan kostuak merkatzeko nahi duela dio Zelaiak, sindikatuak eta alderdi politikoak lan kostuak merkatzean inplikatzeko. «Baina lan kostuena, sektore eta enpresa jakin batzuk kenduta, ez da funtsezko arazoa guretzat, arazoa maila teknologikoan, hezkuntzan eta prestakuntzan daukagu», Zelaiaren iritziz.

Zelaiak gogora ekarri du ELAk, Eurostaten datuetan oinarritua, iragan ostiralean kaleratutako datua: lan egindako ordu bakoitzaren kostua batez beste 27,6 eurokoa da eurogunean, 24,7 eurokoa EAEn, 23,1ekoa EBn eta 22,9koa Nafarroan.

Oinarrizko adostasun batzuk jada lortu direla uste dute Malagonek eta Zelaiak: alde batetik, diru kontu publikoak orekatu beharra; bestetik, baita zergak igo beharra ere. «Beste kontu bat da ze neurritaraino egin nahi duten», zehaztu du Zelaiak. Malagonek uste du badagoela zer aldatua zerga sisteman. EHUko Ekonomia irakasleak zerga sistemari eta politikari buruzko kontsentsua eskatu du Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien artean (aldundiak arduratzen dira zergak biltzeaz).

Finantzak ekonomiaren esku

Herrialdeen ekonomian funtsezkoa da bertako finantza sektorea. Baita Euskal Herrian ere. Malagonek eta Zelaiak produkzio sektoreetan oinarritzeko eskatu diote finantza sektoreari. Finantza sistemari dagokionean, Zelaiak berriro ere bereiztu egin ditu Euskal Herriko eta Espainiako egoerak: «Espainian berregituratu egin behar dute; hemen, aldiz, babestu, osasuntsua delako eta bere zorpetze maila ez baita oso handia».

Kritikoak dira, batez ere, Kutxabankek urteotan izandako ibilbidearekin, produkzio sektoreetan oinarritu beharrean finantza sektorean oinarritzeagatik. «Egitura produktiboaren mende» jarri behar dutela uste du Zelaiak, «funtsezko helburu politikoa izan behar du». Bai ekonomiari laguntzeko, baina baita finantza erakundeei ere, «beren etorkizuna egitura produktiboari lotuta baitago, etorkizuna inguruko enpresetan baitute». Malagonen iritziz, Eusko Jaurlaritzak finantza erakundeetako arduradunei eskatu behar die «produkzio sarea finantziatzeko, eta ez sartzeko bestelako abenturatan».

Mahai inguru hau ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.